Hamar herrialdetako hamalau abesbatza izango ditu aurtengo lehiaketak

Tolosaldeko Ataria

Tolosako Ekinbide Etxeko kideak nahiz ekimena babesten duten erakundeetako ordezkariak, gaur, Topic-en lehiaketa aurkezten.

Urriaren 29tik azaroaren 1era izango da 57. Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Ganbera abesbatzen kategorian hamar talde lehiatuko dira, eta haur abesbatzetan, berriz, lau.

Tolosa prest dago, beste urte batez, nazioartean sona duten abesbatzak hartu eta haien musikaz gozatzeko. 57. edizioa du aurtengo Abesbatza Lehiaketak, eta urriaren 29tik azaroaren 1era 10 herrialdetatik etorritako 14 abesbatza lehiatuko dira.

Ganbera abesbatzen kategorian, hamar talde lehiatuko dira:

  • Ensemble Vocapella Limburg — Alemania
  • Zwozwoeins Men’s Choir — Alemania
  • The Academic Choir Tone Tomšič — Eslovenia
  • Chamber Choir Ipavska — Eslovenia
  • Jakarta Youth Choir — Indonesia
  • Vox Angelica Choir — Indonesia
  • Coro Musicanova — Italia
  • Ewha Womans Choir — Hego Korea
  • Mixed Choir Juventus — Letonia
  • The Epiphoni Consort — Erresuma Batua

Horiez gain, haur abesbatzen kategorian lau talde izango dira:

  • Bulgarian National Radio Children’s Choir — Bulgaria
  • Pequeñas Voces de La Alhambra — Espainia
  • Saint Angela Choir — Indonesia
  • Kajetán Children’s Opera Choir — Txekiar Errepublika

Lehiaketako zuzendari Xabier Ormazabalek azaldu du ordezkaritza geografiko zabala biltzen duela programak, Europako eta Asiako taldeekin eta abesbatza-tradizio ezberdinekin. Taldeen artean nazioarteko ibilbide luzea duten abesbatzak daude, baita nazioarteko abesbatza-zirkuituan presentzia sendotzen ari diren gazte-taldeak ere.

Parte-hartzaileen artean badaude, gainera, Tolosarekin harreman berezia duten taldeak. Haur-abesbatzen artean, esaterako, Saint Angela Choir nabarmendu du: Tolosako lehiaketaren 49. edizioan bigarren saria lortu zuen eta, ondoren, Tokyo International Choir Competition lehiaketako Sari Nagusia irabazi zuen 2023an.

Bulgarian National Radio Children’s Choir ere azpimarratu du: 2.000 kontzertutik gora eskaini ditu ia 32 herrialdetan, eta 800 obra baino gehiagoko errepertorioa du. 2026an, gainera, Sirak Skitnik Sari Nagusia jaso du Bulgariako Irrati Nazionalaren garapenari egindako ekarpenagatik.

Granadako (Espainia) Pequeñas Voces de La Alhambra taldeari dagokionez, 2013an sortu zen, 9 eta 17 urte bitarteko abeslariek osatzen dute, eta azken urteotan hainbat sari lortu ditu Espainiako lehiaketetan.

Kajetán Children’s Opera Choir, (Txekiar Errepublika) berriz, ez dela kontzertuetako haur-abesbatza hutsa azaldu du. Izan ere, bertako kideek zuzenean parte hartzen dute Pilseneko Josef Kajetán Tyl Antzokiaren opera-ekoizpenetan.

Ganbera abesbatzen artean, Mixed Choir Juventus, Letoniakoa, ere ibilbide nabarmenarekin dator: 2025eko Tampere Vocal Music Festival jaialdian Urrezko Diploma eta Grand Prix saria lortu zituen, eta Baltikoko eta Europako hainbat nazioarteko lehiaketatan parte hartu du.

The Epiphoni Consort 2014an sortu zuen Tim Reader zuzendariak. Nazioarteko hainbat lehiaketatan sariak eta aintzatespenak lortu ditu, eta diskoak grabatu eta musika zabaltzeko jarduera ere garatzen du. Esloveniako Tone Tomšič abesbatzak, berriz, bere mendeurrena ospatzen du, eta dagoeneko bitan irabazi du Europako Sari Nagusia. Bitxikerien artean, Zwozwoeins Men’s Choir taldearen izena aipatu du: «Bachen obra bateko 221. konpasari egiten dio erreferentzia».

Tradizioa eta sorkuntza garaikidea

Ganbera abesbatzak bi modalitatetan lehiatuko dira: Euskal Abestia eta Herri Musika, batetik, eta Polifonia, bestetik. Lan behartuek, urtero bezala, lehiaketaren funtsezko atal bat osatzen dute, eta bereziki nabarmentzen dute antolatzaileek euskal abesbatza-sorkuntza garaikidea.

Hala, Euskal Abestia eta Herri Musika modalitatean, ahots mistoek Zerupeko Izar (Eva Ugalde) abestuko dute, eta ahots berdinek Besarkatu Ninduzun (Josu Elberdin). Horrez gain, abesbatzek euskal herri-abesti bat edo euskarazko testua duen sorkuntza-lan bat, eta beren herrialdeetako herri-errepertorioko obra bat ere eskaini beharko dituzte.

Polifonia modalitatean Ave Maris Stella (Josep Ollé i Sabatér) abestuko dute  ahots mistoek, O Magnum Mysterium (Xabier Sarasolarena) ahots zuriek eta Ave Maria (Albert Alcaraz) ahots grabeek. Programak garai ezberdinetako obrekin osatuko dira: gutxienez 1800. urtea baino lehenagoko konposizio bat, 1801 eta 1980 artean konposatutako beste bat, eta 1980tik aurrerako beste bat.

Haur abesbatzen kategorian, lan behartua David Azurzaren  Katalintxu obra izango da. Horrez gain, euskal herri-abesti bat edo euskarazko testua duen konposizio bat, eta libre aukeratutako beste bi edo hiru obra eskaini beharko dituzte.

Beraz, «lehiaketak, beste behin ere, errepertorio behartua erabiltzen du euskal abesbatza-sorkuntza zabaltzeko eta herrialde ezberdinetako konpositore, interprete eta musika-tradizioen arteko topagune izateko», azaldu du Ormazabalek.

Bestalde, 57. edizioko epaimahaia nazioarteko abesbatza-munduko zazpi adituk osatuko dute: Esteban Urzelai (Euskal Herria); Jurģis Cābulis (Letonia); Petra Grassi (Italia); Haruko Kubawara (Japonia); Jordan Šrámek (Estatu Batuak); Helene Stureborg (Suedia; eta Ivan Yohan (Indonesia).

«Epaimahaiaren osaera internazionalari esker, abesbatzen zuzendaritzaren eta interpretazioaren arloko eskola, ikuspegi eta esperientzia ezberdinak bilduko dira», esan du lehiaketako zuzendariak.

Balorazio-sistemak adierazkortasun eta tinbre aberastasuna, musika-formulazioarekiko errespetua eta programaren aniztasuna eta kalitatea hartzen ditu kontuan. Parte hartzen duten abesbatza guztiek Tolosako Abesbatza Lehiaketako Sari Nagusia izango dute jokoan. Sari horrek Tolosaren ordezkari izateko izendapena ematen du Europako Abesbatza Kantuaren Sari Nagusian.

Irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du eta 2027an Italiako Arezzon lehiatzeko aukera izango du, Europako Sari Nagusia osatzen duten gainerako lehiaketetako irabazleekin batera: Arezzo, Debrecen, Jūrmala, Maribor, Varna eta Tolosa.

Lehiaketatik harago

Dena den, Tolosako Abesbatza Lehiaketa ez da lehiaketako emanaldi hutsetara mugatzen. Parte hartzen duten abesbatzek Tolosatik harago, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroan, Aragoin (Espainia) eta Kantabriako (Espainia) hainbat herritan ere kontzertuak eskainiko dituzte.

«Dimentsio horri esker, nazioarteko taldeen presentzia Tolosatik harago zabaltzen da, eta beste udalerri eta herritarrek ere maila handiko abesbatza-formazioez gozatzeko aukera izango dute».

Kontzertu bereziak

Edizio honetako egitarauak kontzertu bereziak ere jasotzen ditu. Horien artean nabarmentzekoa da Stockholmeko Sofia Vokalensemblek Arvo Pärt konpositorearen Kanon Pokajanen obra interpretatuko duela. Pärten abesbatza-lanik garrantzitsuenetako bat da, eta bere tintinnabuli estiloaren adierazpen gorenen artean dago. Ahots mistoko abesbatza baterako a cappella idatzia, eta gutxi gorabehera laurogeita hamar minutuko iraupena duena, Koloniako katedralaren 750. urteurrena ospatzeko enkarguz sortu zen.

Gainera, Pablo Sorozabali eskainitako jarduera berezi bat ere izango da. Urriaren 24an, larunbatarekin, lehiaketaren programaren inaugurazio ekitaldi gisa, Kea Vocal Ensemblek, Easo abesbatzak eta Marco Socias gitarristak Pablo Sorozabalen musika koralari eskainitako CD berria aurkeztuko dute. Ekitaldi berean Pablo Sorozabal: Música Coral liburua ere aurkeztuko dute, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak bultzatuta.

Kontzertu hauetarako sarrerak urriaren 13tik aurrera egongo dira eskuragarri Topic-en bertan edota Topic-en webgunean. Lehiaketako sarrerak ere urriaren 13tik aurrera erosi daitezke, Kutxabank bidez edota Leidorren.

Abesbatza musikaren topagune izango dela beste urte batez Tolosa azpimarratu du Ormazabalek, eta herritar guztiak gonbidatu ditu emanaldietara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!