Ibai eta Eneko Iztueta anaiek eta Tolosako Aritz Vieitesek komiki eta album ilustratuaren Zilarrezko Euskadi saria jaso zuten asteartean, Donostiako Fermin Kalbeton kaleko Elkar liburu dendan egindako sari banaketa ekitaldian. Kontua eta zikina. Euskal pop noir bat (Txalaparta) liburuagatik jaso zuten saria.
«Euskal komikiaren aukerak aberasteko egindako lan bikainagatik» saritu dute Ibai eta Eneko Iztueta anaiek idatzitako eta Aritz Vieitesek marraztutako komiki liburua. «Thriller klasikoaren arau narratibo eta bisualak herrialdearen historiarekin uztartzen» dituela azpimarratu zuen elkarteak; baita Iztueta anaiek egindako dokumentazio lana eta horren ondorio izan den «erretratu zintzo eta egiazkoa» goraipatu ere.
Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat nobelak narratiban lortu du Gipuzkoako Liburu Denden Elkartearen aitortza.