ELKARRIZKETA

«Orkestra lehen bezain gertu sentitzen dut orain, kanpotik bada ere»

Josu Artutxa Dorronsoro

Xabier Peña Lorente, Euskadiko Orkestrako perkusio-jotzaile ohia. J.A.D.

19 urte ingururekin hasi zen perkusioa ikasten, eta 28 urterekin lehen urratsak eman zituen Bilboko Orkestra Sinfonikoan Xabier Peña Lorentek. 1992tik iaz arte, berriz, Euskadiko Orkestrako perkusio-jotzaile izan zen.

Hasiera nahiko berantiarra izan bazuen ere, Tolosako perkusio-jotzaileen harrobiak izan duen harribitxietako bat da Xabier Peña Lorente (Tolosa, 1960). Euskadiko Orkestran sartu zenean, oraindik Tolosan bizi bazen ere, dagoeneko urteak daramatza jaioterritik kanpo, Hernani eta Donostia artean. Hiru hamarkada baino gehiago egin ditu entitate entzutetsuan, eta zerbait aipatzekotan, zenbaitetan aitortza falta sentitu izan duela esan du. Ahobizarrik gabe hitz egin du orkestrak azken urteetan bizi izandako arazoez, eta elkarrizketan zehar negar malkoren bat edo beste isuri du, hunkituta.

Nolakoa izan ziren zure haurtzaroa eta nerabezaroa Tolosan?

Nahiko mugituak. Eskolapioetan ikasi nuen. Behin errektorearengana eraman ninduen aitonak, lauzpabost galdera egin zizkidan, gehienak matematiketakoak, eta ondo erantzun nituen. Urtebete helduagoen gelan jarri ninduten, baina abenduan jaioa naizenez, ikaskideen atzetik nindoan beti. Antzinako Ikasketa Planeko azken ikasturtea egin genuen guk, eta sistema aldaketaren ondoren, 13-14 urterekin, ez nintzen gai izan ikasgaiak gainditzeko.

Azkenean, Lekarozera (Nafarroa) joan nintzen, fraideen barnetegi batera. Bertan egin nuen Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea. Ingeniaritza industrialeko karrera egitea nuen buruan, baina banekien 7-8 urte beharko nituela. Azkenean, papergintzako teknikari izatea pentsatu nuen. Ikasketak amaitutakoan, Hernaniko Zikuñaga paper-fabrikan hasi nintzen lanean, asteburuetan eta jaiegunetan; aukera ona zen, soldata txiki bat irabazteko.

Eta noiz hasi zinen musika ikasketekin?

Haurtzaroan izan nuen lehen harremana musikarekin. Bandako zuzendari zen Ruiz Bonaren bizilagunak ginen, eta harekin ikasi nuen solfeoa; pianoa ikasten ere hasi nintzen. Ordea, nahiago nuen lagunekin futbolean jolastu, eta beraz, ez nuen musika ikasketekin jarraitu. Bestalde, nire osaba batek atabala jotzen zuen Tafallako txistulari bandan, eta haien ondoan joaten nintzen ni, bonbo txiki batekin. Horrez gain, gustuko nuen telebistan musika-saioak ikustea; batez ere orkestrei begira egoten nintzen, eta beti, perkusio-jotzaileei begira.

 

«Argi nuen perkusioa ikasi nahi nuela; nire helburua orkestra batean sartzea zen»

Zikuñagan lanean ari nintzen bitartean, astean zehar astia nuenez, perkusioa ikasten hasi nintzen. 19 urte inguru nituen, eta Donato Goienetxe katedradun nafarra Donostiako Easo kaleko goi-mailako udal kontserbatorioan zegoela jakin nuenean, izena eman nuen, Jesus Mari Garmendia tolosarrarekin batera. Argi nuen perkusioa gustuko nuela, eta ikasi nahi nuela; nire helburua orkestra batean sartzea zen.

Zer oroitzapen dituzu garai hartaz?

Asko, eta oso onak; jende ona nuen inguruan. Perkusio talde bat osatu genuen ikasleok, eta kontserbatorioko ikasleen orkestrako kide izan nintzen. Batez ere, jotzen ikasi genuen, partiturak interpretatzen, alegia.

Ondoren, Madrilera joan zinen, ezta?

Donostian ikasten ari nintzen bitartean, eskola partikularrak egin nituen Euskadiko Orkestrako lehen tinbal-jotzailea izan zen Josu Soldevillarekin. Hark irakatsi zidan perkusioan ikasitakoaren zati handiena, eta hark aholkatu zidan Madrilera ikastera joatea, jauzi kualitatibo bat emateko. Maila handiko irakasleak izan nituen, eta nazioarteko orkestra ugari joaten ziren hara kontzertuak egitera; asko gozatu nuen.

1988an, han ikasketak amaitutakoan, jakin nuen Bilboko Orkestra Sinfonikoan perkusio-jotzaile postuetako bat hutsik geratu zela. Etxera itzuli nintzen, eta Soldevillarekin prestatu nituen oposizioak. Azterketa lehenengoan gainditu nuen; zorte handia izan nuen. Esan beharra dago, orduko oposizioek ez dutela zerikusirik gaur egunekoekin. Orain ikaragarri handia da konpetentzia, exijentzia teknikoa eta musikala.

Hernani, Donostia, Madril, Bilbo… Tolosan bizi bazinen ere, ez zinen geldirik egon. Zer esaten zizuten gurasoek?

Asko lagundu eta babestu ninduten hasieratik, eta oso eskertuta nago. Aukera nuen bakoitzean, Donostiako kontserbatoriora joaten nintzen ikastera, eta bestela, etxean nola hala moldatzen nintzen. Tolosako musika eskolara ere joan izan naiz; lehenago, han egin nituen osagarrizko zenbait ikasgai, kontserbatorioan sartzeko.

Zalantza handiak izan nituen Bilboko aukerarekin, baina lana uztea erabaki nuen. Kale edo bale egin behar nuen. Zalantza handiena izan zen ea musikatik bizitza aurrera ateratzeko aukera izango ote nuen. Ez dakit zein puntutaraino izan zen kontzienteki edo inkontzienteki hartutako erabakia, baina sentimenduek bideratutakoa izan zen, eta ondo atera zitzaidan; orain eskerrak emango nizkioke orduko Xabierri. Oso pozik nago lanbide honetan bizi izan dudan guztiagatik.

Zer baliabide eta sakrifizio ekonomiko izan zenituen perkusioa ikastea erabaki zenuenean?

Oso garbi nuen hori zela nahi nuena, eta horretara bideratzen nuen denbora; buru-belarri aritzen nintzen. Kontserbatorioan ez bazen, etxean ikasten nuen. Tuper ontziekin osatzen nuen perkusio-seta, obra gutxi gorabehera gainbegiratzeko, eta gero hobeto ikasteko Donostiara joaten nintzen. Marinba bat ere erosi nuen etxerako.

1992an sartu zinen Euskadiko Orkestra Sinfonikoan. Nolatan?

Zenbait saiakera egin eta gero, perkusioko tutti posturako oposizioak gainditu nituen. Esperientzia gutxi nuen orduan; Bilbokoa izan zen musikari profesional modura egindako lehen lana, baina etapa hura prozesu ezin aproposagoa izan zen. Beste edonork baino ilusio eta gogo handiagoa nuen, nahiz eta orduan oraindik eskarmenturik gabeko musikaria sentitu.

Hasieran, pixkanaka ikastea eta hobetzea zen nire helburua. Urteak pasa ahala, esperientzia handiagoa izan nuen, eta interpretazioa aberasten joan nintzen. Hasieran normala da partituran jartzen duena jotzera eta teknikoki gauzak ondo egitera mugatzea, baina pixkanaka nork bere aletxoa jartzen du. Nik, batez ere, gustuko ditut musikari zerbait gehitzen dioten musikariak.

33 urte egin dituzu orkestran. Erraz esaten da.

Aitortu behar dut lehen egunetik azkeneraino mantendu dudala ilusio bera. Intentsitate eta lan handiko urteak izan dira. Entsegu eta kontzertuez gain, grabaketak eta bidaiak egin ditugu. Besteak beste hilabetero kontzertu bana egiten du orkestrak Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ordu asko igarotzen dituzu taldekideekin, eta ofizio gogorra da, baina ni gustura eta gogotsu joan izan naiz beti lanera.

«Lehen egunetik azkeneraino mantendu dut ilusio bera; gogotsu joan izan naiz lanera»

Nola aldatu da orkestra azken hamarkadetan?

Sortu zenetik etengabe hobetzen ari da; berezkoa du garapen hori. Urtetik urtera exijentzia-maila handiagoa da, eta musikariak geroz eta prestatuago daude. Maila handiko orkestra da, eta ziurtatuta dago hobetzen jarraituko duela. Dagoeneko ez da orkestra gazte bat. Oker ez banago, 44 urte bete ditu. Noski, ez dauka tradizio handia, baina entitate sendoa da. Europako orkestra gehienek bikoiztu egiten dute adinez; beraz, egokia litzake haiei erreparatzea, zertan hobetu jakiteko. Orkestrako kideei exijitu egin behar zaie, baina ondo zaindu behar dira, eta haien lana aitortu behar da.

Ez al da halakorik egiten, ala?

Iaz, urte hasieran, zortzi urtez orkestrako zuzendari artistiko izan zen Robert Treviño kargugabetu zuen Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak. Oriol Roch zuzendari nagusiak ere postua utzi zuen; hamar urte eta erdi eman zituen karguan. Kultura sailburua zen Ibone Bengoetxea eta bere sailan jakitun ziren orkestran arazoak zeudela. Sailburuak aurre egin zion arazoari, konpontzeko helburuarekin, eta sentsibilitatez jokatu zuen; neurri zorrotzak hartu zituen. Kultura sailaren helburua beti izan da ahalik eta orkestra onena izatea. Horregatik, beharrezkoa zen zuzendaritzaren maila hobetzea, kultura-erakunde garrantzitsuenetako batean funtzionatzen ez zuen engranajea zelako.

Kultura sortu eta eskaintzen duen erakundea da orkestra, eta ez da bidezkoa barneko jokabidea kontrakultura izatea. Ulergaitza da orkestraren proiektua lideratuko duen pertsona egoerak eskatutako mailan ez jardutea, eta ez gaitasun musikalean bakarrik, baita pertsonen arteko harremanetan eta heziketan ere. Buruzagi batek erabaki bat hartu behar badu, eta ez badator taldekideren batenarekin, ez dago arazorik, baina argudiatutako erabakia izan behar du. Ezin ditu erabaki arbitrarioak hartu karguan egote hutsagatik. Orkestra bateko zuzendaritzako postuetarako lehiaketa publiko bat egin beharko litzateke, proposamen, ezaugarri, jokabide pertsonal eta gaitasun onenak balioztatzeko.

Azkenik, orkestran egin zen kontu-ikuskaritza psikosozialean oraindik konpondu gabe dauden zenbait arazori buruz hitz egin zen. Gainera, Kultura sailak administrazio kontseiluaren edo orkestrako zuzendaritzaren berregituraketa bat iragarri zuen, eta oraindik ez da gertatu.

Akaso, azken urteak ez dira gozoenak izan, baina egongo dira maitasunez gordetzen dituzun oroitzapenak, ezta?

Bai. Bidaia eta kontzertu asko ditut gogoan: Txilera egindako lehen bidaia, Argentinakoa eta tartean Buenos Airesko Colon antzokian egindako kontzertua, Salzburgoko Großes Festspielhaus areto ederrean egindakoa, Poloniako biran akustika inbidiagarria duen Katowiceko auditorio erraldoi, moderno eta dotorean egindakoa edo Versaillesko jauregian Miarritzeko Malandain Ballet taldearekin egindako saioak. Roch zuzendaritzan sartu zenean orkestrak ez zuen gehiago kolaboratu Malandain Balletekin; oso tristea izan zen, maila oso altuko taldea delako. Sentimentalki, kontzertu bereziena Tolosan 1998ko Kilometroak jaian Benito Lertxundirekin egindakoa izan zen. Urte berean, elkarrekin grabatutako Auhen Sinfonikoa diskoa argitaratu genuen.

Perkusioko tutti postua izan da zurea. Zer da hori?

Denok ulertzeko, soldadutzari erreferentzia eginda, soldadu soila izango litzateke. Gure atalean bada bitxikeria bat: orkestra ia guztietan dago tinbal-jotzaile postua. Aparteko postu bat da; ez du beste instrumenturik jotzen, tinbalak bakarrik. Perkusioan ez dago halakorik duen beste instrumenturik. Horrez gain, perkusioaren atalean, bakarlari bat eta bi tutti egon ohi dira.

Duela hamarkada batzuk, Euskadiko Orkestran tinbal-jotzaile postua eta bi tutti postu zeuden; gerora sortu zen bakarlari postua. Beranduago, sailak itxura hobea izan zezan, tinbal-jotzaile postua bakarlari postua izatera igaro zen eta tutti postuetako bat bakarlari-laguntzaile postu bilakatu zen. Hortaz, une honetan, lau postu daude perkusioan: bi bakarlari, bakarlari-laguntzailea eta tutti postua. Ni, tarteka, bakarlari aritu izan naiz, baina inoiz ez naiz hala aitortua sentitu, eta hori gogorra da niretzat.

Adinagatik, iaz erretiroa hartu zenuen. Nostalgiarik edo inbidiarik sentitzen duzu?

Ez. Uste dut nire aletxoa jarri dudala, eta espero dut arrasto positiboa utzi izana. Oso pozik nago nire ibilbidearekin, eta kontzientzia lasai daukat. Musika maite dut, eta musika bizi dut oraindik. Orkestra lehen bezain gertu sentitzen dut orain, kanpotik bada ere. Kontzertuetara joaten naiz, eta taldearen arrakastarekin gozatzen dut.

Jarraitu nezakeen perkusioa jotzen, oso gustura ari nintzelako, baina, noski, beti iristen da kargua utzi eta musikari gazteei aukera emateko ordua. Belaunaldi berriak prestatuago daude; gaitasun handiagoa dute eta oso langileak dira. Ezinbestekoak dira orkestran, taldea aberasten dutelako eta aurrekoek egindakoa hobetzen dutelako. Gozamen hutsa da gazteekin lan egitea.

Gogorra izan da bizitza erdian zehar zure bizimodua izan dena bat-batean albo batera uztea?

Ez, prozesu naturala izan da. Orain beste zaletasun batzuk ditut, eta bestelako lanak egiten ditut, etxean, senideekin eta lagunekin. Ez daukat nostalgia negatiborik; tarteka, poztasunez oroitzen naiz orkestrako garaiez.

Erremintak, behintzat, ez dituzu bota. Tolosako musika eskolako perkusio gelan makil-sorta ederra utzi duzu dohaintzan.

[Barreak] Eskerrak emateko modu bat izan da. Nik erabilitakoak dira, eskolako ikasleek edo bandako perkusio-jotzaileek aprobetxatu ditzaten, eta harrobia gehiago hazi dadin.

Makil asko, ezta?

Bai. Ez dira erabili izan ditudan guztiak. Beti gustatu izan zait momentu bakoitzean niretzako onena edo egokiena zen soinua topatzeko aukerak edukitzea, eta guk orkestran ditugun askotariko instrumentuetarako beharrezkoa da makil kopuru handia edukitzea. Musikak une bakoitzean eskatzen duenaren araberako soinua topatu behar dugu. Perkusioak horretarako aukera ugari ematen ditu, aberatsa delako. Posible da obra berean instrumentu bera jotzeko makil bat baino gehiago erabiltzea edo obra berean instrumentu beraren bi tresna desberdin jotzea.

Peñak Tolosan dohaintzan utzitako makil-sorta. ATARIA

Jose Carrera tolosarra ordezkatu zenuen orkestran, eta azken hamarkadan Igor Arostegi tolosarra ere aritu da perkusioan; une honetan, bakarlari-laguntzailea da. Esanahi berezia izango du horrek, ezta?

Igor Arostegi eta Xabier Peña, iazko azaroan, Peñak orkestrarekin egin zuen azken kontzertuan. JUANTXO EGAÑA

Perkusioaren harrobia handia da Tolosan; esan daiteke perkusio-jotzaileen Zubieta dela. Ikaragarria da. Pozik eta harro nago familia edo sare horren parte izateagatik. Hori lortzeko, Jesus Mari Garmendiak azken hamarkadetan egindako lana nabarmendu nahiko nuke. Goi mailako irakaslea izan da, Tolosan, Errenterian, eta orain Musikenen. Ikasle ugari prestatu ditu; horietako batzuk profesionalak dira gaur egun: Javier Odriozola, Karlos Alcala, Iñaki Letamendia, Iraide Ansorena, Igor Arostegi, Mikel Zelaia, Aitor Zabala, Manex Gorostegi… Garai batean, aurrera egiten zuten ikasle bakarrak Jesus Marirenak ziren; beraz, sekulako lana egin du.

Aipatzeko beste tolosar batzuk ere badira: Michel Longaron, Rafa Zaragueta, Enrike Rubiños, Karlos Aranzegi… Markel Perez irurarra ere nabarmendu behar da; Kanariar Uharteetako Orkestran du postua, eta sekulako garapena darama. Badira ere gaur egun profesionalak ez diren baina bandetan, txarangetan edo bestelako musika taldeetan jotzen duten perkusio-jotzaile tolosarrak. Tolosan musika arnasten da. Musika banda bat dauka; Donostian, esaterako, ez dago halakorik. Eta hori aipagarria da.

Inauterietako txarangek ere izango dute erruaren parte bat...

Perkusioa talde batean eta kalean jotzeko aukera onena da, egingarriena, behintzat. Horrek ez du esan nahi erraza denik. Musikan ezer ez da erraza; nik, behintzat, ez dut halakorik ezagutzen. Askok uste du orkestran triangelua jotzea erraza dela. Jotzea, akaso, samurra izan daiteke, baina ondo jotzeko asko jakin behar da. Bestela, orkestra bat zuzentzea ere erraza dela pentsatu daiteke.

«Askok uste du triangelua jotzea erraza dela, baina ondo jotzeko asko jakin behar da»

Hitz egin Arostegiri buruz. Nola integratu zen perkusio-jotzaileen artean, eta zer eman dio orkestrari?

Beharrezko gaitasun eta baliabide guztiak ditu, eta beraz, berehala egokitu zen orkestrara, oso erraz. Instrumentista bikaina izateaz gain, musikari aparta eta primerako lankidea eta laguna da. Laguntzeko prest dago beti, eta asko kezkatzen da gauzak behar bezala egiteko. Langilea da, eta bistakoa da bere lanak emaitzak eman dituela; gozamen hutsa izan da harekin lan egitea.

Zabala eta Gorostegi aipatu dituzu lehen. Hain justu, biak heldu ziren zure ordezkoa hautatzeko lehiaketako finalera. Azkenean, Juan Luis Garciak eskuratu du postua.

Nabarmentzeko moduko aurrerapena izaten ari dira biak, eta ziur nago nonbait postu bat lortuko dutela. Gaitasun handia dute, langileak dira eta etengabe hobetuko dute maila. Orkestra bateko musikari izateko gainditu beharreko oposizioak edo azterketak oso zailak dira; lan handia eskatzen dute. Postu bakarrerako musikari on asko aurkezten da. Ez da nahikoa azterketa gainditzea; nota altuena lortu behar duzu. Nahikoa da bakar batek zu baino nota altuagoa ateratzea, postua ez lortzeko. Momentuan asmatu behar da.

Baliteke zu edo Garmendia noizbait haien erreferente izatea. Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?

Ez dut inoiz horretan pentsatu. Soldevilla esango nuke. Garai hartan ez zegoen gaur egun eskura dugun bezainbeste informazio, ezta horren azkar ere. Gainera, nire etxean eta inguruan ez zegoen musikarako tradizio handia. Zentzu horretan, autodidakta samarra izan naiz.

Zer garrantzi dauka musikak zure bizitzan?

Haurtzaroan eta nerabezaroan musikarekin izandako harremana ez zen egonkorra izan. Gerora, nire bizimodua izateaz gain, zaletasuna izan da, eta plazer handia izan da urte hauek guztiak bizi ahal izatea. Musikaren historian garrantzitsuak izan diren obrak jotzeko aukera izan dut. Horiek jotzen ikasi dut. Gainera, zuzendari esanguratsuenetako batzuekin kolaboratu dut, eta areto eta antzoki handienetan jo.

Musika klasikoaz gain, bestelako estiloak entzuten dituzu?

Bai, noski. Jazz, blues, pop, rock… Akaso, reggaetona da salbuespena. [Barreak]

Eta zer garrantzi du gaur egun Euskadiko Orkestrak euskal gizartean?

Uste dut garrantzi handia duela, behintzat, badu publiko orokorraren esker ona. Hala ere, iruditzen zait ofizialki handiagoa izan dezakeela, merezi duelako. Aitortza hori falta da.

Orkestrako musikari izan aurretik, ohitura zenuen kontzertuak ikustera joateko?

Bai. Ohitura handia nuen, eta ikasteko helburuarekin joaten nintzen. Victoria Eugenia Antzokiko galeriara joaten nintzen, sarrera merkeagoa zelako, kontserbatorioko orkestrako taldekide batekin: Xabier Sarasa tronpa-jotzailearekin. Kasualitatez, biok aritu gara gerora Euskadiko Orkestran.

Etxean zein kanpoan, gazteak joaten al dira zuen kontzertuetara?

Euskadiko Orkestra goi mailako orkestra da, eta horren adibide da Europan izaten duen arrakasta. Publikoko musikazaleen batez besteko adina altua da oraindik, baina gazteak ere ikusten dira eserlekuetan. Hala ere, gustatuko litzaidake orkestrak publizitate handiagoa eta erakusleiho gehiago izatea. Illunben egin genuen Ura Bere Bidean kontzertua adibide onena da. Kontzertua ikustera joan zirenetako gutxik izango zuten orkestrak egiten duen lanaren berri, eta hori munduari erakusteko aukera ona izan zen.

Nik musika emanaldi gehiago egingo nituzke, bestelako estiloekin uztartuta, eta gazteak erakartzeko moduko ordutegietan. Estilo klasikotik aldendu eta abanikoa gehiago zabalduko nuke, lehendik egindakoa albo batera utzi gabe, noski. Azken urteotan, arrakasta handiko proiektuak egin dira Fernando Velazquezekin. Nik, esaterako, Oriol Rochi proposatu nion Rozalenekin diskoa grabatzea, haren baiezko eta guzti. «Nongoa da?», erantzun zidan hark. Ez sinestekoa. Diskoa grabatu ondoren, kontzertuak egingo nituzke Euskal Herriko hiriburuetan, Madrilen eta Bartzelonan. Sekulako arrakasta eta oihartzuna izango luke proiektuak.

2018an egin nizun elkarrizketan esan zenidan kultura zainduz gero, gizarteak etorkizuna ziurtatuta edukiko lukeela. Gauza bera pentsatzen duzu orain?

Kultura zaintzea oinarrizko egitekoa da. Badirudi alde horretatik geroz eta garai ilunagoak eta konplexuagoak bizitzen ari garela, baina kulturaren aldeko apustu sendoak egin behar dira, bai ala bai; beste edozein aukera zorigaitza litzateke.

Motzean

 

Obra bat? Daphnis et Chloé balleta, Maurice Ravelena.

Zuzendari bat? Semyon Bychkov edo Riccardo Muti. Bigarrenak ez gaitu inoiz zuzendu.

Orkestrako taldekide bat? Asko. Ezin dut bakarra aukeratu.

Musikagile bat? Dmitri Shostakóvich.

Emanaldi bat? Malandain Ballet Biarritzekin egin genuen Mari Errauskin balleta, Serguéi Prokófievena.

Grabatu duzun disko bat? Benito Lertxundiren Auhen Sinfonikoa edo Jesus Guridiren Hamar Euskal Melodiak.

Kontzertua egin duzun areto bat? Buenos Airesko Colon antzokia edo Katowiceko auditorioa.

Eta bisitatzea gustatuko litzaizukeen bat? Berlingo Berliner Philharmonie edo Vienako Musikverein.

Perkusioko instrumentu bat? Txindatak. Tamaina, soinu eta ezaugarri desberdinetakoak daude, eta ez badirudi ere, joko handia ematen dute. Eskuekin edo askotariko makilekin jo daitezke.

Donostia edo Tolosa? Tolosa.

Kursaala edo Leidor? Ezin dira alderatu; oso desberdinak dira. Tolosar askok ez dakite Leidor zenbaterainoko altxorra den, baina orkestrarako Kursaala aukeratuko nuke.

Kontxako hondartza edo Uzturre? Nahiago dut mendia. Orain Ultzamara joaten naiz askotan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!