Tolosako Udal Gobernuak 2025-2027rako Etxebizitza Planaren lehen urteko balantzea egin du. 2025eko ekainean aurkeztu zuen Tolosako I. Etxebizitza Plana, eta lau ardatz estrategiko ditu; alokairu eskuragarria sustatzea, jada eraikitako parkearen gaineko jarduketak egitea, alokairurako prestazio eta laguntzen sistema, eta gobernantza-sistemak eta koordinazio instituzionala.
Tolosako Udal Gobernuak nabarmendu du etxebizitza lehentasun politikoa dela, 2023-2027 agintaldi planean jasota bezala, eta hartutako konpromisoak ekintza eta emaitza zehatzetan gauzatzen ari dela. «Planak etxebizitza duin, egoki eta eskuragarria bermatzea du helburu, bereziki gazteei eta egoera zaurgarrian dauden herritarrei begira, eta lehen urte honetan, urrats estrategikoak egin dira». Besteak beste, pasa den otsailean Tolosa bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu zela esan dute, eta Amarozko paper-fabrika zaharraren eremuan 192 babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko obrak hasi direla gogoratu dute, alokairura bideratuko direnak. Horrez gain, nabarmendu dute udal gobernuak lanean jarraitzen duela beste 104 etxebizitza babestu alokairuan bultzatzeko, eta Iurramendin belaunaldiarteko 15 etxebizitza sustatzeko proiektua ere ari direla garatzen.
Etxebizitza parkea birgaitzea
Etxebizitza gehiago sortzearekin batera, udal gobernuak agendan jarri du egungo etxebizitza parkea birgaitzea eta hutsik dauden etxebizitzak alokairura ateratzea. Horretarako, neurri fiskalak indartu direla esan dute, eta % 95eko hobaria ezarri dela, besteak beste, Alde Zaharrerako, Euskal Herria plazarako eta Santa Klararako; baita sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzetarako, Bizigune programara bideratutako etxebizitzetarako eta Ondarearen Katalogoan jasotako edo babestutako elementuetan egindako obrek ere, babesak ezar ditzakeen baldintza bereziak orekatzeko asmoz. Era berean, Alde Zaharreko hiri-berroneratzearekin aurrera egiten jarraituko du udalak, lokalak etxebizitza bihurtzea errazteko udal ordenantza egokitzen ari da, eta San Frantzisko 37ko eraikinean gazteentzako etxebizitza dotazionalak sortzeko proiektua garatzen ari da. «Neurri horiek guztiek helburu bera dute: Tolosan etxebizitzen eskaintza handitzea eta etxebizitza eskuratzeko aukera herritar gehiagorengana zabaltzea».
Udal gobernuak, halaber, herritarren eskura dauden laguntzak indartu ditu, etxebizitzaren arazoari ez ezik, emantzipatzeko zailtasunei eta errenta ordaintzeko ahalegin ekonomikoari ere erantzuteko. 2025ean, 18 eta 35 urte bitarteko 21 gaztek emantzipaziorako laguntzak jaso zituzten, guztira 64.174,40 euro banatuta, eta alokairurako udal ordenantza berriak onuradunen profila zabaldu eta laguntzen zenbatekoa handitu du, bereziki Alde Zaharrerako, Euskal Herria plazarako eta Santa Klararako. Horrekin batera, Bizigune programara atxikitzen diren etxebizitzetan egin beharreko egokitzapen lanak diruz laguntzeko ordenantza ere berritu zen, jasotzen diren diru laguntzen zenbatekoa handituz.
Etxebizitza hutsak
Udal gobernuarentzat etxebizitza hutsak merkaturatzea da beste lan ildo garrantzitsua. Bide horretan, gogora ekarri dute Tolosako Udaleko Etxebizitza azpisailak zuzeneko artapena eta aholkularitza eskaintzen diela tolosarrei, egun dauden aukera guztien inguruan informazioa eta laguntza eskainiaz. Era berean, alokairu parke publikoa handitzeko ahaleginetan, Alde Zaharreko hainbat eraikinen jabekideekin harremanetan da udal gobernua aukera desberdinak aztertzeko, baita sustapen pribatuko ekintzak bultzatzeko lanean ere. Neurri fiskalei dagokienez, etxe hutsen OHZren errekargua % 150era igoko da 2027tik aurrera, eta Bizigune programan sartzen diren etxebizitzen OHZri aldiz % 95ko hobaria aplikatuko zaie.
Udal gobernuak argi du etxebizitza-politikak erakundeen arteko elkarlana eskatzen duela, eta horregatik, Eusko Jaurlaritzarekin, Alokabiderekin eta Visesarekin koordinatzen jarraituko du, besteak beste, San Frantzisko eliza eta komentua erosteko negoziazioetan eta RC2 eremuan etxebizitza berriak sustatzeko prozesuan.
Andu Martinez de Rituertok, Tolosako alkateak, azpimarratu egin du tokiko erakundeek etxebizitza-politikak garatzean duten garrantzia: «Agintaldi honetako lehentasunezko gaia izaten ari da, eta etxebizitza-planean jaso genuen bezala, helburua da herritarrei, batez ere behar gehien duten kolektiboei, etxebizitza duin, egoki eta eskuragarria bermatzea. Nagusiki, alokairu-parkearen eskaintza handitzea da helburua, herritarrek horretara diru-sarreren % 30etik behera bideratzeko». Horrekin batera, Martinez de Rituertok erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: «Kontziente gara udal-eskumenak eta baliabideak mugatuak direla etxebizitza-krisiari erantzuteko. Hain zuzen ere, ezinbestekoa da erakunde publikoen arteko elkarlana, eta horren adibide asko jarri ditugu martxan azken urteotan. Bide hori jorratzen jarraituko dugu datozen hilabeteotan, mahai gainean ditugun proiektuak errealitate bihur daitezen».