Ander Gorostidik Huescan jokatuko du

Ander Gorostidi tolosarra, Javier Sanz kirol zuzendaria eta Luismi Redondo beste fitxaketa bat, atzo egin zuten jokalarien aurkezpenean. Argazkia: VERONICA LACASA

Lehenengo RFEF Mailako talde aragoitarrak atzo egin zuen futbolari tolosarraren aurkezpena; bi urterako fitxatu dute.

Ander Gorostidi Garcia futbol jokalari tolosarrak Aragoiko Huesca futbol taldean jokatuko du datozen bi denboraldietan. Lehenengo RFEF Mailako taldeak dagoeneko aurkeztu du fitxaketa berrietako bat.

Gaur egun Huescako kirol zuzendaria den Javier Sanz madrildarra Gorostidirekin batera egon zen Nasticen, eta tolosarrak aitortu du hori izan dela Aragoiko taldera batzeko arrazoi nagusietako bat. «Nire bertsio onena atera zuen bi urtez, eta egia esan, deitu ninduenean, ez nuen zalantzarik izan. Oso argi nuen hemen jokatu nahi nuela», esan du aurkezpenean.

Gorostidik erdilari postuan jokatzen du, eta aurten Raul Jardiel izango du entrenatzaile. «Nik beti esaten dut hobe dela geroz eta jokalari gehiago egotea. Lehia sanoa eta ona da, eta Oscar Sielvarekin, Jimmy Suarezekin eta Jaime Seoanerekin postua partekatzeak futbolari hobea izaten lagunduko nau. Azkenean, hori ona da taldearentzat».

Maiatzean, mailaz jaitsi zen Huesca, eta aurtengo denboraldian Bigarren Mailara itzultzea izango da helburu nagusia. Gorostidik adierazi du jokalari orok gustuko duela zama bere gain hartzea, baina argi du helburu handiak pixkana landu behar direla. «Hemen ilusioa, gogoa eta laguntasuna dira nagusi; hori nabari dut iritsi naizenetik. Familia bat izatea da gakoa», nabarmendu du. Tolosarrak gaineratu du eguneroko jarduna «oso ona» izaten ari dela. «Denek lanerako eta laguntzeko jarrera dugu; dena emateko prest gaude».

200 partidatik gora

Esperientzia handiko jokalaria da Gorostidi. Dagoeneko 200 partida baino gehiago jokatu ditu, Bigarren Mailan eta Lehenengo RFEF Mailan jokatu dituenak batuta. Realeko harrobian hezi zen, eta 88 partida jokatu zituen bigarren taldearekin. 11 gol sartu zituen eta kapitainetako bat izan zen. Hala, Bigarren Mailako Alcorcon taldeak fitxatu zuen; bi denboralditan ia 50 partida jokatu zituen. Ondoren, hiru denboraldi egin zituen Tarragonako Nastic taldean, eta azken urtean Ferrolgo Racingen jokatu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!