1936ko abuztuan, indar frankistek, Tolosa hartu berritan, liburuak erre zituzten Plaza Zaharrean. «Liburuak suntsitzea ez zen izan paper batzuk erretzea; ekintza hark bestelako transzendentzia izan zuen: sinbolikoki, gure herriaren hizkuntza, kultura, hezkuntza eta askatasun intelektuala suntsitzea esan nahi zuen. Euskal Pizkundearen gune nagusietako bat zen Tolosa: idazleak, inprimategiak, kultur sustatzaileak... Euskal kultura suspertzeko ahalegin hori guztia erre nahi izan zuten», adierazi du Tolosako Udalak aste honetan argitaratutako adierazpen instituzionalean.
1936ko abuztuan bezala, liburuak izan ziren atzo goizean udaletxea dagoen plazan, bi orduz. 90 urte beranduago, ordea, ez zituzten erre. Orduan gertatutakoa gogoratu eta salatzeko, udalak, liburutegiarekin elkarlanean, haurrentzako eta helduentzako askotariko irakurgaiak jarri zituen herritarren eskura. Plazara joandakoek, liburu horiek bertan eroso eserita irakurtzeko edo etxera eramateko aukera izan zuten. 1936ko testuinguruan liburuak izan zuten patua irauli zuten. Euskal kultura eta ezagutza zabaltzea eta irudimena aske uztea izan ziren atzoko ekitaldiaren helburuak.
Goiuri Ezeiza kultura zinegotziak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du: «Gertakari triste eta ilun hura salatzeko modua izan da, baina aldi berean, eraso horri buelta eman eta liburuak herritarren esku utzi nahi izan ditugu. Funtsean, euskara, euskal kultura eta garai hartako Euskal Pizkundearen aurka egindako eraso sistematikoa eta denboran luzatu zena gogoan izan nahi genuen, eta debekatu eta erre zituzten liburu asko eta asko ia mende bat geroago herritarrek doan eskuratzeko moduan jarri».
Bestalde, irailaren erdira arte, liburutegiaren sarreran interesgune bat atondu dute, denadelakoagatik debekatuta dauden mundu osoko liburuekin.