Tolosa CF klubak ekainaren 26an egindako batzarrean presidente berria hautatu zuen: Francisco Valor. Gerora, klubeko atletismo sailak, zuzendaritza berria osatu zuen. Klubeko zuzendaritza batzordeko kide diren Xabier Aranburuk eta Eguzki Rocak, Loreto Lopez de Murillasek, Patxi Tolosak eta Jesus Olazabalek osatzen dute atletismo saileko zuzendaritza berria. Adierazi dutenez, kolaboratzaile talde handi baten laguntza izango dute.
1923ko ekainaren 24an amaitu zuten Berazubi estadioaren eraikuntza. Estatuko lehen estadioa izan zen. Bada, atletismo saileko zuzendaritzak esan du «dagokion lekura itzultzeko ardura handia» duela, eta horretarako, «herriaren eguneroko bizitzan» egon behar duela. «Gure lehentasunen artean dago atletismoko probak Berazubira itzultzea, eta zale tolosarrez betetzea», gaineratu du zuzendaritzak.
Horrez gain, helburu gehiago dituzte. Batetik, eskolako oinarrizko atletismoa. Tolosaldeko atletismo eskolak eta Eskola Olinpiadak berpiztu eta babestu nahi dituzte, eta atletismo herrikoi eta masterrarekin lankidetzan aritu nahi dute. Bestetik, giza-baliabidez eta baliabide materialez hornitu nahi dute atala, atletek beren progresio pertsonala eta kirol-progresioa klubaren barruan egiteko, kanpoko beste alternatibarik bilatu gabe, eta bere garaian hala egin zuten guztiak berreskuratu nahi dituzte.