BateraLabs, klimari lotutako proiektuak aktibatzeko foroa

Ataria 2026ko maiatzaren 29a

Herritarrek klima aldaketaren aurrean parte hartzeko helburua du BateraLabs foroak. Tolosan egin du lehen geldialdia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako BateraLabs foroaren lehen saioa egin  zuten atzo, Tolosan. Hitzorduak eskualdeko hogei bat eragile sozial, ekonomiko eta instituzional bildu zituen, besteak beste, Tolosako, Amasa-Villabonako, Zizurkilgo, Abaltzisketako eta Amezketako udalak, Anoetako Herri Ikastola, Tolosako Babarrun Ekoizleen Elkartea, Iturriza elkartea, Gainberri Kirol Heziketa eskola, Jatorkin elkartea, Orixe institutua, Apatta industrialdea, Tolomendi agentzia, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola, Tolosako Lanbide Heziketa Institutua eta Ibarrako Uzturpe Ikastola.

Foroaren lehen geldialdia besterik ez ez izan atzokoa, aurrerago, eta foroarekin bukatzeko, eskualdeak gutxienez proiektu zehatz bat sustatu beharko baitu. Atzoko saioan, eskualdeko larrialdi klimatikoari buruzko diagnostikoa egin zuten, eta horretarako datuak eman zituzten. Aipatu zuten eskualdean muturreko fenomeno klimatikoen maiztasuna eta intentsitatea handitzeko joera argia dagoela. Identifikatutako inpaktu nagusien artean aipatu zituzten bero boladen eta gau tropikalen igoera, lehorte aldi luzeagoak eta aldi horietan eurite irregularragoak,  muturreko euriteak, eta uholde arriskuaren areagotzea eta ondorioz, mendi-hegalen higadura eta luizien areagotzea. Naturguneen kalteberatasuna ere aipatu zuten, eta Tolosaldeak ibai eta euri uholdeei lotutako arazoak izan ohi dituela nabarmendu zuten. Basogintzaren eremuan sute arriskua ere aipatu zuten atzo, eta horrek mendiaren kudeaketan eta natur inguruneen egonkortasunean izan dezakeen eraginaz aritu ziren.

Horiek horrela, lehen saioan inpaktuak, ahuleziak eta balizko jarduera ildoak identifikatu zituzten, eta oinarri partekatu bat sortu zuten. Hori zen, hain justu, lehen saioaren helburua: identifikatutako klimari lotutako erronkei erantzungo dien proiektu zehatz bat definitzea eta bultzatzea. Datozen hilabeteetan egingo dute foroaren bigarren pausoa; eztabaida kolektiboa egingo dute, eta egindako proposamenak lehenetsiko dituzte, proiektu zehatzak identifikatuz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak proiektu hori garatzen lagunduko du. Tolosaldeko ekintza klimatikoa bete eskualdekoekin bateratuko dituzte gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!