Udaberri Dantza Taldeak Miarritzeko Maitaldia jaialdian dantzatuko du larunbatean

Tolosako dantza taldeak 36. Maitaldian hartuko du parte, eta bordon dantza eskainiko dute bertan. Irailaren 11tik 20ra izango da jaialdia, eta tolosarrek hilaren 12an dantzatuko dute.

Tolosako Udaberri Dantza Taldeak Miarritzen ospatu ohi den Maitaldia jaialdian hartuko du parte. Guztira 150 euskal dantzari inguru bilduko dira jaialdian, eta tolosarrez gain Maritzuli Konpainia, Leinua Dantza Taldea, Duguna Iruñeko Dantzariak eta Irrissariko kabalkadak hartuko dute parte. Elkartzearen amaieran dantzariak, musikariak eta publikoa bilduko dira mutxiko eta jauzien inguruan. Udaberrikoak irailaren 12an, datorren larunbatean, ariko dira bertan, 16:30ean Mazon parkean.

Udaberrik bertan parte hartzeko gonbita ilusioz eta konpromisoz hartu duela esan du, eta nabarmendu du ekitaldian parte hartuko duten beste taldeak erreferenteak direla euskal folklore eta tradiziozko dantzetan, horregatik, ilusio bereziarekin plazaratuko dute Tolosako bordon dantza.

Malandain Ballet Biarritz da jaialdiaren eragile nagusia, eta Thierry Malandain da programazioaren arduradun artistikoa. Udaberritarrek «historikotzat» jo dute erakunde horrekin elkarlanean aritzeko aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!