Eskualdetik igaro da irakasle jubilatuen Adostuz elkartearen protesta-martxa

2012 urtetik kobratu ez duten erretiro aurreratuagatiko kalte-ordaina eskatzeko bizikleta martxa egiten ari dira Adostuz irakaskuntza publikoko irakasleak biltzen dituen elkarteko kideak.

Adostuz irakaskuntza publikoko 4.545 irakasle jubilatu biltzen dituen elkartea bizikleta martxa egiten ari da, lan hitzarmena bete dadila eskatzeko, hain justu, jubilazio aurreratuagatiko indemnizazioa ez dutela jaso salatzeko. Irailaren 6an abiatu ziren Gasteiztik, eta hainbat herritatik igaro ostean, gaur, martxaren seigarren egunean, Donostiatik Ordiziarako bidea osatuko dute. Tartean, Tolosan egin dute geldialdia. Bihar Ordiziatik Arrasatera joango dira, eta etzi amaituko dute aldarrikapen martxa, Arrasatetik hasi eta Gasteizera helduz.

Azaldu dutenez, 2012etik ez zaie ordaindu lan hitzarmenean ezarrita dagoen jubilazio aurreratuagatiko kalte-ordaina. «2012an Legebiltzarrak Diru-aurrekontuen Legearen bitartez Eten egin zuen, ez zuen ezabatu eta indarrean jarraitzen zuen jubilatu ginenean, baina etenda dagoenez ez digute ordaindu nahi. Horrela, praktikan, etetea ezabaketa bihurtu nahi dute».

Esan dutenez, aurrejubilazioei esker gobernuak «diru asko» aurreztu du eta langile taldea berritzeko aukera izan du. «Gure aurrejubilazioei esker hezkuntza-birmoldaketa egin dute, baina ez dute ordaindu nahi. Irakasle gazte askok, teoriaz, lan egiteko aukera izan dute. Langileria berrizteko eta gaurkotzeko aukera ez ezik, Eusko Jaurlaritzak dirutza aurreztu du, langile berriek ez baitute antzinatasunagatik ezer jasotzen. Beraz, aurrejubilazioak ez dira zama ekonomikoa gobernuarentzat».

Adostuz elkartearen ustez, Eusko Jaurlaritzak «birmoldaketa isila» egin du, eta, horri esker, Hezkuntza Publikoko ikasgela kopurua «gutxitu da eta ikastetxeak batu, itunpeko ikastetxeak indartuz». Elkarteko kideek gogoratu dute 2012. urtetik ari direla borrokan. «Legebiltzarrak bitan adostu zuen ordaintzeko, baina Eusko Jaurlaritzako gobernuan dauden EAJk eta PSEk ez dute bete nahi».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!