ELKARRIZKETA

«Jendeak fobia asko ditu, eta gero eta gehiago»

Imanol Garcia Landa

Antxon Goikoetxea izurriteen kontrolerako teknikaria. I.G.L.

Gustuko du bere lana Antxon Goikoetxeak, tarteka traje bereziekin lan egiteak eragiten dion beroa sufritu arren. Lanean beti ikasten aritzeko eta lekuak ezagutzeko aukera duela nabarmendu du.

Antxon Goikoetxea (Tolosa, 1967) izurriteen kontrolaren arloan aritzen da lanean Tolosako SGM Degur enpresan. Pipiak, termitak, labezomorroak, inurriak, arratoiak, liztor asiarrak... kontrolatzea da bere jarduna.

Nola sartu zinen izurriteen aurkako arloan?

Egurraren mundutik nentorren, zerrategi batetik. Pixkanaka hori utzi genuen, baina egurraren tratamenduen munduak erakartzen ninduen, eta pentsatu nuen horretan hastea. Kontua da Europako araudi berriekin horretan sartzeak ekartzen zuela izurrite-kontrolen gai guztiak egitea. Exijitzen zizuten egurraren tratamenduaz gain, desinfekzioa, arratoien aurkakoa, intsektuen aurkakoa, legionella… egitea. Gaur egun goi-mailako ziklo bat egin behar da teknikaria izateko.

Egurrak zer izurrite izaten ditu?

 

Xilofagoak, egurra jaten dutenak, hau da, pipiak. Bestalde, termitak ere badaude.

Euskal Herrian termitak daude?

Bai, asko daude. Espainian asko daude, Euskal Herrian ere, eta Tolosan ere bai. Tolosa inguruan badugu aurri-egoeran dagoen eraikin bat, egurra falta baita eta etxea mugitu egiten da. Termitena beste mundu bat da, oso berezia da. Ez dira ikusten, arrastoak bilatzen ditugu, eta horren arabera joaten gara aparatu batekin entzutera. 

Pipiei dagokienez, egiten duten zuloaren arabera erabakitzen da zer tratamendu egin. Azalean ibiltzen den motakoa bada, lainoztatze batekin nahikoa da. Barrurago ibiltzen den motakoa bada, balbula batzuekin egurraren barruan intsektizida sartzen da. Barruan daudenean har bezala daude eta jaten joaten dira, eta mota bakoitzak bere ziklo biologikoa du; bi, hamar eta hamabi urtekoa ere izan daiteke motaren arabera. Garaia iristen denean, tximeleta bihurtu eta zerrautsa botatzen dute eta atera egiten dira; zerrautsa ikusten dugunean, atera egin dela esan nahi du, zulotik atera egiten baitira. Gero tximeletak arrautza jartzen du egurreko edozein lekutan. Behin arrautza uzterakoan, oso gutxira hil egiten da tximeleta.

Nolakoa da termiten mundua?

Zelulosa duen guztia jaten dute: arropa, liburuak, egurra… Egurraren barrua hustu egiten dute, eta masa guztia galarazi egiten diote. Janaria ez dute garraiatzen, ahoz aho bidaltzen dute atzeraka. Termita soldaduak ere badaude.

Termitak aparatu baten bidez entzuten dira, beti jaten daudelako. Hori bai, jakin egin behar da entzuten. Behin topatzen ditugunean, kaxa txiki bat jartzen dugu, tapatxoarekin itxita. Hor formulazio bat jartzen da, oinarrian zelulosa duena. Behin kontaktuan jarrita, egurra utzi egiten dute, hori gehiago gustatzen zaielako. Baina ez dira hiltzen; atzeraka bidaltzen dute jana, eta gaixotzen joaten dira. Termitek azala aldatzen dute eta orduan hiltzen dira. Tratamendua bost urtekoa izan daiteke. Normalean, urte eta erdian bukatzen da, termitategi handia ez bada. Baina bost urte irauten du, ez dakigulako atzeman dugun termitategia nagusia ote den edo bigarren mailakoa. Badaezpada zelatatzen segitzen dugu. Jakiten dugu bukatu dela, termitak ez daudenean, kontsumoa bukatzen denean, eta termita-soldaduak hasten direnean jana bidaltzen. Eta ikusten dugunean ez dagoela kontsumoa, orduan bukatu da.

Tolosan termiten aurka lanean aritu zarete?

Bost lekutan egin dugu lana Tolosan. Alegian eta Legorretan ere egin ditugu jarduketak. Jendeak uste du ez dagoela hemen termiten arazorik. Garai batean oso kaltetuta egon zen Azkoitiko Alde Zaharra, eta hor sartu ziren udala eta aldundia, jende asko. Nazioarteko enpresa bat etorri zen lan hori egitera.

Lan handia eskatzen du, beraz.

Lan handiena azterketa egitea da. Ahal duzun sakonena egin behar duzu: zenbat eta leku gehiago aurkitu, orduan eta hobea izango da lana.

Beste zer lan egiten dituzue?

Gaztelaniaz DDD deitzen zaiona: desinfekzioa, intsektuen aurkakoa eta arratoien aurkakoa. Normalean elikagai industrian egiten da. Ezer ez izan arren, osasungintzak galdetu egiten die tabernei-eta ea kontrola nola egiten duten. Arazo handiena inurriak, labezomorroak —horiek dira arazo handiena— eta arratoiak izaten dira. Intsektuen aurkakoak etxeetan asko egiten ditugu: bai inurriak, bai labezomorroak, eta arratoiak ere bai. Arratoiak sabai aizunetan-eta sartzen dira. Pozoiarekin kontrolatzen ditugu, eta komertzio batera sartzen badira zepoak edo tranpa itsaskorrak jartzen ditugu. Sekretua da elikagai egokia jartzea, erakargarria izateko.

Bestelako zer intsektu edo animalien aurka egiten duzu?

Adibidez zimitzen aurka egin izan dugu, eta usoak ere kendu izan ditugu. Tolosako Udalarekin zazpi hilabetez egindako kudeaketa batean 482 uso harrapatu genituen. Usoena ere kudeatu egin behar da, ezin baitira jan. Ezagutzen dut falkoneriako jendea, eta horiek hartzen dituzte, bizirik entrenatzeko, edo baita hilda ere —izoztuta parasitoak kentzeko— jana bezala erabiltzeko amu gisa.

Zer arazo suposatzen dute usoek?

Jendeak ez daki, baina usoek gaixotasun asko dituzte. Arnasa hartzeko zailtasuna duen jendeak teilatuan usoak baditu, usoen kakarekin-eta arazoak izan ditzake. Arazoak teilatuetan izaten dira, eta terrazatan ere bai.

Legionellaren aurka ere egiteko prestatuta zaude?

Legionellaren arloko teknikariak gara, baina ez dugu hori kudeatzen. Horrek denbora asko eskatzen du, eta ez daukagu horretarako aukerarik. Paper asko egin behar dira, analisi asko, araudia aldatu egin da, eta horrelako kasuetan enpresa batera bideratzen dugu. Harreman ona dugu, eta haiek horretan bakarrik jarduten dute.

Beste zer-nolako deiak izaten dituzue?

Adibidez, saguzarrengatik deitzen digu jendeak. Horiek ezin dira hil. Deitu izan digute ere eskaratzean suge bat sartu delako, eta hori ere ezin da hil. Horrelakoetan animalien babeserako erakundeei deitzen diozu, edota suhiltzaileei, eta horiek ateratzen dute. Bestalde, boladan dagoena liztor asiarra da. Hor habiara iritsi behar duzu. Suhiltzaileek kentzen dituzte, baina denak ez. Aldundiak eta udalerriek kontratuak dituzte. Guk lana egiten dugu bi udalerrirentzako, horietako bat Nafarroan. Liztor asiarra azaltzen denean, bertara joan, traje berezia jantzi eta pozoia sartzen dugu liztor-habiaren barruan.

Zure lanean arrisku handiena liztor asiarra da?

Beno… Arratoi asko dagoen lekuan arnasa hartzea edota haien pixarekin infekzio bat hartzea, zauri bat egin duzulako-edo pixa egiten duten leku batean gauzak konplikatu daitezke. Liztor asiarra baketsua da, bere martxan doa, baina gaiztotzen denean oso oldarkorra da. Asko etortzen zaizkizu. Traje berezi batekin joaten gara, eta pozoiak ez du uxagarririk izan behar, bestela aztoratu egiten dira. Erlezainen trajea zeharkatu egiten du, eta galtza bakeroak ere bai. Ziztatuz gero txarra da.

«Liztor asiarra baketsua da, bere martxan doa, baina gaiztotzen denean oso oldarkorra da»

Noizbait ziztatu al zaituzte?

Bai, pare bat aldiz, baina banaka. Edozein lekutan egiten dute habia. Tolosan kendu genuen habia bat etxe bateko balkoian zegoen motoko kaskoaren barruan. Erosketako karro baten barruan ere bai. Gero eta merkantzia gehiago mugitzen da, eta gero eta azkarrago, eta intsektuek bidaia horiek egiten dituzte. Liztor asiarra edukiontzi batean iritsi zen Baionara, eta begiratu non dagoen orain. Erleak jaten dituzte, eta min handia egiten dute. Nik ikusi izan ditut kiwiak jaten, mahatsa ere bai, eta erleez gain euliak ere jaten dituzte.

Lana badago, beraz.

Lana badago, baina jende asko saiatzen da bere kabuz konpontzen. Ikusten naute esprai batekin eta uste dute beraiek ere berdina egin dezaketela. Baina esprai hori erabilera profesionalerako da, ez etxeko erabilerarako. Ez da berdina. Termitak dituztela-eta drogeriara joaten dira, eta gauzak botatzen hasten dira... Edo beste batzuetan hona etortzen dira, eta esaten didate altzari bat dutela pipiekin, eta pozoia botatzen dutela zuloan ea eragiten duen. Nik esaten diet zuloa egiten dutela ateratzeko, eta ez duela balio hor botatzea. Bere kasa ibiltzen dira eta azkenean guregana etortzen dira. Orduan ikusten duzu zer aberia dagoen.

Lanaren alde txarrena zein izaten da?

Ibili berri naiz teilatu azpi batean balbulatan injektatzen, eta goizeko zortzi eta erdietatik aritu naiz buzoa, maskara eta eskularru bikoitza jarrita, dena plastikozkoa. Izerdi asko botatzen duzu, eta bero handia pasatzen duzu. Liztorren habia kentzera joaten zarenean trajearekin zoaz, eta ondo egin behar duzu aldamenean duzulako liztor mordo bat. 25 metrora banago habia kentzen… Udazkenean hostorik ez dagoenean gehiago ikusten duzu, baina hego haizea ere izaten da eta dena mugitzen da. Eta batzuetan badituzu metro bateko altuerarik ere ez duten teilatupeak, eta astebetean etzanda egin behar duzu lana egurraren tratamendua egiten.

Eta zein dira alde onak?

Beti ikasten zaude, eta ez zaude geldirik leku batean. Leku onak ere ezagutzen ditugu: jauregietan egon naiz, elizen barruak ere ikustekoak izaten dira, hainbat baserri ikusgarritan eta historia handikoetan ere egon naiz… Horretaz gain, hainbat herri ezagutzen dituzu. Orain Arbizun egon naiz; gero, Allira noa, gero Lekunberrira, gero Aurizberrira… Duela bi urte Otsagabian egon nintzen, eta han pare bat egun pasatu nituen. Ez da bulego batean sartuta egotea. Bestalde, pozoi berriak ateratzen dira edota metodo berriak, eta horiek ikasten zoaz. Prestakuntza beti izaten da, beti zaude ikasten. Aparatu berriak ateratzen dira ere, eta horiek ere probatu…

Zein da kontrolatzeko izurriterik zailena?

Bezeroa urduri jartzen denean. Arazo bat duenean, adibidez arratoiak daudela, eta bai ala bai kentzeko eskatzen dizunean. Eta zuk erantzuten diozu ez dakizula non dagoen. Eta berak ateratzeko… Eta esaten diot pozoia jarriko dugula, edo tranpa jarriko dugula, eta hurrengo egunean pasatuko garela eta pazientzia izateko, eta bezeroak erantzuten dizu arratoia ateratzeko… Jendeak fobia asko ditu, eta gero eta gehiago. Gaur egungo gazteak… Badago jendea txalet batean bizi dena herri txiki batean eta ez duela euli bat ere etxe barruan ikusi nahi… Nafarroako herri batean, behiak kalean ibiltzen diren horietako batean, landetxe batera joan nintzen iaz. Familia batzuk egon ziren seme-alabekin asteburua pasatzen, eta igande goizean, ordaindu gabe alde egin zuten, hiru liztor ikusi zituztelako etxe barruan… Naturan zaude, baina jende askok ez du hori ulertzen. Niri kexatu egin zitzaidan norbait igande eguerdi batean taberna batean zerbait hartzen ari nintzela uso bat arropa zabaltzeko lekuan jarri zitzaiolako. Iritsi gara maila batera ez dugula nahi ezer egotea, eta, bestalde, beste batzuek dena bizirik egotea nahi dute.

 

«Niretzat deigarrienak termitak dira: ikusgarria da egurrari zer egiten dioten»

Zein animalia edo intsektu egin zaizu deigarriena?

Termita. Egurrari zer egiten dioten ikusgarria da, nola antolatzen diren, pareta baten barrutik igotzeko duten gaitasuna, zergatik bigarren pisuan hasten dira jaten eta ez lehenengoan… Mila kontu dituzte. Hain txikiak izanik, inurriak bezalakoak, eta nolako gaitasuna duten: niri zulagailuarekin zuloa egitea kostatzen zaidan egurra zulatu eta jateko. Erronka da haien aurka egitea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!