Datozen hiru urteetarako Tolosarako etxebizitza politiken gidalerroak zehazten dituen Etxebizitza Plana aurkeztu du Tolosako Udalak. Alokairuko etxebizitzen parkea «arrazoizko prezioetan» handitzeko helburua duten bederatzi estrategia eta 20 ekintza jasotzen ditu.
Antolakuntza batzordean oniritzia eman eta gero, Tolosa bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko eskaera eztabaidatuko da datorren asteko osoko bilkuran. Iaz abiatu zuen udalak izendapena eskatzeko prozedura, eta horretarako legeak eskatzen dituen dokumentuak osatu berri ditu: etxebizitzaren diagnostikoa, izendapena eskatzeko justifikazio memoria eta Etxebizitza Plana. Azken honen lehen proposamena antolakuntza batzordean aurkeztu dute, eta aurretik, oposizioko alderdiei ere bidali zitzaien, ekarpenak egin ditzaten. Datorren asteko osoko bilkuran gune tenkatuaren eskaeraren onarpenarekin batera, Eusko Jaurlaritzara ere bidaliko da plana, eta ondoren, ekarpen guztiak kontuan hartuta osatuko dute behin betiko dokumentua.
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak adierazi duenez, izendapenari baino, planari garrantzi handiagoa ematen diote: «Tolosa tentsio eremu izendatzeak alokairuaren prezioak mugatzeko tresnak emango dizkigu, baina ez ditu bere horretan etxebizitza beharraren arazoak konpontzen».
Ander Figuerido Etxebizitza zinegotziak, bere aldetik, planaren helburu nagusia alokairuko etxebizitza parkea «arrazoizko prezioetan handitzea» dela esan du: «gazte eta bizitegi-kalteberatasuna duten kolektiboen emantzipazioa erraztea da asmoa, beren diru-sarreren %30 baino gutxiagoko finantza-ahaleginarekin erantzun ahal izateko. Etxebizitza merkatu eta negozioaren logikatik atera nahiko genuke», azpimarratu du.
Lau lan-lerro
Hala, hori posible egiteko bederatzi estrategia eta 20 ekintza jasotzen ditu planak, lau ardatz estrategikotan banatuta. Horietako batzuk jada martxan jarrita daudela azaldu du Figueridok.
1. ardatza: alokairu eskuragarria sustatzea
Ardatz hau bi estrategiatan banatuta dago. Batetik, babes publikoko etxebizitzen parkea handitzea, batez ere alokairu-erregimenekoak. 800dik gora etxebizitza eraikitzeko aukera jasotzen du planak, batik bat, San Estebanen, Amarotzen eta Olarrain auzoan, gehienak alokairu-erregimenekoak, 550etik gora. Etxebizitza publikoak sustatzeaz gain, lurzorua erakarri eta prestatu, kooperatibak sortzeko aukerak aztertu eta bultzatu, eta zuzkidura-bizitokiak sortzea jasotzen du planak. Norabide horretan, besteak beste, San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakiko Sagrado Corazon eraikinean gazteentzako etxebizitza dotazionalak sortzeko proiektua abiatu du Udalak. Iurramendi kalean ere belaunaldiarteko etxebizitza eraikiko da.
Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea litzateke bigarren estrategia, batez ere etxebizitza horiek alokairuan jartzeko. Tolosak 61 etxebizitza ditu Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programan. Planak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraitzea aurreikusten du, Biziguneko etxebizitza-parkea handitzeko, baita udal programak berreskuratzeko aukerak aztertzea ere. «Ekintza horrekin bat etorriz, udalerriko etxebizitza hutsen ezagutzan sakonduko da, aurrez egindako azterlan espezifikoa eguneratuz, etxebizitza hutsen egoera zein den jakiteko eta alokairu-merkatura zenbat atera daitezkeen kuantifikatzeko», azaldu du Figueridok.
2. ardatza: jada eraikitako parkearen gaineko jarduketak
Lehendik eraikita dauden etxebizitzen birgaitzea sustatzeko neurriak aurreikusten ditu planak, batik bat alokairura bideratzeko. Auzoen berroneratzea, etxebizitzak bereiztea edo segregatzea, eta merkataritza-lokalen erabilera etxebizitzetara aldatzea jasotzen du. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko da, birgaitzeko laguntzen eskaerak izapidetzeko, eta horiei buruzko aholkularitza eskaintzeko. Alokairu babestuko merkatuan sartzeko udal-laguntzak ematen ere jarraituko da.
Fiskalitateari dagokionez, jada martxan jarri dira planak jasotzen dituen zenbait neurri, birgaitzea sustatu asmoz hobari fiskalak areagotzeko onartu berri den Eraikitze, Instalakuntza eta Obren gaineko Zergaren aldaketa, esaterako. Etxebizitza hutsak merkaturatzeko OHZren gaineko %100eko errekargua mantenduko da. Jenderik gabeko etxebizitzen kanona ezartzeko azterketa ere jarriko da martxan.
3. ardatza: alokairurako prestazio eta laguntzen sistema
Ardatz honekin, gazteen emantzipazioa errazteko eta talde zaurgarriei laguntzeko sistema hobetzea aurreikusten du udalak. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko da emantzipaziorako eta alokairurako laguntzen jarraipen eta zabalkundean. Alokairurako laguntzei buruzko Udal Ordenantza ere sustatuko da, eta, gainera, gizarte larrialdietarako laguntzak eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko lankidetza sustatuko dira, bazterkeriaren eta mendekotasunaren prebentzioan.
4. ardatza: gobernantza-sistemak eta koordinazio instituzionala
Planaren eraginkortasuna bermatzeko, eta planaren egikaritze-mailaren ebaluazioa eta jarraipena egiteko, Eusko Jaurlaritza, Alokabide eta Visesarekin koordinatuko da udala. Horrez gain, udaleko Etxebizitza Sailak aholkularitza-zerbitzu integrala emango du etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko, birgaitzearen arloan laguntza teknikoa emateko, eta alokairuaren merkatuko bitartekaritza-programen eta baliabideen gaineko informazioa emateko.