Yoga, joskintza eta erleei buruzko ikastaroak antolatu dituzte gazteentzat

Saioak Tolosako kultur etxean izango dira.

18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikastaroak antolatu dituzte. Izen-ematea astelehenean irekiko dute eta hilaren 20ra arte egongo da zabalik. Topagunea irailaren 16an irekiko dute.

Tolosako Udalak prest du gazte ikastaroen zerrenda; yoga, joskintza eta erleei buruzko ikastaroa antolatu ditu. Urritik abendura bitarte izango dira, euskaraz, Tolosako kultur etxean. Ikastaroak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude.

Irailaren 14tik 20ra izango da aurretiko izen-ematea, eta ikastaroak gutxienez bost pertsonaren izen-ematea izan beharko du aurrera egiteko. Talderen batean hamar lagun baino gehiago elkartzen badira, zozketa egingo dute aurretiko izen-ematea amaitutakoan; hau da, irailaren 21ean. Kasu horretan, hurrengo egunean jakinaraziko dituzte emaitzak, posta elektronikoz. Behin betiko izen-ematea irailaren 23tik 30era egin beharko da, ikastaroan tokia gordetzeko.

Aurretiko izen-ematea formulario honen bidez egin beharko da. Kontuan hartu behar da izen-emate orri hori ez dela argitaratuta egongo irailaren 14ra arte. Irailaren 23tik 30era egingo den behin betiko izen-ematea, aldiz, Tolosako Udalaren egoitza elektronikotik egingo da, dagokion izapidera sartuta; edo bestela, aurrez aurre UDATEn, herritarren arretarako bulegoan: astelehenetik asteazkenera, 07:15-14:15 ordutegian; ostegunetan, 07:15-19:00; eta ostiraletan, 08:15-14:15.

Hiru ikastaroek 20,10 euroko prezioa dute, eta ordainketa bakarrean ordaindu beharko da zenbatekoa, urriaren 1etik 30era bitartean. Ordainketak banku-ordainketa bidez egitea lehenesten dute, helbideratuta; aukerarik egongo ez balitz, Tolosako Udaleko zerga-bilketa unitatera jo daiteke, ordainagiria eskatu eta diru-sarrera banketxean egiteko.

Kultur ikastaroak

Bestalde, irailaren 11n amaituko da kultur ikastaroetan izena emateko epea. Antzerkia, argazkigintza (hastapena eta aurreratua), balleta, dantza garaikidea, ehoziri-lanak eta patchworka, pintura eta marrazketa, eskulanak eta zeramika eskainiko dituzte. Ikastaro gehienak helduei zuzendutakoak dira, baina badira haurrei zuzendutako batzuk ere. Informazio gehiago, hemen.

Topagunea: irailaren 16tik aurrera, zabalik

Irailaren 16an irekiko dute Gazte Topagunea. 6. mailatik hasi eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako zerbitzua da. Asteazkenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara bitarte egongo da zabalik, eta larunbat zein igandeetan, 16:30etik 20:30era. Hona hemen datozen egunetarako jarduerak:

  • Irailak 16: Topagunearen irekiera.

  • Irailak 17-18: Beldurraren Etxea antolatzeko deialdi irekia (DBH 1etik aurrerakoentzat).

  • Irailak 23, 24 eta 25: Sukaldaritza.

  • Irailak 30: Murala leihoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!