Tolosak munduko hiru bikote onenetakoak bildu ditu Nage no Katan

Judo Tolosako bi bikoteek podiuma eskuratu dute Madrilgo Europako zirkuituko proban, Juanjo Etxebesteren omenezko asteburu berezian.

Azken asteak bereziak eta gogorrak izan dira Judo Tolosarentzat. Alde batetik, duela bi aste Juanjo Etxebeste hondarribitarra, taldeko prestatzailea izandakoa, hil zen. Bestetik, azken hamar egunetan mundu mailako hainbat judokarekin eta prestatzaileekin partekatu ditu entrenamenduak Tolosako taldeak.

Kolonbiako selekzioko prestatzaile Glatenferd Escobar, 2022ko Munduko txapelduna, eta Judo Tolosaren aurkari diren Edwin Gomez eta Andrés Restrepo izan dira Tolosan azken egunotan. Duela hiru urte bezala, oraingoan ere Euskal Herria aukeratu dute euren prestaketa lanak egiteko, eta horrek erakusten du Tolosak erreferente izaten jarraitzen duela mundu mailan Nage no Katan.

Kolonbiako bikoteak Tolosara etortzea erabaki du Madrilgo txapelketa, Hego Ameriketako Jokoak eta Munduko Txapelketa prestatzeko. Edwin Gomez eta Andrés Restrepo munduko rankingeko bosgarren bikotea dira, eta Judo Tolosako Unai Saralegi eta Unai Regillaga, hirugarren postuan, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri, seigarrenean, kontuan hartuta, munduko sei bikote onenetako hiru Tolosan izan dira batera lanean.

Madrilen, podiuma Juanjori eskainita

Pasa den larunbatean Madrilen jokatu zen Europako zirkuituko beste proba bat, Munduko Txapelketa aurretik geratzen den azkena. Judo Tolosako bi bikoteek hartu zuten parte, eta txapelketa berezia izan zen lau judokentzat, Juanjo Etxebesteren galeragatik.

Txapelketaren hasieran, minutu bateko isilunea gorde zen euren prestatzaile izandakoaren omenez. Kirol arloan ere maila handiko lehia izan zen, munduko rankingeko lehen sei bikoteetatik lau bertan izan baitziren: Judo Tolosako bi bikoteak, Kolonbiako bikotea eta Schmidt anaia alemaniarrak.

Sailkapen fasean, Tolosan azken egunetan batera entrenatzen aritu ziren hiru bikoteak multzo berean kokatu ziren, eta Schmidt anaiak beste taldean geratu ziren. Tolosarren multzoan, Kolonbiako bikotea lehen postuan sailkatu zen, Unai Saralegi eta Unai Regillaga bigarren eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri hirugarren.

Finalean, lau bikote faboritoekin batera, Poloniako bikote bat eta Aragoiko beste bat izan ziren. Azkenean, Unai Saralegi eta Unai Regillaga izan ziren garaile eta urrezko domina eskuratu zuten. Joseba Regillaga eta Joseba Etxarrik, berriz, brontzea lortu zuten; kolonbiarrek zilarra eskuratu zuten, eta munduko egungo txapeldunorde diren Schmidt anaiek laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Emaitzatik harago, une berezia bizi izan zuten lau judokek podiumean. Juanjori eskaini zioten lortutako emaitza, eta berak eraman ohi zuen txapela eskuetan zutela igo ziren podiumera.

Orain, helburua argia da: hilaren 26an Sarajevon jokatuko den Munduko Txapelketa. Judo Tolosako bi bikoteek munduko onenekin lehiatu eta podiumerako bidea aurkitzen saiatuko dira, azken asteetako prestaketa lanari eta Tolosan egindako entrenamenduei jarraipena emanez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!