Tolosako Udalak gogoratu du aurten, 90 urte bete direla Jose Ariztimuño Olaso Aitzol Hernanin hil zutenetik. Apaiz, idazle, kazetari, Eusko Alderdi Jeltzaleko kide eta euskaltzale konprometitua izan zela nabarmendu du, eta gehitu du ekarpen handia egin zuela euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko lanean. 1936ko urriaren 15ean atxilotu zuten, eta Donostiako Ondarretako espetxean preso sartu eta torturatu ondoren, urriaren 17an fusilatu zuten Hernaniko hilerriaren hormaren kontra.
90. urteurrena betetzen den honetan, Tolosako Udalak irmo arbuiatu nahi ditu Aitzolen hilketa, atxiloketa, tortura eta exekuzio estrajudiziala, eta aitortu ditu haren memoria eta garai hartako euskalgintzari egindako ekarpena. «Aitzolen hilketa ez zen gertakari isolatua izan, 1936ko udazkenean Gipuzkoan ezarri zuten errepresio frankistaren testuinguruan kokatu behar baita. Hernaniko hilerriak indarkeria haren lekukotza gordetzen du: dokumentatutako iturrien arabera, tropa frankistek eta aparatu errepresiboek dozenaka pertsona exekutatu zituzten; tartean, Aitzol». Esan du kasu honek nabarmen erakusten duela zer-nolako jazarpena jasan zuten euskal kultura eta nortasuna, adierazpen politikoa eta askatasuna defendatzen zituzten pertsonek. «Hori dela eta, Tolosako Udalak ezinbestekotzat jotzen du tropa faxistek Hernaniko fusilamenduetan zer erantzukizuna izan zuten adieraztea, biktimen memoria aintzat hartzearekin batera.
90. urteurren honetan, berretsi egiten dugu memoria historikoa bizirik mantentzeko konpromisoa. Aitzolen eta Hernanin fusilatutako pertsona guztien oroimena ez da iraganari begiratzeko ariketa hutsa: demokrazia, giza eskubideak, askatasunak eta euskara eta euskal kulturaren transmisioa defendatzeko dugun konpromisoa ere bada».