ERREPORTAJEA

Mende bat atzera marraztutako istorio beltza

Aitor Arroyo Askarai 2026ko uztailaren 5a

'Kontua eta zikina' eleberri grafikoaren marrazkiak egin ditu Aritz Vieites tolosarrak; erailketa bikoitz bat kontatzen du liburuak eta Txalaparta argitaletxeak papereratu du.

Egia izan zen istorio bat. Thrillerra. Azalaren arabera, «euskal pop noir bat»; ez, ordea, polizia istorio bat. Joan den mendeko hogeigarren hamarkadan ama eta alaba erail zituzten Beizaman, eta istorio hori kontatzen du Kontua eta zikina eleberri grafikoak. Paperera Txalaparta argitaletxeak eraman du, komikia elkarlanean ondu dute Ibai eta Eneko Iztuetak, eta irudiak, berriz, Aritz Vieites (Tolosa, 1978) marrazkilariak egin ditu.

«Atsotuta dagoen ama batek zenbait istorio kontatzen dizkio 70. hamarkadan haurdun dagoen alabari, eta hark kontatu ahala zabaltzen da istorioa», horrela hitz egin du marrazkilariak abiapuntuaren inguruan. Flashback batzuen bidez egiten du irakurleak istorioan atzera, eta zergatik aukeratu duten 70. hamarkada orainaldi gisa? Hain zuzen, hamarkada horretan jaiotakoak direlako egileak, eta horrela «belaunaldiarekin lotu» egiten dutelako kontakizuna.

Vieitesen arabera, izenburutik hasten da zirika: «Garai bateko istorioak kontatzeko modua islatzen du: egiak, batzuetan; egia erdiak, besteetan... Eta ahoz ahokoak iradoki dezakeen misterio puntu hori islatzen saiatu naiz marrazkietan ere».

Zer konta, hala margotu

Oraina irudikatzeko zuri-beltza aukeratu du marrazkilariak, eta denbora jauziak adierazteko, berriz, beste tonu batzuk erabili ditu: «Hogeigarren hamarkadara joateko halako urdin leun bat hartzen du komikiak. Istorioak Rifeko gerrara egiten duenean, berriz, harea edo kolore horixka bat eman diot, giroa irudikatzeko».

Horiez gain, «kolore gutxi» erabili dituela esan du, eta gehitu gorria «biolentzia erakusteko» aukeratu duela: «Sarreran gorria ere azaltzen da biolentzia erakusteko, odolarekin zerikusia duelako; eta bukaeran txarribodarekin ere azaltzen da. Horrela, lotuta geratzen dira hasiera zein bukaera». Hari horri tiraka zehaztu du horiek direla «biolentziazko eszena bakarrak», eta «suspensea zein misterioa» dela gainerako guztia.

Marrazkien estiloari erreparatuta, egileak aipatu du «oso ezaugarrituta» daudela «thriller kutsua eta misterio ukitua» lortzeko: «Komikia konposatzean kontuan hartu ditut itzalak, koloreak... Misterio eta angustia puntu bat lortzea izan da helburua». Dena dela, aipatu du «12 edo 14 urtetik aurrera edonork» irakurtzeko moduko komikia dela.

Istorio historikoa

Eleberria iraganean kokatu dute, eta «ahalik eta leialenak» izaten saiatu direla ere azaldu du marrazkilariak: «Ikerketa sakon bat egin dugu, eta oso komiki dokumentatua da. Hizkuntzari dagokionez ere, badaude gaur egun erabiltzen ez diren hitz batzuk, esamolde zaharrak... Horiek berreskuratzen saiatu gara».

Hizkuntzaz harago, baina, garai hartako bizimoduaren zenbait ezaugarri ere txertatu dituzte: nola bizi ziren herri txikietan, zein zen umezurtzen egoera, nola ateratzen ziren horiek umezurztegietatik... Protagonistak ere «jende arrunta» dira, eta garai hartako baserriko bizitza egiten dute. Marrazkilariaren esanetan «oso ondo islatuta dago» iraganeko bizimodua, eta horrek «asko erakartzen du» irakurlea. Ildo beretik aipatu du Beizamako hilketen istorioa «oso ospetsua» izan zela bere garaian: «Espainiako egunkarietan ere agertu zen, eta urte asko pasatu ziren hiltzailea topatu zuten arte. Tartean denetik esan zuten: lapurren bat izan zela, besteren bat izan zela...».

Hiru lagunen lana

Lehen aipatu bezala, eleberri grafikoa elkarlanean ondu dute Ibai eta Eneko anai iztuetarrek eta Vieietesek. Bada, marrazkilariak azaldu du «oso argi» izan dutela bakoitzaren rola: «Ibai da nobelagilea, ikerlaria eta dokumentalista. Eneko arduratu da binetak konposatzeaz; ez da erraza nobela batetik elkarrizketak ateratzea eta komiki formatura egokitzea. Eta nire lana izan da, istorioa ukitu gabe, marrazkiak egitea».

Lauzpabost urteko proiektua izan da eta, antza, iztuetarrena zen ideia: «Unibertsitate arloan egiten nuen lan lehen, eta bertako irakasle batek jarri gintuen harremanetan iztuetarrak eta ni. Berehala ulertu genuen elkar, eta azkenean laguntasun eder bat ere sortu da. Prozesu gogorra eta ederra izan da».

Marrazkilariak aitortu du hasieran «segurtasun falta pixka bat» sumatu zuela bere buruarengan, eta hasieran ez zuela «asko sakondu» marrazkietan: «Hasierakoak nahiko sinpleak ziren, batez ere, aurpegietan-eta. Marrazten betidanik aritu naiz, baina ez da gauza bera karikatura bat egitea eta pertsonaia bati bizitza ematea». Gerora, ordea, «iztuetarrek animatuta» kalitate «handiago» bateko marrazkien aldeko «apustua» egin zuen, eta gogobeteta geratu dira emaitzarekin: «Oso pozik gaude, uste genuena baino arrakasta handiagoa izaten ari da, eta bide onetik doala ematen du».

Estreinako lana

Marrazten «txiki-txikitatik» aritu izan bada ere, orain arte «zaletasun hutsa» izan da, eta honakoa da marrazkilari tolosarraren lehen eleberri grafikoa. «Bestelako lanak egin izan ditut: kamiseten diseinuak, aurkezpenetarako ilustrazioak, Poxpolo pailazoarentzat kamiseta eta eszenatokirako diseinuak... Baina hau izan da orain arteko proiekturik serioena». Vieitesek bere kabuz ikasi du marrazten, eta komikiak «batik bat» txikitan atsegin zituela kontatu du: «Ez naiz oso manga zalea, baina Dragoi Bola gure belaunaldiaren mugarrietako bat izan da. Hortik aurrera asko irakurri ditut: Mortadelo eta Filemon, Asterix eta Obelix, Tintin… Horien eragina badago».

Esperientzia oro har «polita eta hunkigarria» izan bada ere, zailena «denbora kudeatzea» egin zaiola kontatu du: «Lan handiko proiektua izan da. Sasoiko lanak egiten nituen: udan 
rafting gida, eta neguan eskiatzeko pistetan... Bi negutako lana sakrifikatu dut komikia bukatu ahal izateko». Ildo beretik zehaztu du egunean zortzi eta hamar ordu inguru pasatzen zituela marrazten, eta «erronka» izan dela: «Zaila izan da marrazketa, bizimodua eta lana uztartzea. Marraztea, gainera, ez da zientzia zehatza. Umoreak asko eragiten du marrazkietan, eta erronka izan da umorea alde batera uztea eta emaitza polit bat lortzen saiatzea».

Lehen argitaraldiko ale guztiak amaitu dira dagoeneko, eta bigarren edizioa ere «martxa onean» sumatzen dute: «Tolosara bisitan joandako batean, denda batera sartu eta esan zidaten lehen edizioa bukatu zela eta oraindik asko ari zirela saltzen. Harrotasun puntu bat ere ematen dizu horrek. Durangoko Azokan ere izan ginen eta jendea gu iristeko zain zegoen». Publikoak oro har ondo hartu duelakoan daude, eta Vieitesek adierazi du unibertsitateko esparruan ere zabaldu dela eleberria: «Hortik dator proiektua, eta gainera Gernikako guda agertzen denez eta Donostiako Tabakalerari ere aitortza moduko bat egiten zaionez… Erakusketaren bat ere egin dute, eta horrek ere jakitera ematen du komikia».

Kontuak kontu, marrazkilariak nabarmendu du «etekin asmorik gabeko» proiektua izan dela: «Helburua izan da zerbait polita osatzea eta euskal kulturari ekarpena egitea. Mundu guztian saldutako bestseller bat beste zerbait izango litzateke; baina Euskal Herrian, euskaraz, eta komikia... Ez dago hor etekin asmorik [barrez]. Sakrifizio handiko gauza izan da, baina helburu polit batekin».

Zeharkako omenaldia

Bateko istorio eta besteko bineta; Vieitesek azaldu du pertsonaiak marrazterakoan gertuko pertsonengan inspiratu dela: «Emozio handiko proiektua izan da, besteak beste, zendu diren nire gurasoak direlako protagonistak; eta, finean, haientzako omenaldi bat ere bada. Pertsonaiek euren izaera dute, jakina, baina itxuraz nire aita eta ama dira».

Zentzu horretan, proiektuarekin «oso asebeteta eta harro» dagoela gehitu du, eta hunkituta adierazi du bere ama dela azalean agertzen dena: «Eskuetan eleberria izatea sekulakoa da. Amaren anai-arrebek esan didate ezagutu dutela, eta niretzat oso esanguratsua da hori».

Prozesuan zehar orriak amaituta ikustea «ederra» izan dela ere kontatu du, eta gaineratu du «preziorik ez» duela emaitza ikustean sentitu duen «zirrarak»: «Lankideak, ingurukoak ikusten dituzu emozionatuta eta ikaragarria da hori». Lehenaren atzetik gehiago etorriko ote diren galdeginda, berriz, zalantzati hitz egin du: «Beste eleberri bat egingo nuke talde berarekin, baina agian hobe proiektua txikiagoa edo motzagoa bada [barrez]». Dena dela, marrazten jarraitzen du Vieitesek, eta amaieran aitortu du errepikatuko lukeela esperientzia.

 

EGILEAREN SOSLAIA

ARITZ VIEITES

 

«Uste dut zorte handikoak direla zer izan nahi zuten oso argi izan dutenak». Aritz Vieitesek (Tolosa, 1978) Zuzenbidea ikasi zuen «ezinegon batzuetatik» abiatuta, eta Gizarte Ekonomiako masterra egin zuen 2010 inguruko krisia iritsi zenean, hura ere ezinegonetik abiatuta. Eremu horretan bere burua eroso sumatu du, eta Italiara joatea erabaki zuen 2019 inguruan. Covid-19ak eta tituluak homologatzeko ezintasunak zirela medio, rafting gida izateko prestatu eta horretan aritu da bost urtez. Txiki-txikitatik datorkio marrazteko zaletasuna eta bere kasa ikasi du. Aurretik hainbat proiektutarako egin ditu marrazkiak, eta lehen eleberri grafiko du Kontua eta zikina (Txalaparta, 2025).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!