Eginiko bideaz harro eta etorkizunari begira: mendeurrena ospatu du Osokik

Tolosaldeko Ataria

Tolosako Osoki Osasun eta Gizarte Lanbide Ikastola Integratuak mendeurrena ospatu du ikastetxearen ibilbidea, gaur egungo hezkuntza proiektua, eta etorkizuneko erronkak partekatzeko egindako ekitaldi berezian. 

Tolosako Osoki Osasun eta Gizarte Lanbide Ikastola Integratuak –Inmakulada ikastola zenak– mendeurrena ospatu du gaur. Gaur egungo hezkuntza proiektuaz eta etorkizuneko erronkez aritu dira zentroak bi mugarri bete dituela baliatuz. «Alde batetik, azken 30 urteotan Osokik islatzen duen proiektuaren inguruan egindako bidea ospatzen dugu, eta, bestetik, aurreko 70 urteek ekarri duten ondarea, esperientzia eta ausardia nabarmendu nahi ditugu», esan du Ana Monge zuzendariak. «Gaur ospatu nahi dugu nor garen, nondik gatozen eta nora joan nahi dugun. Azken 30 urteotan eraiki duguna 70 urteko historia, lan eta ikaskuntza prozesu baten emaitza. Gaur hemen gaude, hein handi batean, aurretik lan egin zuten pertsona haiei esker. Horregatik, gaurko ospakizuna aukera ona da haiek guztiak gogoratzeko eta eskertzeko». Gogoratu du 2026-2027 ikasturtearekin batera, Inmakulada Lanbide Ikastolak izen eta nortasun berria hartu duela: Osoki Osasun eta Gizarte Lanbide Ikastola Integratua. Helburu berberak dituela gehitu du: inguruarekin konektatu eta, etorkizunera begira jarrita, ikasleei formakuntzarik onena ematea.

Mendeurrena ospatzeko ekitaldia ikastetxean bertan egin dute, eta orain artean egindako bideari aitortza egin zein etorkizuneko erronkak partekatzeko bildu dituzte hezkuntza eta erakunde ordezkariak, sektoreko eragileak eta egungo zein garai bateko ikasleak. Besteak beste, bertan izan dira Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordea, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea. 

Egindako ekarpena

Ekitaldiak aukera eman du zazpi hamarkadako ibilbidean zehar atzera begiratzeko, ikastetxearen bilakaera eta ingurunean egindako ekarpena aitortzeko, eta datozen urteetarako erronkak zein proiektuak ezagutarazteko. Urte hauetan guztietan, ikastetxeak bere hezkuntza eskaintza eta jarduera zabaldu ditu, gizartearen eta lan merkatuaren beharretara egokituz eta osasun eta gizarte arloko profesionalen prestakuntzan egindako lana sendotuz.

Ekitaldian nabarmendu dute Osoki izendapen berria, urte hauetan guztietan garatutako proiektuaren bilakaeraren eta etorkizuneko ikuspegiaren isla dela. «Osoki osasun eta gizarte arloko zikloetan espezializatutako Lanbide Heziketako ikastola integratu eta itundua da. Gipuzkoa osoko ikasleei, enpresei, administrazio publikoei, hezkuntza erakundeei eta gizarte eragileei erantzuten die, arlo pertsonalean, sozialean eta profesionalean langile trebeak eta euskaldun eleaniztunak prestatuz».

Ikastetxearen bilakaeraren ardatzetako bat etengabeko hobekuntza eta berrikuntza pedagogikoa izan direla nabarmendu dute, eta gogoratu dute 2010-2011 ikasturtean hasitako eraldaketa metodologikoaren bidez ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdigunean jartzeko urratsak egin dituela. «Proiektuetan sinesten dugu, baina, batez ere, jardun ildo horien atzean dagoen pedagogian. Urte hauetan ahalegin eta baliabide ugari eskaini dizkiogu gure jardun pedagogikoa aberasteari eta etengabe hobetzeari», azaldu du Mongek. Etapa berri horretan, ikastetxeak osasun eta gizarte arloko Lanbide Heziketan aitzindari izaten jarraitzeko eta Euskal Herrian erreferentziazko ikastetxe euskalduna izateko konpromisoa berretsi du.

Pertsonak eta balio sozialak erdigunean

Osokiren proiektuaren ardatzetako bat ingurunearekin duen lotura eta gizartearen beharrei erantzuteko konpromisoa direla nabarmendu du zuzendariak, eta gehitu du horren erakusgarri direla ikastetxeak urte hauetan guztietan garatutako berrikuntza eta lankidetza proiektuak; besteak beste, Adinberri eta Tolosaldearekin batera landutako Teleadin proiektua, Dementzia Bizitzen ekimena, eta Tolosako Udalarekin, Buru Bihotzez elkartearekin zein beste hainbat eragilerekin elkarlanean garatutako beste egitasmo batzuk. Era berean, Josi eta Josi proiektu berria ekarri du gogora, auzora begirako eta ekonomia zirkularrean oinarritutako ekimena, ikasleak eta herritarrak elkartzen dituena.

Horrez gain, ikastetxeak duen lankidetza sare zabalaz aritu dira, eta hainbat eragile aipatu dituzte: Osakidetza, Asuncion Klinika, Mutualia, Legaia, Matia Fundazioa, IMQ, Gureak, Gautena, Aspace eta Uliazpi, besteak beste. «Ezin dugu Lanbide Heziketa ulertu ingurunearekin etengabeko harremanik gabe. Enpresekin, erakundeekin eta gizarte eragileekin batera eraikitzen dugu gure proiektua, haien beharrak ezagutuz eta ikasleei benetako lan mundura gerturatzeko parada eskainiz. Elkarlan hori indartzen jarraitu nahi dugu Tolosatik bertatik», esan du Mongek.

Ingurunearekin duen loturaz gain, nazioartekotzea eta digitalizazioa ere etorkizuneko garapen ildo nagusien artean kokatzen dira. Erasmus+ programaren bidez, ikasleek eta langileek beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutzeko eta beste hezkuntza errealitate batzuetatik ikasteko aukerak izan dituzte. Aurrera begira, nazioarteko esperientzia horiek zabaltzea eta ikasle gehiagorengana iristea izango da erronketako bat.

Pertsonen ongizatea eta inklusioa, etorkizuneko erronka

Osokiren etorkizuneko proiektuaren oinarrietako bat pertsonen ongizatea dela esan dute. Ikastetxeak, ikasleen garapen akademiko eta profesionalaz gain, ikasleen, langileen eta hezkuntza komunitate osoaren ongizatea zaindu nahi du, espazio seguru, gertuko eta konfiantzazkoa eraikiz. «Guretzat ongizatea ez da helburu osagarri bat. Gure proiektuaren oinarrietako bat da. Gure benetako altxorra pertsonak dira: ikasleak, langileak eta gure komunitatea osatzen duten guztiak».

Ildo horretan, inklusioa izango da datozen urteetako erronka nagusietako bat. Ikastetxeak kultura, hizkuntza, adin eta bizi esperientzia desberdinetako pertsonak elkartzeko eta guztiek hezkuntza komunitatean parte hartzeko abaguneak sortzen jarraitu nahi du. Era berean, komunitatearen izaera demokratikoa indartzea eta proiektua guztion artean eraikitzea ere izango ditu helburu. «Arrakasta ez da soilik enplegua lortzea edo enpresen aitortza jasotzea. Arrakasta da pertsona bakoitzak bere bidea egin ahal izatea, bere gaitasunak garatzea eta gizartean parte hartzeko aukerak izatea».

Azken 30 urteotan egindako bideak eta 100 urteko ibilbideak emandako izaera zein esperientziatik abiatuta, Osokik etorkizunera begira jarri nahi du orain, osasunaren eta gizarte zaintzaren arloetako beharrei erantzuteko profesional kualifikatuak prestatzen jarraitzeko. Egindako bidearen aitortza eta etorkizuneko konpromiso berriak uztartuta, etapa berri bati ekin dio horrela Tolosako ikastetxeak: Osoki Osasun eta Gizarte Lanbide Ikastola Integratuaren aldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!