Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren proiektua da BateraLabs, eta Aldaketa Klimatikoaren Fundazioak sustatzen du. Parte hartze prozesu bat da, eta helburua klima aldaketari aurre egiteko erronkak identifikatzea eta egin daitezkeen jarduerak zehaztu zein lehenestea da. Maiatzean egin zuten lehen saioa, eta atzo izan zen bigarrena, hori ere Topic-en.
Atzoko jardunaldian landutako erronka nagusien artean honako hauek egon ziren: uholdeei aurrea hartzea, mugikortasun jasangarria hobetzea, itzalguneak eta babesleku klimatikoak sortzea, eta ibaiak zein baliabide hidrikoak kudeatzea. Ildo horretan, orain arte, herritarren 80 proposamen baino gehiago jaso dituzte eskualdea klima aldaketara egokitzeko bidean aurrera egiteko. Ekarpen horiek 25 erronkatan eta 42 ekintza posibletan bildu dituzte, eta horiek izan ziren abiapuntu bigarren saioan. Jasotako ekarpenak zenbait eremutan banatu daitezke: mugikortasun jasangarria, hiri-berroneratzea, lehen sektorea, ekonomia zirkularra, klima egokitzapena, energia, gobernantza eta uraren kudeaketa, besteak beste. Gai horien inguruan aritu ziren atzo, Tolosaldearen ezaugarrietara eta beharretara egokitutako irtenbide posibleak zehazteko.
Uholdeei aurre egiteko prestatzea eta mugikortasuna hobetzea
Uholdeei aurrea hartzea da identifikatutako erronketako bat. Planteatutako premien artean daude herritarrek gertakari horien aurrean nola jokatu behar duten hobeto jakitea eta ibaien kudeaketaren inguruko komunikazioa indartzea. Era berean, irtenbide zehatzetan aurrera egitea proposatu dute; hala nola, Oria ibaian urpean gera daitezkeen ibai parkeak sortzea, aisialdirako eremu eta, aldi berean, uholde eremu seguru gisa erabil daitezen.
Mugikortasun jasangarriak ere leku nabarmena du proiektuan. Bidegorri sarearen jarraitutasuna eta segurtasuna hobetzeko, udalerrien arteko bizikleta loturak indartzeko eta Donostialdearekiko loturan aurrera egiteko beharra adierazi dute jasotako ekarpenek. Halaber, garraio publikoa hobetzea eskatu dute, bereziki udalerri txikietan eta Apatta industrialdean, bai eta ikasleen eta langileen joan-etorriak erraztea ere.
Itzalak, berdeguneak eta aterpe klimatiko gehiago
Udalerriak tenperaturen igoerara eta bero boladetara egokitzea da beste ardatz nagusietako bat. Proposamenek kale eta plazetan itzalgune gehiago sortzea, zuhaitzak landatzea eta itzal korridoreak eratzea jasotzen dute, bai eta hirigintza proiektu berrietan klima-egokitzapeneko irizpideak txertatzea ere.
Ildo beretik, eraikin publikoak baldintza klimatiko berrietara egokitzea, beroaren aurrean eraginkortasuna eta erresilientzia hobetzea eta babesleku klimatikoen sare bat sortzea planteatu dute; baita parke eta berdegune gehiago sortzea ere (bereziki Tolosako Alde Zaharrean), edota estalki eta landare fatxadak jartzea.
Proposamenetako asko baliabide naturalen kudeaketaren ingurukoak direla esan du Foru Aldundiak. Identifikatu diren erronken artean daude, besteak beste, ibilguak, bideak eta espazio naturalak mantentzea, baliabide hidrikoak babestea, haitzuloetako eta akuiferoetako hondakinak kudeatzea edo mindetatik eratorritako arazoak konpontzea.
Herritarren proposamenetatik Tolosalderako proiektu batera
Bigarren saioan, taldelana eta ekimenak alderatzeko nahiz lehenesteko guneak uztartu zituzten, haien eragin potentziala, bideragarritasuna eta Tolosaldean identifikatutako erronka klimatikoei erantzuteko gaitasuna kontuan hartuta.
Balorazio onena jaso zuten proposamenak Tolosaldeko ekintza klimatikoen herritarren dokumentu-zorroan sartuko dituzte. Dokumentu horretan prozesuan zehar sortutako ekimenak bilduko dituzte, eta eskualdean azkenean garatuko den proiektua hautatzeko oinarritzat hartuko dute.
Prozesuak hirugarren eta azken saio bateratu bat izango du gainerako eskualdeekin batera. Saio horretan, prozesu osoan zehar egindako lana oinarri hartuta, Tolosaldean gauzatuko den jarduketa aurkeztuko dute.