Aste honetan ireki dute Tolosako udal liburutegiko 2026-2027 ikasturteko irakurketa taldeetarako izen-ematea. Eskaintza adin tarte guztietara zabaldu dute, eta saioak urritik maiatzera eskainiko dituzte, hilean behin, Errota eraikineko hirugarren solairuan. Dohainik izango dira. Dinamizatzaileek aukeratuko dituzte irakurketak, eta liburutegia arduratuko da parte-hartzaileentzat aleak lortzeaz.
3-6 urte: Ipuin Txokoa
Aurten ere Miriam Mendoza arituko da ipuin kontalari, baina, aurreko urteetan ez bezala, astelehenetan izango dira saioak, 18:00etatik 19:00etara. Parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez aurre liburutegian, saio bakoitzerako. Izena emateko epea saioa baino astebete lehenago irekiko dute, aforoa bete arte, eta haurrek nahiz helduek eman behar dute izena. Lehen saioa urriaren 5ean izango da, eta izena irailaren 29tik aurrera eman ahal izango da. Informazio gehiago eta gainerako datak webgunean daude ikusgai.
Gazteentzako irakurketa-kluba
Gazteentzako solasaldien eskaintza bi taldetan banatuko dute: 10-13 urtekoen taldea, eta 14-18 urtekoena. Biak Nadin Hussein Hernandezek gidatuko ditu. Saioak ostiraletan izango dira, euskaraz: 10-13 urtekoen saioa, 18:15ean, eta 14-18 urtekoena, 16:30ean. Lehen saioa urriaren 16an izango da. 10-13 urtekoen lehen irakurketa 27 ipuin zopa hartzeko izango da; 14-18 urtekoena, berriz, Esnearen kolorekoa. Izen-ematea irailaren 15ean 16:00etatik aurrera egin ahal izango da udal-webgunean, aforoa bete arte.
Helduak (+16 urte): irakurketa-kluba
Helduentzako taldea Monica Leivak dinamizatuko du aurten ere. Saioak astearteetan izango dira, 18:00etan, gaztelaniaz.
Lehen saioa urriaren 20an izango da eta Margaret Atwooden Por último, el corazón liburua landuko dute. Ikasturtean zehar landuko diren irakurketak webgunean daude ikusgai. Izen-ematea jada zabalik dago, eta udal-webgunearen bidez egin behar da.
Parte-hartzaileren batek beharra izango balu, saio guztietarako eskuragarri egongo da zeinu-hizkuntzako zerbitzua, betiere eskaera aurrez eginda. Informazio gehiagorako, deitu 943 69 74 62 telefonora edo idatzi liburutegia@tolosa.eus helbidera.
Jabetze Eskola eta Galtzaundi
Talde horiez gain, Jabetze Eskolak ere beste bi talde antolatu ditu: Euskal emakume idazleen irakurketa feminista, eta Literatura de mujeres del mundo. Izen-ematea martxan da. Lehen taldeko formatzailea Oihana Iguaran bertsolaria da, eta ostegunetan egingo dute 18:00etatik 20:00etara Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeko 3. gelan, euskaraz. Lehen saioa urriaren 15ean izango da eta Katixa Agirren Barne zerbitzuak izango dute hizketagai. Literaturara hurbiltzeko irakurbide feministez hausnarketa egitea da taldearen helburua, eta bide horretan, hezkuntza literarioak testuetara hurbiltzeko garatu izan dituen eredu matxistak gainditzeko saioak egingo dituzte, literatura geureganatzeko hartu diren joera zenbait zalantzan jartzeko asmoz.
Bigarrengoa berriz, gazteleraz da Mertxe Tranche Iparragirrek emango du asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Andragorako 5 eta 6 geletan.
Eta Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak ere antolatzen ditu helduei zuzendutako euskarazko tertulia literarioak, Yurre Ugartek dinamizatuta. Lehen hitzordua irailaren 30ean izango da, elkartean bertan, Plaza Berrian. Danele Sarriugarteren Beste zerbait landuko dute. Tertulia literarioaren inguruko informazio gehiago, hemen.