Tolosa Argituz Energia Komunitatea sortu dute

Ataria 2026ko uztailaren 6a

Tolosan bertan energia berriztagarria sortzea eta kontsumitzeko modu iraunkorrago bat bultzatzea da helburua.

Hainbat herritarrek Tolosa Argituz Energia Komunitatea (TAEK) sortu dute, eta bertara batzeko deia egin dute. «Gure helburua argia da: Tolosan bertan energia berriztagarria sortzea eta kontsumitzeko modu bidezkoago eta iraunkorrago bat bultzatzea. Eguzki-energia, energia-eraginkortasuna eta kontsumo kolektiboa uztartuz, etorkizuneko energia-eredua hemen bertan eraiki nahi dugu».

Orain arte, herritar talde batek landu du proiektua, eta irabazi-asmorik gabeko kooperatiba moduan eratu dute elkartea. Esan dutenez, Tolosako Udalaren eta Goiener S. Koop.en laguntza izan dute, eta aurrera begira beste erakunde publiko batzuen laguntzak lortzea aurreikusten dute. Orain, ordea, bazkideak behar dituzte, eta, horretarako, bazkidetzak zer dakarren gogorarazi dute: tokian tokiko energia berriztagarria sortzeko aukera; epe ertainera argindarraren fakturan aurreztea; energia-prezioen gorabeheretatik babes handiagoa izatea; eta trantsizio energetikoan zuzenean parte hartzea, ez soilik kontsumitzaile gisa.

Parte hartu nahi dutenek 50 euroko hasierako ekarpena egin beharko dute, eta kooperatibako bazkide bihurtuko dira. Aurrerago, instalazioak martxan jartzeko, bazkide bakoitzak 450 euro inguruko inbertsioa egin beharko du, eta inbertsio hori 10 urte inguruan amortizatzea aurreikusten dute. «Zenbat eta bazkide gehiago izan, orduan eta bideragarriagoa eta onuragarriagoa izango da guztiontzat. Ez da soilik zure fakturan aurreztea: etorkizun jasangarriago baten alde pausoa ematea da, Tolosatik eta Tolosarentzat».

Tolosako edozein herritarrek har dezake parte eta ez da beharrezkoa instalazio propiorik izatea, proiektua kolektiboa baita. Irailean aurkezpen publiko bat egingo dute proiektuaren xehetasun guztiak azaltzeko, zalantzak argitzeko eta parte hartzeko moduak bideratzeko. Informazio gehiago nahi izanez gero, tolosaargituz@gmail.com helbidera idatz daiteke, izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbaki bat zehaztuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!