Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizonezko bati Tolosan txalet bati su emateagatik

Tolosaldeko Ataria

Ibarralde kaleko txalet batean izan ziren gertakariak. J. A.

2024ko abenduaren 1ean eta 2an izan ziren gertakariak Ibarralde kaleko etxe batean; gutxienez bi urte eta sei hilabeteko espetxealdia bete beharko du, eta zigorraren gainerako zatia Espainiako lurraldetik kanporatua izateagatik ordezkatuko dute.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sei urteko kartzela-zigorra ezarri dio 2024ko abenduan Tolosan okupatutako txalet bati su eman zion gizonezko bati. Beste lau pertsonekin batera bizi zen bertan; zigarro baten truke eztabaida bat izan zuten, eta etxeari su emango ziola mehatxu egin zien gerora atxilotu zuten gizonezkoak.

2026ko urriaren 1ean jakin zen epaia, eta gizona sute delitu baten, mehatxu delitu baten eta hiru lesio delitu arinen erantzule dela adierazten du. Epaiketan zehar, Fiskaltzak eskatutako gertaerak eta zigorrak onartu zituen akusatuak, beraz, ebazpena irmoa da. Gutxienez bi urte eta sei hilabeteko espetxealdia bete beharko du eta zigorraren gainerako zatia Espainiako lurraldetik kanporatua izateagatik ordezkatuko dute, zortzi urtez itzultzeko debekuarekin. Horrez gain, 630 euroko kalte-ordaina eman beharko die hiru pisukideri, eragin zuen sutearen ondorioz jasandako kalteengatik.

Zigarro bat emateari uko egiteagatik

2024ko abenduaren 1eko gauean hasi ziren gertakariak, gizonezkoak txaletean zeuden beste lau pertsonekin eztabaida izan zuenean. Frogatutako gertakarien arabera, 23:00ak aldera, etxeari su ematearekin mehatxatu zituen, gortina batzuei eta koltxoi bati su ematen zien bitartean, pisukideetako batek zigarro bat emateari uko egin ondoren. Pisukideetako batek garrak itzaltzea lortu zuen, eta gizona etxetik bota zuten.

Hala ere, hurrengo egunean itzuli zen, eta, 09:00ak aldera, su eman zien bere gelan zeuden arropa eta kartoi mordo bati, baita eraikineko beste bi gelari ere. Bere asmoa, epaiak jasotzen duenaren arabera, kalte materialak eragitea eta bertan bizi zirenak kaltetzea zen. Sugarrak berehala zabaldu ziren gainerako geletan, eta bi pisukide esnatu egin ziren; altzariak erretzen ari zirela egiaztatu zuten. Une horretan, akusatuak berriro mehatxatu zituen etxea erreko zuela.

Erabiltzaileek leihoak ireki zituzten gelak aireztatzeko, baina tximinia efektua eragin zuen horrek, eta ke gehiago sartu zen. Emakumeetako batek aurre egin zion orduan akusatuari, eta hirugarren solairuko leiho baterantz bultzatu zuen. Azkenean, eskaileretatik ateratzea lortu zuten laurek, ke-laino handi baten artean. Kondenatua, bere aldetik, haiek baino lehenago atera zen, eta sutearen abisua jaso ostean bertaratu ziren agenteekin topo egin ondoren, atxilotu egin zuten. Gero, gizonezkoari aurre egin zion emakumea Asuncion klinikara eraman behar izan zuten arin zaurituta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!