Tolosaldeko Fibromialgia Taldea kalera aterako da larunbatean

Tolosaldeko Fibromialgia Taldeak gaixotasun horren inguruko ikusgarritasuna zabaltzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko asmoz mahaia jarriko du San Frantzisko pasealekuan.

Fibromialgia gaixotasunak sortzen dizkien ezintasunei aurre eginez, Tolosaldeko Fibromialgia Taldeko kideak kalera aterako dira larunbatean, hilak 31. Mahaia jarriko dute San Frantzisko pasealekuan 11:00etatik 13:00etara, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera, zalantzak argitzeko eta gaixotasunaren inguruko informazio zuzena jasotzeko.

Gogoratu dute eskualdean bi topaketa egin dituztela, biak maiatzaren 12an, hau da, Fibromialgiaren Nazioarteko Egunean, eta elkartzearen eta esperientziak partekatzearen garrantzia nabarmendu dute. Horregatik eskualdeko herritarrei larunbatean mahaira joateko edo tolosaldekofibromialgiataldea1@gmail.com helbidera idazteko deia egin diete.

Zer da fibromialgia?

Fibromialgia izaera kronikoko gaixotasun bat da, batez ere gihar eta eskeletoko mina orokortua eragiten duena. Minaz gain, ohikoak dira beste hainbat sintoma ere, hala nola, neke handia, loaren nahasmenduak, mugikortasunezko zurruntasuna eta tentsiozko buruko-minak. Jatorri zehatza oraindik guztiz ezaguna ez den arren, nerbio-sistema zentralak minaren seinaleak prozesatzeko duen moduan aldaketak daudela uste da, minaren aurreko sentikortasuna handituz. Gaixotasun honek eragin nabarmena du pertsonen bizi kalitatean, eta gaur egun ez dauka sendabide zehatzik, nahiz eta tratamendu mediko zein fisikoen bidez sintomak leuntzea lortzen den. «Gaixotasun hau pairatzen dugunontzat aldaketa bat da gure bizitzetan, mugekin eta sufrimenduekin», esan dute, eta gehitu dute gaur egungo gizartean emaitzak lehenesten direla ekintzen gainetik, eta horren aurrean informazioa dela armarik eraginkorrena: «beraz, informazio horren alde egiten dugu, fibromialgiak jotako pertsonak bizi garen ulertezintasunaren aurka borrokatzeko».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!