Tolosako Alliri kaleko eta 1, 2 eta 3 zenbakietan kokatuta eta Adaniaren esku dauden etxebizitzetan bizi diren maizterrek adierazi dute LAB sindikatuarekin batera antolatzen hasi direla. Hain justu, sindikatuaren Etxebizitza Asanbladaren barruan antolatzen hasi dira, eta Alliri Kaleko Sail Sindikala eratzea erabaki dute.
Astelehenean asanblada irekia egin zuten, eta bertan zehaztu zuten aurrerantzean jorratu beharreko ibilbidea. «LABekin harremanetan jarri gara, etxebizitzek Babes Ofizialeko Etxebizitzen kalifikazioa galdu ondoren, bertan bizi garenok Adania Gestion enpresaren aldetik presioa jasotzen ari garela salatzeko», azaldu du Leire Izagirre bizilagunak eta LABen Etxebizitza Asanbladako kideak.
Alokairuen kontratuak sinatu zituztenean Etxebide zerbitzuaren zerrendetan zeuden Alliriko bizilagunak. Sociedad Residencial Langa enpresa zen etxebizitzen jabea, baina gerora, Adania Gestion enpresa igaro zen bizitokien jabe izatera. Joan den urtarrilaren 26an, ordea, etxebizitza babestuen baldintza galdu zuten haien bizitokiek, hogei urteko hitzarmena amaitu ondoren, eta orain, etxebizitza merkatuko prezioan saldu edo alokatu ditzake sustatzaileak. Bada, Eusko Jaurlaritzari bitartekari lanak egiteko eskatu diote, baita etxebizitzak espropiatzea, Adaniaren desjabetzea eta Alliri kaleko 1, 2 eta 3 ezkaratzetan bizi diren 21 familiei alokairu soziala ezartzea.
Igoera mugatuen eskaera
Etxebizitzak merkatu pribatura igaro direla aprobetxatuz, «alokairu-kontratuen prezioak igotzeko mehatxua mahai-gainean» dutela azpimarratu du Izagirrek. «Adania Gestion Euskal Herriko etxejabe handiena da, eta gure bizitzekin jokatzea erabat bidegabea iruditzen zaigu». Haien etxebizitzek BOE kalifikazioa galdu ondoren, «merkatu espekulatibora» pasatu direnez, Adaniak «gehiegizko egoera ezartzen duten kontratu berriak» proposatzen dizkietela esan dute. «Kasu gehienetan 300 euro inguruko igoera suposatzen dute».
Lehen urrats gisa, alokairu-kontratu berrien baldintzei buruzko negoziazioa irekitzeko eskatu diote Adaniari. «Indarrean dagoen 29/2026 Etxebizitza Dekretua baliatuko dugu alokairuen luzapena eskatzeko. «Onartezina da diru publikoaren laguntzaz eraiki ziren eta urte hauetan zehar alokairura bideratu diren etxebizitza sozialekin espekulatzea. Alokairu soziala aldarrikatzen dugu, baita etxebizitzek maizterron diru-sarreren araberako prezioak ezarrita izatea ere. Gune tentsionatua da Tolosa, eta, horrenbestez, alokairuen igoerak mugatuta egon behar du».
LABen Etxebizitza Asanbladako kideak gaineratu du haiena ez dela «kasu isolatua», eta Gasteizkoa jarri du adibide modura. «Babes Ofizialeko Etxebizitzen kalifikazioa galdu duten ehunka etxe Adaniaren esku geratu direnean, hark izugarri igo dizkie prezioak, maizterren kontura irabazi gehiago izateko». Han ere maizterrak antolatuta daudela gogoratu du,eta borroka sindikala egiten ari direla.
Udalarekin kontaktuan
Izagirrek adierazi du Tolosako Udalak baduela Alliri Kaleko Sain Sindikalaren berri, eta udala bera Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri dela egoerari buruz hitz egiteko. «Esan digutenez prest daude Adaniarekin hitz egin eta akordio batera iristeko. Oraingoz salaketa bat jarri diote etxejabeari, eta gu erantzunaren zain gaude».
Azkenik, azaroaren 11n, Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak aldarrikatzeko deitutako greba orokorrean parte hartu eta kaleak betetzeko deia luzatu dute.