Gaurtik igandera egingo dute 57. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Tolosako Abesbatza Lehiaketa estreinakoz bakarrik zuzenduko du Xabier Ormazabalek. A. ARROYO

Hamar herrialdetako hamalau talde lehiatuko dira 57. Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Larunbatean lehiaketatik kanpoko emanaldi bat ere izango da. 

Tolosa prest dago, beste urte batez, nazioartean sona duten abesbatzez eta haien musikaz gozatzeko. 57. edizioa du aurtengo Abesbatza Lehiaketak, eta gaurtik igandea hamar herrialdetatik etorritako hamalau abesbatza lehiatuko dira. Ganbera abesbatzen kategorian hartuko dute parte hamar taldek, eta lau ariko dira, berriz, haur abesbatzen kategorian. Horrez gain, lehiaketan parte hartuko ez duen beste abesbatza batek ere emango du kontzertua, larunbatean, San Frantzisko elizan.

Ganbera abesbatzak bi modalitatetan lehiatuko dira: batetik, Euskal Abestia eta Herri Musika; eta, bestetik, Polifonia. Lan behartuek, urtero bezala, lehiaketaren funtsezko atal bat osatzen dute, eta bereziki nabarmentzen dute antolatzaileek euskal abesbatza-sorkuntza garaikidea.

Aparteko hitzorduak

Xabier Ormazabal lehiaketako zuzendariak nabarmendu du «saio eta emanaldi guztiak» izango direla interesgarriak, eta «oreka bilatzen» saiatu dela: «Saio erakargarriak egitea izan da helburua. Guztietan saiatu naiz polifonia eta folklorea uztartzen, eta jatorri ezberdinen arabera ere saio guztietan banatu ditut abesbatzak». Dena, ordea, aurreikuspenen arabera izan dela ere zehaztu du: «Jakina, ez dakigu abesbatza bakoitzak zehazki nola abestuko duen: errepertorioa bidaltzen dute, baina proposamena lehiaketan bertan ezagutuko dugu». 

Hari beretik kontatu du haurren abesbatzak bi urtean behin izaten dituztela, eta aurtengo edizioan hori izango dela apartekoa. Eta, bestalde, larunbatean San Frantzisko elizan egingo duten emanaldia ere nabarmendu du: «Stockholmeko Sofia Vokalensemblek Arvo Pärt konpositorearen Kanon Pokajanen obra interpretatuko du. Oso obra berezia da: borobilean eserita, argi guztiak itzalita eta kandelen argi batzuekin abesten dute». Zalantzarik izanez gero, «emanaldirik ziurrena» sari banaketakoa izaten dela ere adierazi du, bertan abesten dutelako txapeldunek; baina bertarako agortuta daude sarrerak.

Ormazabalek lehen urtea du Tolosako Abesbatza Lehiaketa bakarrik zuzentzen, eta «hutsunea» nabaritzen duela aitortu du: «Hamabi urte egin ditut Luismi Espinosarekin elkarlanean, beraz, banekien nola egin behar ziren dena. Eta ez naiz bakar-bakarrik aritu, lagundu nau tarteka. Oso eskertuta nago urte hauetan ikasitako guztiarekin, eta orain aurrera jarraitzea tokatzen da». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!