Iruñeko Antzerki Testuen 35. Lehiaketa irabazi du May Gorostiaga tolosarrak Berriro mundu berri bat lanarekin. 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, testua antzerki-lan bilakatuko dute, eta Iruñean bertan taularatuko dute.
Hain justu, azaro amaieran taularatuko dutela lana iragarri dute. May Gorostiaga egileak berak zuzenduko du, Intujai eta Nafarroako Antzerki Eskola konpainiekin batera. Estreinaldiaren ondoren, ikastetxeetara bideratuko dute lana. Tolosarra oso pozik azaldu da sariarekin, eta eskerrak eman dizkie Iruñeko Udalari eta Nafarroako Antzerki Eskolari.
Berriro mundu berri bat lanak epaimahaia konbentzitu du, «obra dibertigarria delako, aktualitateko gai bat lantzen duelako eta haurrentzat ikuskizun erakargarri bihurtzeko aukera handiak dituelako». Istorioa espazio bakar batean gertatzen da, eta epaimahaiaren arabera, ezaugarri horrek lana eszenatoki handi zein txikietara egokitzea errazten du.
Protagonistak Sorkun eta Ekine dira, eta aukera duten guztietan ganbarara igotzen dira. Haiek Sorkuntza Garrantzitsuen Laborategia deitzen diote leku horri, eta bertan mota guztietako asmakizunak sortzen aritzen dira. Marmitako lagunaren laguntzarekin eta izebaren maitasunarekin, badirudi haien irudimenak ez duela mugarik. Hala ere, haien sorkuntzen argia itzaltzeko gai den mehatxu bat agertuko da: Ilun Jauna.
Irudimenaren, umorearen eta gaur egungo gai baten arteko konbinazio hori izan da epaimahaiak gehien baloratutako alderdietako bat. Epaimahaia Lorena Arangoak, Iordan Rodorovek eta Imanol Haranburuk osatu dute.
Antzerki Testuen Lehiaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatzen dute, eta haurrentzako publikoari zuzendutako dramaturgia bultzatzea, antzerki garaikidea indartzea eta txikitatik kultura- eta arte-aberastasuna handitzea du helburu. Deialdia 18 urtetik gorako edonorentzat egoten da zabalik. Aurtengo edizioan 130 lan jaso dituzte, horietatik, 120 gaztelaniaz eta 10 euskaraz.
Gorostiagaren lana euskarazko atalean izan da irabazlea. Gaztelaniazko atalean, berriz, Rocío Belloren eta Javier Hernandoren Macarrones con tomate lana nagusitu da.