Kultura Plazara ekimenaren hitzordu handiena, asteburuan

Ezker eskuin Haatik dantza konpainiako Izaro Urrestarazu eta Aiert Beobide, Javi Rivero sukaldaria, Goiuri Ezeiza kultur zinegotzia, Julen Caminos produkzioko kidea eta Bidatz Sasiain Osabi kosmetika naturaleko artisaua. A. ARROYO

Tolosako Zumardiaundian ostiralean eta larunbatean egingo dituzte ekitaldiak. Azken hitzordua irailaren 26an izango da: Urkizun emango du kontzertua Niko Etxart eta Hapa Hapa taldeak.

Asteburu honetan egingo dituzte Kultura Plazara ekimenaren jarduera nagusiak. Ostiral arratsaldetik larunbat gauera Zumardiaundian izango dira, besteak beste, kontzertuak, dantza emanaldiak, eskualdeko artisauen zein ekoizleen azoka eta janari postuak. 

Ostiralean, hilaren 11n, 19:00etan zabalduko du egitaraua Haatik dantza konpainiak eta Jone San Martin koreografoak elkarlanean ondutako IOI dantza emanaldiak. Ordubete geroago, 20:00etan, hasiko da Mugan musika taldearen kontzertua, eta egun horretako eskaintza Lide Hernandoren Bele taldeak borobilduko du.

Larunbata, berriz, Tolosaldeko Sortzaileen Azokarekin hasiko dute. 11:00etan zabalduko dituzte postuak, eta azokak aukera emango du eskualdeko artisauen zein ekoizleen proiektuak eta produktuak ezagutzeko. Zuzeneko lehen ikuskizuna 13:00etan izango da, hain zuzen, Kattalin eta Nenufarrak musika taldearen kontzertua. Arratsaldera begira, 18:00etan hasiko da J. M. Brutal, La Pez konpainiaren kale antzerki ikuskizuna. Eta antzerkiari segida zuzeneko musikak emango dio, kontzertu bana emango baitute Bengo eta Gēre musikariek, hurrenez hurren, 20:00etan eta 22:00etan.

Kultur proposamenez gain, bi egun horietan janari eskaintza ere egongo da Zumardiaundian, bertan hanburgerrak prestatzen arituko baitira elkarlanean Marrua eta Ama jatetxeak.

Zenbait aldaketa

Tolosako Udaleko Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak aurreratu du aldaketa «pare bat» izango dituela aurten Zumardiaundiko jaialdiak: «Maila handiko musikariak zein dantzariak eta eskualdeko sortzaileak gonbidatu ditugu berriro ere; oraingo honetan, ordea, ordeutegiak moldatu ditugu, aintzat hartu baititugu joan den urtean herritarrek egindako proposamenak. Gainera, familia antzerkia ere gehitu dugu, ahalik eta tolosar gehienek lekua izan dezaten Zumardiaundian». 

Bestalde,  egitasmoa bera goraipatu du kultur zinegotziak: «Uztailaren 12an eman genion hasiera Kultura Plazararen aurtengo edizioari, eta, ordutik, Tolosako hainbat auzo kultur ekimenez bete ditugu, Larramenditik Bedaioraino. Udan ere, herrian bertan, adin guztietarako kultur emanaldiekin gozatzeko aukera izan dugu, sormenak oporretan ere ez duelako etenaldirik». 

Hari berari tiraka, orain arteko ibilbidearen inguruan ere gogobeteta hitz egin du Ezeizak: «Oraindik saioak egingo badira ere, esan dezakegu arrakastatsua izaten ari dela orain artekoa, eta adibide zehatz batzuk aipatuko ditut: lehen aldiz, Zabalarretara eraman dugu emanaldi bat eta jendetza bertaratu zen; horrez gain, Aldaban Petti ikustera joateko autobusa ere bete egin zen». 

Azken ekitaldia

Hitzordu nagusitzat asteburu honetako jaialdia jo badute ere, irailaren 26an izango du azken ekitaldia Kultura Plazara ekimenak, eta ez nolanahikoa: Niko Etxart eta Hapa Hapa musika taldeak emango du kontzertua. 

Egitasmoaren orain arteko ildoari segika, Tolosako erdigunetik kanpo antolatu dute azken hitzordua: Urkizun izango da kontzertua, eta 18:00etan hasiko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, kulturaplazara.eus/zumardiaundia web orrialdera jotzeko adierazi dute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!