Urtarrila arte udazken-neguko kultur ekitaldiak izango dira Tolosako Leidorren eta Topic-en. Musika, dantza eta antzerkia izango dira nagusi, baina bestelako emanaldiak ere izango dira. Xake Produkzioak konpainiak sortutako Sidari antzezlanak abiatuko du egitaraua irailaren 25ean, 20:00etan, Leidorren. Dagoeneko sarrerak eskuragarri daude hemen.
Kepa Errastik idatzi du Sidari, eta Getari Etxegaraik zuzendu du. Obrako aktoreak ere badira Errasti eta Etxegarai, Iholdi Beristain eta Hodei Arrastoa zizurkildarrarekin batera. «Badakigu orainak etorkizuna alda dezakeela, baina aldatu ahalko luke etorkizunak oraina?». Galdera horri erantzunez, 30 urte inguruko bikote gazte heterosexual baten istorioa kontatzen da. Jone eta Jokin dira protagonistak, eta Interrail bidaia egitea erabaki dute Europan beren zortzigarren urteurrena ospatzeko. Harremanari dagokionez, oso egoera ezberdinean dago bakoitza; Jokin bere neskarekin oso gustura dagoen bitartean, Jonek zerbait falta duela sentitzen du, eta zalantza handiak ditu ea Jokin ote den bere «bizitzako bidelaguna». «Baina zer da bidelagun bat?», dio Errastik.
Trenera igotzearekin bat, bikote edadetu batekin topo egingo dute. Bikotea bananduta dago, baina aisialdiko planak elkarrekin egiten jarraitzen du; besteak beste, batera bidaiatzen dute. Ez dute norabide garbirik, baina gomendio bat egingo diote bikote gazteari: Greziako Korfu uharteko Sidari herrian dagoen kanal bat bisitatzera joatea, eta kanal hura igerian gurutzatzea. Kondairak dioenez, hori egiten duten bikoteek bizitza osorako maitasuna izango dute. Bidaiako une ezberdinetan adineko bikotearekin topo egingo dute, eta Jone ulertzen zaila den zerbait susmatzen hasiko da.
Errastiren testuek eta Etxegarairen zuzendaritzak formula arrakastatsua osatu dute urteotan; gizarteko gai sakonak edo tabuak mahai gainean jartzen dituzte, baina betiere gertuko umoretik, samurtasunetik eta hunkidura sakonetik abiatuta. «Beste pertsonaia mota batzuk zituen obra sortzeko proposamena egin zidan Etxegaraik, eta hortik abiatuta, bikote gazte eta adineko baten arteko elkartze bat egiteko ideia izan nuen», kontatu du Errastik.
Errastik bere buruhasteetatik abiatuta sortzen ditu maiz istorioak, eta oraingoan ere galdera bati tiraka ondu du gidoia: «Zer da bidelagun izatea? Askotan maitasuna erromantizatzen dugun moduan, haustura ere erromantizatu egiten dugu, eta erromantizatu diodanean, zentzu negatiboan ari naiz. Hau da, askotan bikotearekin mozten dugunean ikuspuntu negatibo batetik ikusten dugu. Denetik dago, baina bada orokortua dagoen zerbait, eta horrek ez du horrela izan beharrik».
Errastik eta Etxegaraik interpretatuko duten adineko bikotea da horren isla. «Nire pertsonaia oso emakume bizitua da, eta bere bikotekidearekin bananduta dago, baina, aldi berean elkarrekin ari dira bidaiatzen, eta beraz, ez daude hain bananduta. Obran horren inguruan ere hitz egiten dugu, nola askotan bikoteak banandu egiten diren, baina nola bizitza guztian elkarrekin jarraitzen duten nolabait. Hauek oso lagunak dira eta asko maite dute elkar», azaldu du Etxegaraik.
Sidari ikuslea gogoetara bultzatuko duen obra da, eta publiko helduari zein gazteari zuzenduta dago. «Egia da gaztea zarenean beste bikote edo harreman esperientzia batzuk izaten dituzula, eta gauza batzuekin enpatia izatea zaila izaten da, baina, nik uste dut proposatzen diren galderek edonori gogoeta eragiten diotela, eta horregatik, uste dut helduagoa den publikoarekin konektatzea errazagoa izango dela. Hala ere, oso antzezlan dibertigarria eta interesgarria dela uste dut bai publiko heldua zein gaztearentzat», adierazi du Errastik.
Pertsonaien eraikuntza
Aipatu moduan, aktore lanetan ere ariko dira Errasti eta Etxegarai bera, eta entseguekin «gozatzen» ari direla azaldu du Errastik: «Aurreko obretako pertsonaien eraikuntzak estilo naturalistago batetik abiatuta zeuden, eta kasu honetan, horrekin hautsi dugu eta asko disfrutatzen ari gara. Horrek ere aukera eman digu idazketarako orduan geure burua gustura dagoen lekuan jartzeko, eta, zentzu horretan, erraza izan da pertsonaiaren azalean jartzea».
Xake Produkzioak taldearekin zuzentzen eta antzezten duen bosgarren obra izango du Etxegaraik —lehena 2016an izan zen Mami Lebrun izeneko obrarekin—, eta dagoeneko kontrolpean du antolakuntza lana. «Badakit gauzak nola egin behar diren, baina orain arte kanpo begiradatik aritu naiz lanean, laguntzaile bat daukadalako nire papera egiten egon dena. Hemendik aurrera, ordea, alderantziz tokatu zait, hau da, bera behealdean egongo da eta niri eszenatokira igotzea tokatuko zait», azaldu du.
Entseguekin pozik agertu da zuzendaria: «Oso talde ona sortu dugu eta nahiko erraz joan da orain arteko lana; izan ere, asko ezagutzen dugu elkar, urte asko baitira elkarrekin lanean gabiltzanak eta bakoitzaren dohainak eta ahulguneak aski ondo ezagutzen ditugu. Beti esaten dudan moduan, umoreak bakarrik salbatuko gaitu, eta kasu honetan ere halaxe izaten ari da».
Kepa Errasti: «Landuko diren gaiek mamia duten arren, dibertitzera joan gara»
Azken lan honetan umorea ez dela faltako gaineratu du Errastik: «Landuko diren gaiek mamia duten arren, asko dibertitzera joan gara, eta horrekin batera espero dugu publikoa ere gurekin batera dibertitzea. Estilo aldetik, nik uste dut Fadoak entzuten zituen gizona lanarekin duela antzekotasun handiena; obra erosoagoa eta umoretsuagoa zen, eta azken obra honetan ere umore surrealistarekin jolastu nahi izan dugu, esperpentikoagoa; izan ere, bikote helduak paper garrantzitsua beteko du, oso berezia baita».
Bost obra hamar urtetan
Kepa Errastik Xabier Ormazabalekin batera sortu zuen 2015ean Xake Produkzioak konpainia, Aitona Mantangorria izeneko laburmetraia estreinatu ostean. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzei esker finkatu zen taldea; 2014an antzerki testuak idazteko laguntza eta 2015ean konpainia hasiberrientzako diru laguntza jaso ostean, proiektua profesionalizatzeko bidea ireki zien, eta 2016ko maiatzaren 6an Mami Lebrun estreinako antzezlana aurkeztu zuten Tolosako Topic aretoan.
Helburu nagusia «euskarazko ikus-entzunezko zein antzerki lan berriak sortzea, garatzea eta euskal agertokietara eramatea» dela azpimarratu du Errastik. Hala ere, gaur egun euskal antzerkigintzak bizi duen egoera ez dela batere erraza aitortu du gidoilariak: «Ez da batere erraza honetatik bizitzea; batetik, programazioa mugatua delako, eta bestetik, antzerki konpainia asko daudelako. Obra batzuk ondo funtzionatuko dute, baina hain ondo funtzionatzen ez dutenak zulo bat sortu dezakete konpainian, eta horren ondorioz, erabaki bat hartu behar izaten da».
Hasieran hamar urte beteko zituenik espero ez bazuten ere, konpainiak aurten hamarkada bete du. «Gure ametsetako bat ez zen konpainia sortzea, antzerki obra bat egiteko sortu genuen ordea, baina azkenean, inertziagatik aurrera egitea erabaki genuen eta dagoeneko hamar urte igaro dira», esan du Errastik.
Errastik sorkuntza-testuak idazten dituen bitartean, lantalde osoaren parte-hartzea eta iritzi-trukea bultzatzen ditu lan bakoitzari forma emateko. Ohiko bidelagunen artean Etxegarai bezalako zuzendariak aritzen dira, eta guztira, bost obra aurkeztu dituzte: Mami Lebrun, Lur, Fadoak entzuten zituen gizona, Postdatarik gabeko gutunak eta, azkena, irailaren 25ean Tolosan aurkeztuko duten Sidari antzezlana.


