Bihar eta etzi gauean lanak egingo dituzte N-Ieko Tolosako Santa Lutzia auzoko lotunean

Iturria: Google Maps

N-1 errepideko 436. lotuneko, Santa Lutzia auzoan, zorua birgaitzeko lanek eragina izango dute trafikoan. Lanak 22:00etatik 06:00etara egingo dituzte.

Asteazken gauean (irailak 9-10) Gasteizerako noranzkoko sarbideak itxiko dituzte, hau da, N-I errepidearen eta Santa Luzia garajearen arteko tartea itxiko dute, eta ondorioz, N-1etik Tolosa iparraldera sartzeko 434. irteera (Tolosa erdigunea) hartu beharko da herrigunera sartzeko, edo bertan norabide-aldaketa egin eta Donostiarako noranzkoan itzuli 436. lotunera iritsi arte. Tolosa iparraldetik N-Iera sartzeko (Gasteizerako bidean) Donostiarako norabidea hartu beharko da lehenbizi eta 439. lotunean (Irura iparraldea) norabidea aldatu. Bestela, Tolosa barrualdetik joan daiteke 434. lotuneraino.

Ostegun gauean (irailak 10-11) Donostiarako noranzkoko sarbidea itxiko dute, hau da,  N-I errepidearen eta Orixe institutura doan bidearen arteko lotunea. Hori dela eta, Donostiarako noranzkotik Tolosa iparraldera sartzeko 439. irteeraraino (Irura) jarraitu beharko da eta bertan norabidez aldatu Gasteizko noranzkoko 436. irteera hartzeko. Tolosa iparraldetik N-Iera sartzeko (Donostiarako bidean) Gasteizko noranzkoa hartu beharko da eta 434. lotunean (Tolosa erdigunea) norabidea aldatu, edo GI-3650 errepidea erabili Anoeta eta Irura aldera joateko, 439. lotunetik N-1era sartuz.

Lanak amaitu bezain laster, behin-behineko seinaleak kenduko dituzte eta trafikoak ohiko martxa berreskuratuko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!