Tolosako udal gobernuak 2025eko ekitaldiko kontuak aurkeztu zituen ekaineko osoko bilkuran. Gastuei dagokienez, aurrekontuaren betetze-maila % 88koa izan da, 21,8 milioi eurorekin, iaz lortutakoa baino apur bat handiagoa. Finantza-eragiketen betetze-maila % 100ekoa izan da. Aldiz, inbertsioetan eta diru laguntzetan % 25ekoa izan zen betetze-maila, ia 2,3 milioi eurorekin. Sarrera arruntei dagokienez, betetze-maila % 8koa izan da, 27 milioi euro pasatxo. Kapital eragiketen exekuzioa, berriz, % 16koa izan da. 2025eko aurrekontuaren emaitza 5 milioi eurokoa izan da, hasierako aurrekontuari erreparatuta, 1,7 milioi handiagoa. Gainera, gerakin metatua ia 23,8 milioi eurokoa da.
Horrenbestez, udalak 2,9 milioi euroko superabita duen kontuak aurkeztu ditu, zorrik gabe, eta, beraz, udal diru-kutxak onbideratuta daudela ondorioztatu da. Hala ere, adierazleen artean ez da betetzen gastu-araua, hiru milioi eurotan gainditu baita, baina, Kristina Pelaez udal gobernuko zinegotziak argitu zuenez, egoera hori ekainaren 2ko 13/2026 Errege Lege Dekretu berriak baimentzen du; dekretu horren bidez lurralde-finantzaketarako sistemen baliabideei buruzko neurriak hartzen dira. Gerakinaren likidezia erabilita leundu dezake udalak.
Emaitzek, oro har positiboak badira ere, ez dute alderdi bat bera ere ase. Oposizioari ez zitzaion gustatu legealdi honetako azken bi ekitaldietan inbertsioek izan duten pixkanakako jaitsiera. Biotza Agirre zinegotzi jeltzaleak «kezkatuta» adierazi zuen azken urteotako beherakada. 2023an % 46koa izan zen betetze-maila, 2024an % 26,42koa, eta iaz % 17,42koa. «Egia esan, bete ezingo diren aurrekontuak aurkezteak ez dauka zentzurik».
Agirrek gaineratu zuen egikaritze-maila baxuak herrian «eragin kaltegarri handia» duela. «Betetze-maila txikia da, baina are kezkagarriagoa da eboluzioa. Zoritxarrez, une honetan, zuri-beltzean ikusten dugu herriaren nondik norakoa». Salatu zuen udalak urtebete baino gehiago daramala hirigintza buruaren figura gabe. «Horrela ezinezkoa da geldirik dauden proiektuak aurrera ateratzea».
EAJk «zalantzan» jarri zuen tokiko ekonomia zein kontu-sailetara bideratzen den, eta Agirrek hausnarketa eta neurriak eskatu zituen emaitzak hobetzeko. «Gastu-araua ez du bete udalak, eta gastu-muga gainditu du. Gastuak igo eta inbertsioen betetze-maila jaistea ez da positiboa, eta gure ustez, kezkagarria da. Iruditzen zaigu gakoa udalak indartzen dituen sail eta babesten dituen proiektuetan dagoela, eta diagnostiko eta azterketetetan indar gehiegi jartzen duzuela, eta beste egiteko batzuk atzean geratzen direla». Alde Zaharreko Plan Integrala jarri zuen adibide modura. «Oraindik zain jarraitzen dugu».
Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak ere udal gobernua kritikatu zuen. Gauzak ahalik eta ondoen egiteko «borondate ona» nabarmendu eta kontuak aurrera ateratzea «oso zaila eta neketsua» dela onartu arren, «kaltetu handienak herritarrak» direla ohartarazi zuen.
Villanuevak salatu zuen egoera «larria eta kezkagarria» dela, eta datozen urteetako aurrekontuak baldintzatu ditzakeela. Espero du azken bi urteetan egitekoak ziren inbertsio eta proiektuak laster gauzatuta ikustea. «Hala ere, ez dut uste horietako gehienak legealdi honetan ikusiko ditudanik», gaineratu zuen.
Osoko bilkuran ikusleen artean zegoen Paulino Alonso kontu-hartzaileak ere hartu zuen hitza, likidazioan arazorik ez dagoela, eta gastuaren zati bat udalaren aurrezkiekin finantzatzen ari direla zehazteko. Azken hiruhilekoan berankortasuna ez betetzeak nola eragingo duen ez dakien arren, esan zuen Aldundiak horren inguruko iritzia eman beharko duela. «Ez du esan nahi finantza egoera txarra denik». Alonsok adierazi zuen horren isla dela aurrezki garbia: «% 13koa izan da, gutxienekoa % 5ekoa zenean».
Lizitazio eta obren % 55 martxan
Ander Figuerido alkateordeak onartu zuen udal gobernua ez dagoela pozik emaitzekin, «helburua beti delako ahalik eta proiektu gehien aurrera ateratzea». Hala ere, zehaztu zuen 2025eko proiektuen % 17,42 bakarrik bete eta amaitu diren arren, proiektu, lizitazio eta obren % 55,55 martxan dagoela. «Aurreko urteekin alderatuta, antzekoa da. Geroxeago ari gara betetzen, baina ari gara», adierazi zuen.
Emaitza txarrak udal plantillaren egonkortze prozesuak eragin dituela azaldu zuen Figueridok, eta «bereziki» hirigintza arloan eragin duela. Hori dela eta, aurtengo ekitaldiko emaitzak «hobeak» izango direla uste du, «aurten ixten joango diren proiektuak amaitu egingo baitira». Azkenik, aurreratu zuen ekaina amaieratik aurrera hirigintza burua izango zuela udalak.