EAJk txarretsi du Ferialekuko teilatuaren zati bat instalazio fotovoltaiko bat jartzeko eman izana

Tolosaldeko Ataria

EAJk Ferialekuko teilatuaren 25 urteko lagapenaren aurka bozkatu du «San Esteban auzoaren garapen urbanistikoa ez baldintzatzeko».

Tolosako EAJk txarretsi egin du udal gobernuak Ferialeku eraikinaren estalkiaren zati baten zuzeneko emakida onartu izana, Tolosa Argituz kooperatiba elkarteak autokontsumo partekatuko instalazio fotovoltaiko bat jar dezan. Alderdi jeltzaleak neurri horren aurka bozkatu du, eta erabakia zergatik hartu duen azaldu du: «Arrazoia ez da komunitate energetikoen edo energia berriztagarrien aurkako jarrera, inolaz ere. Tolosako EAJtik oso argi daukagu energia berriztagarrien aldeko apustua beharrezkoa dela, bai administrazioen aldetik, bai herritarren aldetik ere. Gaurko eztabaida, ordea, ez da komunitate energetikoen alde edo kontra egotea; guretzat eztabaida urbanistikoa da».

Jeltzaleen arabera, San Esteban Tolosako herriguneari etxebizitzak eraikitzeko geratzen zaion zabalgune nagusietako bat da, eta auzo horren etorkizuneko garapen urbanistikoari buruzko eztabaida zabalik dago. «Tolosan etxebizitzaren arazoari irtenbide bat emateko aukera paregabea da zabalgune honen garapen urbanistikoa. Horregatik, EAJk ez du egokitzat jotzen Tolosako Udalaren jabetzako eraikin baten teilatua 25 urtez lotzea, etorkizunean eremu horretan har daitezkeen erabakiei beste baldintza bat gehituz».

EAJk esan du aurreko udal gobernuaren garaian jarri zirela Tolosako Udalaren jabetzako eraikinetan gaur egun funtzionamenduan dauden instalazio fotovoltaiko «guztiak eta bakarrak», eta EH Bilduko udal gobernuak ez duela plaka bat bera ere jarri gaineratu du. Azpimarratu du Tolosako Udalaren esku dauden beste teilatu batzuk ere badaudela instalazio fotovoltaikoak hartu ahal izateko, eta udal gobernuak aukera horiek aztertu beharko lituzkeela. Besteak beste, aipatu ditu Beotibar frontoia, Usabal kiroldegia edo San Esteban auzoan bertan udalak orain gutxi eskuratu zuen pabiloi industriala. «Zergatik Ferialekua eta ez Beotibar, Usabal edo San Estebanen bertan udalak eskuratu zuen pabiloi industrialaren teilatua? Udalak egin ditzala behar diren egokitzapenak beste teilatu horietan, kooperatibak behar duen lagapena eskuratu ahal izan dezan, baina ez dezala San Estebanen etorkizuneko garapenari beste korapilo bat gehitu».

Bukatzeko, esan du udal gobernuak erabakiak aldebakartasunez eta presaka hartzen dituela, eta Ferialekuak behar duena bertan egiten diren kirol-jarduerei espazio duinago bat ematea dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!