2025eko azaroan, Tokioko PUK Puppet Theater jaialdiko zuzendaria Tolosan izan zen, Titirijai jaialdian parte hartu baitzuen. Orduan, Topic museoa Japoniara gonbidatu zuen; abuztuaren 1etik 5era ospatuko zen jaialdian Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren ondarearen zati bat erakustea nahi zuen.
Gonbidapena onartu ondoren, Ainara Martin Topic-eko zuzendaria Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariarekin harremanetan jarri zen, erakundeari lankidetzan aritzea eta babesa eskatzeko. Lankidetza horretatik proiektu bat sortu zen: mundu mailan ospe handiena duen euskal istorioa biziaraztea, maleta baten barruan eta txotxongiloak erabilita. Horrela, Topic-eko txotxongilo ondarearen lagin bat Tokiora eramateko proposamena sortu zen, Bernardo Atxaga idazle asteasuarraren Obabakoak lanaren –40 hizkuntza baino gehiagotara itzulitakoa— literatura unibertsoa abiapuntu hartuta.
Topic maletatan sartuta garraiatzea zen helburua. Hori dela eta, eskuko ekipaje gisa eraman daitezkeen bi maletatan eraman zuten materiala Martinek eta Amaia Iriondo Topic-eko programazio arduradunak. Batean eszenografia eraman zuten; bestean, berriz, zentroaren funtseko txotxongiloen aukeraketa bat. Nagusiki Europako txotxongiloak eraman zituzten, helburua zelako Europako txotxongilo-tradizioa erakustea eta haren balioa nabarmentzea. Euskal Herriko, Kataluniako, Frantziako, Txekiar Errepublikako eta Italiako piezak eraman zituzten Tokiora, hainbat teknika ordezkatzen dituztenak: hari bidezkoak, hatz-txotxongiloak, aho-txotxongiloak eta itzal-txotxongiloak.
Jaialdian zehar, bi maletak instalazio artistiko iraunkor bihurtu dira, eta programazioko hainbat unetan hartu dute bizia, jaialdiaren egoitzan bertan ireki ondoren. Horretarako propio egokitutako Obabakoak obrako bost kapituluren emanaldi laburtuek osatu dute kontakizuna, eta literaturak eta txotxongilo ondareak bat egin dute txotxongiloen bitartez; espazio berezi bat prestatu zuten istorioa kontatzeko. Jaialdian zehar emanaldi-sorta bat egin ondoren, azken egunean, bost kapituluak osorik aurkeztu zituzten.
Beste une batzuetan, muntaketak arte-instalazio interaktibo gisa funtzionatu du espazio iraunkor baten barruan. Iriondo arduratu da kapitulu bakoitza aurkezteaz; Martin, berriz, kontakizunaz arduratu da. Proposamen honekin euskara eta japoniera uztartu dituzte, baina egokitzapenak testurik gabe ere sortu zituzten, istorioak ulertu ahal izateko moduan.