Marea moreak hartu du arratsaldean Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea. Izan ere, fibromialgiari ikusgarritasuna emateko helburua duen talde berria sortu dute Tolosan, eta hain justu, gaur arratsaldean egin dute lehen topaketa. Mila Canseco tolosarra izan da talde honen sortzailea, baita ekitaldiko moderatzailea ere. Fibromialgia eskualdean herritar askok pairatzen duten patologia dela dio tolosarrak, eta hortik dator topaketa honen asmoa. «Tolosaldean fibromialgia pairatzen duten pertsonak bildu eta gure artean zerbait sortu nahi dugu, bakoitzak eman dezakeenarekin, gure artean antolatuago egon gaitezen, loturak egiten baitu indarra», azaldu du.
Ester Poveda aktoreak zabaldu du ekitaldia umorezko sketx batekin. Horretarako, proposamena Cansecoren eskutik iritsi zitzaiola kontatu du aktoreak: «Fibromialgia pairatzen duen jendea ezagutzen dut eta Milaren kasua ere gertutik ezagutzen nuen, eta beraz, patologia honen inguruan ikertzen hasi nintzen antzerki mundutik nola jorratu nezakeen jakiteko, baina pieza poetikoegiak sortu nituen eta Milak umore ukitua eman nahi zion patologia honen inguruan zegoen haserrea baretzeko».
Cansecoren laguntzarekin, topaketan parte hartu duten emakumeen artean barre algarak sortzea lortu dute bi antzezleek. Ekitaldi amaieran, bertaratu direnen parte hartzea behar izan dute Canseco berak sortu dituen bi haril askatzeko. Bi harilek patologia honen sinboloak gordetzen zituzten; batek bihotz handi bat eta besteak tximeleta ugari.
Horren ostean, Ane Daza fisioterapeutak hartu du hitza. Izan ere, fibromialgiaren ondorioz jasaten diren sintoma batzuk arintzen laguntzeko «tratamendu eraginkorrena» da fisioterapia. «Fisioterapiaren helburu nagusiak, fibromialgiaren tratamenduan, mina eta zurruntasuna murriztea dira».
Ekitaldian parte hartu duten herritarren datuak bildu dituzte gaurkoan, aurrerantzean horiekin ekintza gehiago antolatzeko.