EAJ alderdiaren iritziz Tolosako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga garestiegia da

Tolosaldeko Ataria

Talde jeltzaleak EH Bilduri proposatu dio zerga izozteko.

Tolosako EAJren iritziz, Tolosako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) oso garestia da, «Gipuzkoa osoko ia handiena». Esan du Azpeitia eta Soraluze bakarrik dituela aurretik, eta nabarmendu du Tolosan dagoen tasa Donostiakoa baino % 58,54 eta Errenteriakoa baino % 31 handiagoa dela. Kopuru hori udal gobernuaren inbertsioen betetze-mailarekin alderatu du: «2025ean udal inbertsioen % 17 gauzatu zen Tolosan. Udal inbertsioen maila oso handia balitz ere, ez da onargarria Tolosan herritarrek Gipuzkoako beste inon baino ekarpen handiagoa egin behar izatea, baina, gainera, udal inbertsioen gauzatze maila hain baxua izanik, herritarren ahalegin hori gehiegizkoa dela iruditzen zaigu».

Pasa den urtean ere EH Bilduri gauza bera eskatu ziotela esan du, izan ere, 2024an betetze maila % 26koa izan zen. «Ikusten dugunez egoera horrek okerrera egin du, baina tolosarrei OHZ ordaintzeko eskatzen zaien ahalegina ez da egokitu udal gobernuak egindako kudeaketa eskasarekin alderatuta». Hau guztia dela eta, EAJk irailaren 24ko osoko bilkuran zerga jaistea proposatu zuen; «proposamen hori ez zuen onartu EH Bilduk».

Horrekin batera, udal gobernuak etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga % 100etik % 150era igotzea onartu duela txarretsi du. EAJk osoko bilkuran neurri horren aurka egin zuen, eta eman dituen arrazoien artean daude hutsik dauden etxebizitzek jada % 100eko errekargua ordaintzen dutela. Gainera aurretik azterketarik ez dela egin esan du. «Neurri ideologiko hutsa dela iruditzen zaigu, oinarri analitiko sendorik gabea». EAJk uste du, gainera, neurri zigortzaileak baino, pizgarriak eman behar zaizkiela etxejabe txikiei hutsik dituzten etxebizitzak alokatzeko, segurtasun juridiko handiagoa emanez. Horrekin batera, etxebizitzari lotutako gaiak lantzeko udal bulego bat eskatu du alderdi jeltzaleak. Udal gobernuari konponbideak bilatu behar dituela esan dio, eta Iurramendiko belaunaldien arteko etxebizitza babestuei buruz galdegin dio: «Nola da posible legealdi oso bat igarotzea Iurramendiko belaunaldien arteko etxebizitza babestuei buruz hitz egiten, haien sustatzaile bakarra Tolosako Udala izanik, eta legegintzaldia ia amaituta dagoenean ia abiapuntuan jarraitzea?». 

Azken osoko bilkuran  egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala ezartzea onartu zen. Zerga Tolosako ostatu turistikoetan eta erabilera turistikoko etxebizitzetan egiten diren egonaldiei aplikatuko zaie urtarriletik aurrera, eta neurri horri buruz esan du talde jeltzaleak duela bi urte etxebizitza turistikoentzat Ondasun Higiezinen gaineko Zergan % 150eko errekargua eskatu zuela, eta orduan EH Bilduko udal gobernuak ez zuela proposamena onartu, «eta orain aplikatuko zaie, baina gainerako etxebizitza hutsei bezala, azken horiek kasuistika erabat desberdina izanik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!