Martxan da jarduera fisikorako eta kirolerako orientazio zerbitzua

Hitzordua hartzeko edo harremanetan jartzeko telefono zenbakia eta posta elektronikoa eskura jarri ditu Tolosako Udalak. Olatz Alkorta izango da orientazio zerbitzuaren koordinatzailea. 

Tolosako Udalak martxan jarri du ohitura osasungarriak sustatzeko eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako ariketa fisikoa gidatzeko zerbitzua, Mugiment ekimenaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren lankidetzarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Jarduera fisiko eta kirolerako orientatzaile-zerbitzuak ikuspegi integrala duela azaldu dute udaletik, «eta beste profesional batzuekin koordinatzen da, izan medikuekin, psikologoekin, nutrizionistekin eta abar. Izan ere, jarduera fisikoaz harago, auto-zaintzaren eta ongizatearen kultura sustatzeko asmoa du doako zerbitzu honek».

Orientazio zerbitzuaren helburua, ondorengoa dela gaineratu dute: «Pertsona ez-aktiboei laguntza ematea aktibo bihur daitezen, entzute aktiboa erabiliz jokabide-aldaketa horretan eragina izan dezaketen aldagaiak ulertzeko».

Jarduera fisikorako eta kirolerako orientazio-zerbitzua, batik bat, jarduera fisikorik egiten ez duten herritarrei zuzendurik dagoela esan dute, nahiz eta, «edonor etor daiteke aholku eske».

Funtzionamendua

Olatz Alkorta Tolosako Udaleko KOZeko teknikariak koordinatuko du zerbitzu berria. Honela zehaztu du ekimen honen funtzionamendua: «Erabiltzaileek telefonoz deitu dezakete, 688 840 425 zenbakira, edo bestela, mugitolosa@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi. Anbulatorioan ere har daiteke hitzordua. Ondoren, orientazio zerbitzuko profesionalak erabiltzailearen diagnostikoa egingo du haren ezaugarriak aztertuz, eta ariketa fisikoari lotutako plangintza proposatuko dio. Azkenik, jarraipen bat egingo zaio, eta jarduerak egokitu».

Jarduera fisikorako eta kirolerako orientazio zerbitzuan, taldeko jarduerak ere proposatuko dira: «Udalerrian ezaguna da 65 urtetik gorako pertsonentzako Mugi Tolosa ekimena, eta horrez gain, ikastaroak, tailerrak eta Bizikletan adinik ez jarduera ere martxan izango da. Bizikletan adinik ez ekimena 4 hilabetetan izango da martxan: urriko, azaroko, apirileko eta maiatzeko ostiraletan, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Adinekoek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek bizikletan ibiltzeko aukera izatea bermatzen duen jarduera da, eta helburua du etxetik edo egoitzetatik irteteko zailtasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea». Horretarako, pertsona horiei trizikloetan ibilaldiak egiteko aukera emango zaie, gidari batekin.

Bestalde, antolatutako ikastaroek eta tailerrek askotariko helburuak dituztela jakinarazi dute udaletik, «baina guztiek azpimarratuko dute ariketa fisikoak osasunean duen garrantzia: etxean egin daitezkeen ariketak irakatsiko dira, elikadura osasungarriaren gakoak xehatu eta adineko pertsonek egunerokoan izan ditzaketen zailtasunak saihesteko gomendioak emango dira, besteak beste».

Baliabideak

Orientazio zentroa erakundeen eta tokiko eragileen arteko lankidetzan oinarritzen den ekimena dela esan du Andu Martinez De Rituerto Tolosako alkateak. Horrez gain, ondorengo hilabeteetan jarduera gehiago izango direla aurreratu du. Bereziki gustura agertu da Martinez De Rituerto zerbitzu berri honen aurkezpen ekitaldian: «Osasun integralerako giltzarri da ariketa fisikoa, eta zerbitzu honen bitartez, herritarrak, batez ere jarduera fisiko gutxi egiten dutenak edo zailtasunak dituztenak, bideratu eta motibatu egin nahi ditugu bizitza aktibo eta osasuntsuagoa izatera».

Alkateak, Tolosako Udalak duen konpromisoa berretsi du: «Legealdi hasieratik neurriak jarri ditugu martxan, kirol eta osasun jarduerak herritar guztien beharretara egokitzeko, tolosar bakoitzak duen errealitatetik abiatuta. Zerbitzu honekin, sakontasun eta logika bateratu baten aldeko apustua egiten dugu, erakunde ezberdinekin elkarlanean».

Elkarlan horren isla izan da orientazio zentroaren aurkezpen ekitaldia. Bertan, ondorengo arduradunak izan dira: Malen Ruiz de Azua, Mugiment-eko Idazkaritza Teknikoa; Arantxa Uranga, Osasun Publiko eta Adikzioetako Zuzendariordea; Ane Daza, Tolosako anbulatorioko lehen arretako fisioterapeuta; Arantxa Urruzola, ESIko Erizaintzako laguntzailea; Andu Martínez de Rituero, Tolosako Alkatea; Roberto Ramajo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria eta Olatz Alkorta, Tolosako Udaleko KOZeko teknikaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!