Alliriko zenbait maizter kezkatuta daude, alokairuen kontratuengatik

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko apirilaren 16a

21 etxebizitza daude Alliri pasealekuko 1, 2 eta 3 zenbakietan; batzuk hutsik daude. J. A. D.

Aurten amaitu zaie 20 urteko hitzarmena, etxebizitzek babes publikoko kalifikazioa galdu dute, eta orain libreak dira; bizilagunak hasi dira ondorioak jasaten prezioan.

«Engainatuta, babesgabe eta desinformatuta». Hala sentitzen dira Alliri pasealekuko 1, 2 eta 3 zenbakietako Babes Ofizialeko Etxebizitzetako maizterrak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin. Alokairuen kontratuak sinatu zituztenean Etxebide zerbitzuaren zerrendetan zeuden Alliriko bizilagunak. Sociedad Residencial Langa enpresa zen etxebizitzen jabea, baina gerora, Adania Gestion enpresa igaro zen bizitokien jabe izatera. Joan den urtarrilaren 26an, ordea, etxebizitza babestuen baldintza galdu zuten haien bizitokiek, hogei urteko hitzarmena amaitu ondoren, eta orain, etxebizitza merkatuko prezioan saldu edo alokatu ditzake sustatzaileak.

Eusko Jaurlaritzak lege berri bat atera zuen –Madrazo legea– etxebizitza publikoek kalifikazioa galdu ez zezaten, baina 2007an sartu zen indarrean, eta Alliriko etxeak 2006koak dira; beraz, ez ziren iritsi lege hori aplikatzera. Maizterrek ez dute ahazten Etxebide zerbitzuaren eskutik lortu zutela etxebizitza. Zerbitzu horrek, ordea, dagoeneko ez dauka zerikusirik Alliriko etxeekin, babes publikoko kalifikazioa galdu dutelako; beraz, orain etxe libreak dira.

Bizilagunek esan dute dagoeneko hasi direla baldintza aldaketaren ondorioak jasaten: «ia % 30 garestituko zaigu alokairu prezioa». Kontratuak amaitu arte, enpresak 600 eta 650 euro arteko errentako alokairu babestuak mantendu zituen maizterrekin. Batzuek zazpi urtez hileko 850 euro ordaintzea adostu dute Adaniarekin. Beste batzuek, berriz, urtebeteko luzapena egin zuten iaz, eta ordura arteko prezio bera ordaintzen ari dira, baina urte honetan zehar amaituko zaie luzapena, eta aurrerantzean 950 eurora arteko kuota ordaintzera iritsi daitezke.

Zenbait maizterrek nabarmendu dute «gehienak diru-sarrera apaleko familiak» direla, eta ezinezkoa izango litzatekeela prezio horri aurre egitea. «Hogei urte daramatzagu hemen, eta hori kontuan izan beharko lukete», esan du bizilagun batek. «Beste kasu batzuetan, hipoteka ordaintzea merkeagoa izango da. Gaur egun, errazagoa da etxebizitza libre batean bizitzea babes ofizialekoan baino. Zer laguntza ematen ari dira erakundeak?», gaineratu du beste batek.

Etxebide zerbitzuaren plaka, Alliri pasealekuko 3. zenbakiko ezkaratzean.

Sozialetik «geroz eta gutxiago» duten etxebizitzak direla ere salatu dute, eta kezkaz bizi dute datozen belaunaldien egoera: «Gaur egun, gazteek batez beste soldataren % 75 bideratu behar omen dute etxebizitza bat erostera. Nola biziko dira?». Ondorioz, kezkatuta daude: «Etxerik gabe geratzeko arriskuan gaude». Autonomiarik ez duten bizilagunen beldur ere badira. «Zer egin behar dute hemendik alde egin behar izanez gero? Nora joango dira 80 urtetik gorako bizilagunak? Seme-alaben kargu utzi behar dituzte? Ez da bidezkoa».

Maizterrek uste dute etxebizitzak erosteko aukera izan beharko luketela, edo Adaniak, behintzat, kontuan izan beharko lituzkeela haiek orain arte egindako ordainketak. Eusko Jaurlaritzak lursaila erostea, eta haiek orain arteko kuotak ordaintzen jarraitzea ere proposatu dute. Hori, ordea, ezinezkoa da Alliriko etxebizitzen kasuan. Lurzoru publikoan enpresa pribatu batek eraiki zituen, eta orain, bai lurzorua, baita etxebizitzak ere, pribatu edo libre bilakatu dira.

21 etxebizitza daude Alliri pasealekuko 1, 2 eta 3 zenbakietan. Batzuk hutsik daude, bertako maizterrek alde egin dutelako. «Gaiaz ahaztu nahi dute; ez dute ezer jakin nahi», esan dute bertan jarraitzen dutenek. Alde egindako batzuei gertatutakoa ere kontatu dute. «Nahiz eta haiek etxea utzi, eta hori hilabete lehenago abisatu, alokairua ordaintzen jarraitu beharko zutela esan zien Adaniak, bi hilabetez, maizter berriak topatu arte». Enpresaren jarrera salatu dute: «Hori onartezina da».

Gutuna, sailburuari

Iazko irailean, Kaleratzeak Stop Gipuzkoa elkartearen laguntzarekin, idatzi bat bidali zieten bizilagunek Denis Itxaso Etxebizitza sailburuari eta Alfonso Sanz Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde ordezkariari. Batetik, enpresa errentatzailearekin negoziatzea eta kontratu berrietan «arrazoizko errentak» exijitzen zizkieten maizterrek. Bestetik, bilera bat eskatu zieten. Oraindik, ordea, ez dute erantzunik jaso. «Ez digute erantzunik, azalpenik edo alternatibarik aurkeztu.

Gutunak helburu zuen bizilagunen gaur egungo kontratuen ondoren –2026an zehar amaituko dira–, kontratu berriek alokairupean mantentzea akordioa, eta babestuak izatea Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta iraupen luzeenarekin, arrazoizko errentekin, negoziatu eta finkatu beharrekoak.

Harremana bai, esku-hartzerik ez

Egoeraren berri izan zuenetik, udala bilerak egiten ari da Kaleratzeak Stop elkartearekin eta bizilagunekin. Azken horiek azpimarratu dute uneoro izan dutela udalaren eta Kaleratzeak Stop Gipuzkoa Elkarteko Rosa Garciaren babesa eta laguntza. «Entzun gaituzten bakarrak izan dira».

Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak nabarmendu du hasieran «larritasun handiz» bizi izan zutela egoera. «Familia asko kale gorrian geratzeko arriskua ikusten genuen. Gainera, sinesgaitza da zoru publikoan eraikitako etxebizitzak kalifikazio hori galdu eta merkatu librera igarotzea. Etxebizitzak ezin du merkatu produktu bat izan; eskubide bat izan behar du, eta erakunde publikook etxebizitza publikoko parkea handitzeko ahaleginak egin behar ditugu».

Zinegotziak ziurtatu du harremanetan daudela Eusko Jaurlaritzarekin eta Adania Gestion enpresarekin, eta bitartekaritza lanak egin dituztela. «Zerbait gehiago espero nuen Eusko Jaurlaritzarengandik, iritsi ez den esku-hartzeren bat edo. Adaniak prestutasuna adierazi zuen gaia bideratzeko, eta alokairu baldintzak aldatu dituen arren, egoera are larriagoa izan zitekeen».

Errege-dekretua eta eremu tenkatua

Alliriko maizterrek esan dute martxoaren 21ean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako etxebizitza alorreko premiazko neurrien Errege-dekretuari heltzea ere aukera bat izan daitekeela. Hori bai, alokairuaren kontratua 2027ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen zaienek egin diezaiokete eskaera Adaniari, eta Espainiako Kongresuak dekretua bertan behera utzi baino lehen egin behar dute. Kontratuaren bi urtera arteko aparteko luzapena eskatu dezakete, gaur egungo baldintza berdinekin; eskaera ez egiteak alokairuaren prezioa nabarmen igotzea eragin lezake. Hala ere, dekretuak dio luzapen hori ez litzatekeela bateragarria izango eremu tenkatuetako kontratuen hiru urteko luzapenarekin, eta Tolosa eremu tenkatua da urtarrilaz geroztik.

Bizilagunek, udalak eta Kaleratzeak Stop Gipuzkoa elkarteak espero zuten moduan, kontratuak amaitu baino lehen izendatu zuten eremu tenkatu, 2026an sinatu behar dutenek euren ekonomian gastu handirik eragingo ez duen errenta bat adostu dezaten. Eremu tenkatuaren izendapena mugak ezartzen ari da alokairu prezioetan; behinik behin, egoera arintzea lortu dute. Figueridoren ustez, ordea, bestelakoa da irtenbidea: «Tolosa eremu ez-tenkatu izatea izan behar da helburua, salmenta zein alokairu eskuragarria izatea, alegia».

Bizilagunek gaineratu dute «existitzen dela Etxebizitza sailburuordearen agindu bat, 2021eko abenduaren 7koa, sustatzaile pribatuek arrazoizko alokairuak eskaini ditzaten laguntzak arautzen dituena. Bestetik, Alliriko etxebizitzek babes publikoko kalifikazioa galdu dutenez, udalaren diru laguntzak jasotzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!