Ikastetxeko arduradunek esan dute izen eta marka berriak «etorkizunera begirako hezkuntza proiektua indartzen duen etapa berri bati» ematen diola hasiera. «Zentroak duen hezkuntza proiektu propioaren isla dira, eta bat egiten dute ikastetxeak duen bilakaerarekin, nortasunarekin eta helburuekin; hau da, osasun eta gizarte arloko beharrei erantzuteko profesional kualifikatu euskaldunak prestatzea», esan du Ana Monge zuzendariak.
Osoki zentroak Gipuzkoa osoko ikasleei, enpresei, administrazio publikoei, hezkuntza erakundeei eta gizarte eragileei ematen die zerbitzua, «arlo pertsonalean, sozialean eta profesionalean langile trebeak eta euskaldun eleaniztunak prestatuz». Baina lurraldeaz harago, Euskal Herri osoan izan nahi du erreferente, eta badituzte proiektuak Espainiara zein Europara begira ere.
Aro berri bat
Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolaren azalberritzeak aro berri bati hasiera ematen diola esan du zuzendariak, inguruarekin konektatuta eta etorkizunera begira dagoena, hain zuzen. «Osoki Osasun eta Gizarte Lanbide Ikastola Integratua egitasmo bizia da, zutarriak ondo finkatuta dituena, sustraiak sendo, baina garai eta erronka berrietara egokituta dagoena. Gure proiektua Lanbide Heziketa soziosanitarioaren eremuan sendotzen jarraitu nahi dugu. Hori horrela, horren isla izango zen izen eta marka berria behar genituen. Egin dugun azalberritzeak oso ongi jasotzen du hori guztia».
Etapa berri horri helburu argi batekin eman diote hasiera: gizarte eta osasun zikloetan puntako ikastetxe euskalduna bilakatzea, erreferentziazkoa izanik Gipuzkoa osoan eta pertsonak zein balio sozialak erdigunean dituen eredu propio baten bitartez. «Bikaintasuna, ekintzailetza, konpromiso soziala, gertutasuna, komunitatea eta berrikuntza dira ardatz. Egiteko modu propio hori eta balio horiek Osokiren proiektuaren parte dira, eta haren jarduera bere osotasunean bideratu eta zipriztintzen dute», gaineratu du zuzendariak.
Ikasturtearen hasierarekin batera, izen berria eta identitate berria pixkana presente egongo dira ikastetxeko espazio eta kanaletan, ikasleak, familiak, irakasleak, enpresak eta hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile guztiak etapa berrian elkarrekin barneratu daitezen. Halaber, hezkuntza zentroko merchandising berria ere eskuragarri egongo da gaurtik aurrera.