Asteburu honetatik aurrera, berriro irekita egongo dira Tolosako ikastetxeetako jolastokiak, edozein herritarrek erabiltzeko. Hiru patio egongo dira erabilgarri: Samaniego Herri Eskolan, goiko eraikineko eremua; Laskorain ikastolan, Usabalgo eraikineko jolastokia; eta Herrikide ikastetxean, DBH eta Batxilergoko eraikinaren patioa, San Blas auzoan dagoena.
Urtetako eskaeraren ostean, iazko maiatzean jarri zen neurria martxan, Tolosako Udalak sustatuta.
Udako oporraldiaren ondoren berriro zabalik izango dira asteburu honetatik aurrera, aisialdirako erabiltzeko. Helburu horixe du jolastokiak irekitzeak: aisialdirako leku gehiago jartzea herritarren eskura, eta kirola egiteko azpiegiturak ere erabilgarri jartzea, horrela bizimodu osasuntsuagoa sustatzeko.
Hiru jolastokiak ordutegi berean egongo dira irekita, 10:00etatik 20:00etara. Nolanahi ere, ordutegi horretan ikastetxeak antolatutako jardueraren bat egingo balitz (kirol-partidak, entrenamenduak…), jarduera horrek izango du espazioa erabiltzeko lehentasuna.Zehaztutako ordutegitik kanpo, itxita egongo dira jolastokiak, eta ezin izango da barrura sartu.