Imanol Pradales lehendakaria Tolosan izan da, Uzturre Foroaren eskutik

Pradalesek 'Euskadiren erronkak eta lehentasunak' izenburuko solasaldia eskaini du arratsaldean Tolosako Topic zentroan, Jaime Otamendi eta Aintzane Bolinaga kazetariek lagunduta.

Uzturre Foroak jakinarazi bezala, gaurko gonbidatua Imanol Pradales lehendakaria izan da. Arratsaldean egin dute ekitaldia Tolosako Topic zentroan, eta herritar ugari gerturatu dira bertara. Tartean, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) presidentea eta Eusko Legebiltzarrean EAJren bozeramailea eta Jokin Bildarratz hezkuntzako sailburu ohia izan dira, besteak beste.

Hitzorduaren helburua «gaur egungo egoeraren gakoak ulertzea, euskal gizartean duten eragina aztertzea eta Euskadik zein helburutan jarri behar duen arreta antzematea» izan da. Hari horri tiraka, Uzturre Foroaren esanetan, hitzaldia uda aurretik lotuta bazegoen ere, «hauteskundeetarako deialdi berriak, interes eta gaurkotasun handiagoa eman diote ekitaldiari».

Mahai-ingurua Jaime Otamendi eta Aintzane Bolinaga kazetariek gidatu eta moderatu dute. Uzturre Foroaren ekitaldi guztietan ohikoa den moduan, bertaratutakoek galderak egin ahal izango dituzte saioaren hasieran banatu diren txartelen bidez.

Protestak

Lehendariak eman behar zuen hitzaldia baliatuta, ekitaldiaren aurretik Asuncion Klinikako langileek deituta elkarretaratzea egin dute Tolosako Euskal Herria plazan, % 100 publikoa eta zerbitzu guztiak eskainiko dituen osasungintzaren alde eta Asuncion Klinikako langileen subrogazioarekin exijituz. Klinikako enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuek, LABek eta ELAk, deitu dute elkarretaratzea.

Horiekin batera izan dira Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuko kideak ere. Greba orokorrerako deialdia egin dute datorren azaroaren 11rako (A11), etxebizitzaren eskubidea defendatzeko eta espekulazioaren zein errentismoaren aurka egiteko.

«EAJk errentisten, espekulatzaileen eta konstruktoren interesen alde egiten duelako» mobilizatu dira gaur, eta nabarmendu dutenez, «EAJk Petronor eta Confebasken interesak defendatzen ditu, langileok miseriara kondenatuz. EAJk Etxebizitzaren arazoari aurre egitetik urrun, etxebizitzaren negozioaren aldeko politikak aurrera eramaten ditu. Horregatik, borroka kalean antolatu behar dugu, instituzioetatik kanpo. Azaroak 11ko greba orokorra beraz, ezinbestekoa izango da arazoari aterabidea emateko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!