Mintzodromoa, Aitzolen erailketako 90. urteurrenean

Tolosaldeko Ataria

Larunbatean 90 urte beteko dira Aitzol fusilatu zutela eta urteurrenaren harira, euskaltegiko ikasleekin mintzodromoa egin dute Zerkausian.

Larunbatean beteko dira 90 urte Jose Ariztimuño Aitzol fusilatu zutela, eta urteurrenaren harira mintzodromoa egin dute Tolosako Zerkausian euskaltegiko ikasleekin. Aitzol gogoan, euskara ahoan leloa zeraman pankarta gainean zutela, euskara ikasten ari diren hogei lagun inguru bildu dira lauko multzoetan, eta, maila gorabehera, euskaraz hizketan aritu dira ordubetez.

Askotariko gaiak izan dituzte hizpide, eta talde bakoitzean euskal hiztun bat izan dute, ikasten ari direnak trabatzen zirenean estualditik euskaraz ateratzen laguntzeko. Goizeko saioa 10:30etik 11:30era egin dute, eta arratsaldean ere bilduko dira atzera, hain zuzen, 16:30etik 17:30era.

Urriaren 17 batez fusilatu zuten soldadu frankistek Hernanin Jose Ariztimuño Aitzol, beste preso batzuekin batera. Aitzol XX. mende hasierako kultur pizkundearen erreferenteetako bat da, euskararen, literaturgintzaren eta euskal kulturaren ikerkuntzaren berreskurapenean aitzindari.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!