EAJk salatu duenez Tolosako eta Andoaingo udalek, biak ere EH Bilduren gobernuen agindupean, Intxaurrondoko (Donostia) Guardia Zibilaren kuartelera bidali dituzte zenbait udaltzain, «tiro eta prestakuntza praktikak» egitera. EAJko Gipuzkoako zuzendaritzak (GBB) ohar baten bidez salatu duenez, Arkautin ez baina Intxaurrondon prestakuntza jasotzeko erabaki horrek «gutxienez hiru inplikazio» lituzke, denak ere «oso larriak». Lehenik, Ertzaintzaren akademia, Ertzaintza eta euskal autogobernua «mespretxatzen» dituzte udal horiek, jeltzaleen arabera: «Ertzaintza nahita baztertzea da udaltzainak beste polizia kidego batean trebatzera bidaltzea». Erantsi du Ertzaintzaren eskumenen barruan daudela polizia zerbitzuaren adar guztiak: «Prebentzioa eta patruilatzea, polizia judiziala, antiterrorismoa eta trafikoa, eta agenteen prestakuntza integrala, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Akademiaren bidez». Hala, jeltzaleen ustez, EH Bilduren esku dauden udal horien erabakiak «gutxietsi» egin du «Euskadiko funtsezko erakunde baten balio historikoa», Ertzaintzarena alegia; «baita euskal autogobernuarena ere».
Beste ondorio bat ere atera du EAJk: haren ustez, «Euskadin Guardia Zibilarentzako eskumenak zabaltzea» dakar udaltzainak prestakuntza jasotzera Intxaurrondora bidaltzeak. «Berekin dakar, gertakarien bidez, Guardia Zibilaren presentzia indartzea Euskadin», ziurtatu dute oharrean. Eta azalpen gehiago eman dituzte: «Guardia Zibila izaera militarreko institutu armatua da, eta Euskadin dituen eskumenak estatuko eginkizunetara mugatu behar dira». Hau da, jeltzaleen arabera, «EH Bilduko alkateek Guardia Zibilak Euskadin duen funtzionaltasuna eta bere presentzia zabaldu dute».
Dimisioa
Egoeraren aurrean EAJk Tolosa eta Andoaingo alkateen dimisioa eskatu du «erantzukizun politikoak» garbitzeko, «euskal gizarteak poliziaren eta segurtasunaren arloan duen borondatea errespetatzen ez duten erabakiengatik». Era berean, Intxaurrondoko udaltzainak prestatzeko prozesuak berehala baliogabetzea eta Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Ikastegira eramatea eskatu du. Eta, azkenik, proposatu du Gipuzkoako udal guztietan mozio bat onartzea, «Euskadiko poliziaren estatutu eredua eta, zehazki, Euskal Polizia babesteko, segurtasun publiko integraleko sistema gisa, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetzan, erantzunkidetasunean eta baliabideen optimizazioan oinarrituta».
EH Bilduren erantzuna
Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok esan du gertatutakoaren inguruko informazio guztia biltzen ari direla, eta aurrerago emango dituztela azalpen gehiago, baina arrazoien artean dagoela, besteak beste, Tolosako Eskopetarien jaiaren antolaketan eta arma-ikuskapenetan udaltzainek duten eginkizuna eta horretarako araudia ezagutzeko beharra. Eta tamalez, gaur egun gai honen eskumen esklusiboa Guardia Zibilarena da».
Andoaingoa alkateak sare sozialen bidez erantzun du, eta esan du Intxaurrondoko kuartelean formakuntza jasotzeko erabakia ez dela alkatetzarena izan, eta ez dutela erabaki hori babesten. «Gertaeren berri jakin genuenetik gure gain hartu dugu gertatutakoari buruzko informazioa bildu eta herritarrei azalpenak emateko ardura. Horretan ari gara eta, nola ez, dagozkion neurriak hartuko ditugu. Eskari bat egin nahi dut, bukatzeko: utz diezaiotela alkateak eta udalerriak herrietatik kanpoko interes elektoralista eta alderdikoien zerbitzura erabiltzeari».
EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik irrati batean esan du EH Bilduren jarrera ez dela aldatu, eta Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egin behar duela. Hauteskundeekin lotu ditu jeltzaleen adierazpenak, EAJ «kezkatu xamar» dagoelakoan EH Bilduren «hazkundearekin».