Tolosako EAJk dio EH Bilduk ez duela etxebizitzaren inguruko proposamenik

Tolosaldeko Ataria

Amarotzen egin asmo dituzten etxebizitzen simulazioa.

Alderdi jeltzaleak salatu du EH Bilduk aurreko legegintzaldian ez zuela babestu Amarozko  etxebizitza publikoen sustapena, eta orain «ekarpen propio» bezala aldarrikatzen duela.

Tolosako EAJ alderdiak EH Bilduk etxebizitzaren alorrean ez duela proposamenik dio. Amarotzen egingo dituzten etxebizitzak ekarri ditu gogora: «Eusko Jaurlaritza babes publikoko 192 etxebizitza bultzatzen ari da Amarotz inguruan. EH Bilduk ez zuen ekimen hori babestu oposizioan zegoela, aurreko legegintzaldian, EAJ buru zuen aurreko koalizio gobernuak sustapen hori bultzatzeko erabakia hartu zuenean, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean». Sustapen hori ez babesteko argudioak ulertzen «nahiko zaila» izan zela dio: «argudiatu zuten ez zutela Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza babesten, VISESArekin hain zuzen, alokairuko etxebizitza babestuak sustatzeko sozietate publikoarekin, euskal aurrezki-kutxak sozietate horren akziodun minoritarioak zirelako».

EAJk dio argudioa «bitxia» dela, kontuan hartuta EH Bilduko Udal Gobernuak, orain, bere komunikazioetan, sektore pribatuarekin (sustatzaile eta jabe ezberdinekin) egiten ari omen den lan guztia defendatzen duenean, Tolosan etxebizitza sustapen berriak martxan jartzeko asmoz. «Lankidetza publiko-pribatua nahieran: soilik EH Bilduk bultzatzen duenean».

Etxebizitza Plana

EH Bilduk bultzatutako Etxebizitza Plana ere ekarri du gogora, eta «omisio deigarri» batekin jaio zela dio. «Hitz bakar bat ere ez Ibarralde kaleko San Kosme – San Damianen 100 etxebizitza sustatzeari buruz. EH Bilduk azaldu beharko luke zergatik ez zuen planean jaso. Plan hori onartu zen udalbatzan azpimarratu genuen, baina beste batzuetan bezala, entzuteko borondaterik ez. Gaur egun, Ibarraldeko 100 etxebizitzen sustapena ez da oraindik aktibatu. Lehen faserako eraikuntza-lizentzia aurreko udal gobernuak eman zuen 2022ko urrian, eta lehen 20 etxebizitza babestuak esleitzeko etxebizitza babestuen zozketa 2023ko apirilean egin zen. 4 urte igaro dira eta puntu berean gaude. Legegintzaldi osoan defendatu dugu garapen hori lehentasunezkoa zela».

Gehitu du gauza bera gertatzen dela Iurramendiko belaunaldien arteko etxebizitzekin. Sustapen horretan ere atzerapenak agerikoak direla dio, eta nabarmendu du Tolosako Udala dela partzela horren jabe bakarra.

EH Bilduko udal gobernuak egun hauetan egindako balorazioan San Esteban ez duela aipatzen ere esan du EAJk. «EH Bilduk dentsitate txikiko garapen urbanistiko bat bultzatu nahi du, etxebizitza babestuen ehunekoa % 60ra jaitsiz, indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak etxebizitza babestuak eremu horretan eraikitako etxebizitza guztien % 70 izatea aurreikusten duenean. Bitxia da bizitegi-larrialdiaz hitz egitea eta, jarraian, asmo gutxiko hirigintza-garapenak proposatzea; tolosar belaunaldi batzuen etxebizitza-eskaerari irtenbidea eman diezaioketen garapenak izanik». 

Joan den asteko EH Bilduren prentsa oharra ere ekarri du gogora: «EH Bilduk hutsik dauden etxebizitzei OHZn (Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, kontribuzio bezala ezagutzen den horretan) % 150eko errekargua aplikatzeko aldebakarreko erabakiaz informatu du, lan-batzordeetan eztabaidatu ere egin gabe, udal-prozesuekiko eta udal-ordezkaritza duten gainerako talde politikoekiko errespetu instituzional hutsa erakutsiz. Errekargu gehigarri bat proposatzen dute jabe txiki horientzat, gaur egun indarrean dauden ordenantza fiskaletan % 100eko errekarguak duen eragina ebaluatu ere egin gabe». «Gure ikuspuntutik, etxebizitza eskuratzeko arazoak konpontzeko, funtsean, etxebizitza eta hirigintza garapen berriak bultzatu behar dira, egungo gizarte-premiari asmo handiz erantzuteko. Etxebizitzarena arazo erreala, konplexua eta premiazkoa da, baita Tolosan ere, eta Tolosako Udalak, propagandaz haratago, asmo handiz gidatu beharko luke herria», gehitu du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!