Aitzol izango dute gogoan igandean, Hernanin

Tolosaldeko Ataria

Aitzol 1935eko I. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian, Donostiako Euskal Jai pilotalekuan. 

Hernaniko Udalak antolatuta, duela 90 urte Hernanin fusilatutako pertsonak eta gerraren testuinguruan desagerrarazitako hernaniarrak oroitzeko ekitaldia egingo dute hilerrian.

1936ko urriaren 17an soldadu frankistek Jose Ariztimuño Aitzol apaiza (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936) eta beste preso batzuk Hernaniko hilerrira eraman, eta han fusilatu zituzten. Aurten 90 urte betetzen dira erailketa horietatik eta Hernaniko Udalak ekitaldia egingo du igandean, urriaren 18an, hilerrian, 90 urte: ahanzturatik memoriara zikloari bukaera emanez. Hain zuzen, lau urtez behin egiten dute ekitaldia Hernanin fusilatutako pertsonak eta desagerrarazitako hernaniarrak oroitzeko, baina aurtengo urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi bildu dituen zikloa ere egin dute.

Oroimenezko ekitaldia 12:00etan izango da Carlos Lopez de Ceballos eskultoreak 2006an egindako Argi-horma eskulturaren aurrean, eta bertan justizia eta duintasuna aldarrikatuko dute 1936ko gerraren testuinguruan desagertutako pertsonentzat eta haien familia eta senideentzat. Lopez de Ceballos bera frankistek desagerrarazitakoen biloba da.

Ekitaldia Urko Apaolazak eta Irati Sarasuak aurkeztuko dute, eta Roberto Pacheco eta Judith Montero musikariek ere hartuko dute parte, Nahia Valle abeslariarekin batera. Testigantza eta errekonozimendu hitzen ondotik, lore eskaintza eginez bukatuko dute ekitaldia.

Hernaniko Udalak biktimen eta fusilatuen senideak gonbidatu ditu ekitaldira, eta baita fusilatuen herrietako udal-ordezkariak, oroimena eta bizikidetza lanean ari diren Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, eta memoria historikoa lantzen duten elkarte eta taldeetako ordezkariak ere. Horiekin batera, herritarrak gonbidatu ditu ekitaldian parte hartzera.

Gipuzkoako sarraski handienetakoa

Hernanikoa II. Errepublikaren kontra altxa zirenek Gipuzkoan 36ko udazkenean egindako sarraski handienetakoa izan zen. Iraila eta azaroa bitartean, bertan 200 pertsona inguru fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zituzten, gehienak Ondarretako kartzelan zeuden presoak izan zirelarik. Hernaniko 10 bizilagun ere fusilatu zituzten, eta baita Aitzol apaiz tolosarra ere. Historialarien arabera, Gipuzkoan epaiketaz kanpo frankistek egindako exekuzio gehienak Hernaniko hilerrian izan ziren. Gaur egun, Hernanin frankistek desagerrarazitako 151 pertsona identifikatu dituzte.

Jose Ariztimuño Aitzol

Jose Ariztimuño Aitzol XX. mende hasierako kultur pizkundearen erreferenteetako bat da, euskararen, literaturgintzaren eta euskal kulturaren ikerkuntzaren berreskurapenean aitzindari. Tolosarra beraz, Euskal Pizkundea bezala ezagutzen den garai oparoan kokatu behar da. Hirugarren Gerra Karlistak (1876) eta 36ko Gerrak  mugatzen dute Euskal Pizkundea, kultur garai oparoa, batez ere literaturan. Euskarak eta abertzaletasunak gorakada nabarmena ezagutu zuen hamarkada horietan. Hego Euskal Herrian kokatu badaiteke ere, Tolosan garrantzi berezia izan zuen, idazle ugari bertakoak baitziren, Lizardi eta Orixe besteak beste. 

Aitzol 1922an apaiztu zen Gasteizen, eta 1930ean Euskaltzaleak elkarteko zuzendari izendatu zuten, eta euskal kulturaren berpizkundean murgildu zen erabat: euskarazko literatura lehiaketak, antzerki emanaldiak, bertsolari txapelketak eta abar sustatuz eta antolatuz. Urte berean Donostiako El Día egunkaria sortzen aritu zen eta hurrengo urtean La Muerte del Euskera argitaratu zuen. Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea izan zen, eta alderdiaren ideologotzat hartu izan zen. Lapurdin errefuxiatu egon ondoren, Bilbora bueltatu zen. Galerna ontzian atxilotu zuten, eta Ondarretako kartzelan espetxeratu. Hernaniko hilerrian fusilatu zuten 1936an beste 191 pertsonarekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!