Martxan da bolei txapelketa

27 taldek eta 180 kirolarik hartuko dute parte txapelketa herrikoian; larunbatean kanporaketak eta finala jokatuko dira.

Tolobolei elkarteak antolatutako Hondartzako Bolei Txapelketaren 16. edizioa martxan da Plaza Berrian. Atzo hasi zen txapelketa, eta larunbata bitarte, 27 taldek eta 180 kirolarik hartuko dute parte. Ohikoa den bezala, txapelketa mistoa eta herrikoia da, eta parte hartzaile guztiak Tolosaldekoak dira. Helburua ere argia dute antolatzaileek: txapelketak herrikoi izaerari eustea.

Partidak jokatzen ari diren bitartean, talde bakoitzak gutxienez sexu bakoitzeko jokalari bat izan beharko du kantxan, partida osoan zehar. Beste bi jokalarien sexua librea izango da. Aurtengo parte-hartzaileen artean, %65 inguru gizonak dira eta %35 emakumeak.

Bost eguneko txapelketa da aurtengoa. Lehen lau egunetan ligaxka formatuan ariko dira 27 taldeak, hiru multzotan banatuta, bederatzi talde multzo bakoitzean. Multzo bakoitzean elkarren aurka jokatuko dute, eta garaipenak, porrotak eta lortutako tantoak kontuan hartuta osatuko da sailkapen orokorra. Horren arabera, kanporaketak hasiko dira larunbatean. Finala ere egun horretan jokatuko da, 20:30ak inguruan. 

Ondoren, parte hartzaileek afaria egingo dute, eta jai giroan amaitzeko, gauean DJ Bull-ekin Tolosako kaleetan barrena ibiliko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!