Mariona Masgrauren ibilbidea omentzeko erakusketa Topic-en

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 6a

Tolosako Txotxongiloen Museoko maskotari izena ematen dion sortzaile kataluniarraren pieza berriak batu dira museoko bildumara, eta Anbigu aretoan daude ikusgai irailaren 20ra arte.

Beste behin ere, Mariona Masgrau sortzaile eta txotxongilolariaren ibilbidea omenduko du Topic-ek. 2007an zendu zen Tolosako Txotxongiloen Museoko maskotari izena ematen dion artista kataluniarra, eta berriki, haren ekoizpen esanguratsuenetako biren –Magdalena eta El despertar de les passions– eszenografiako piezak batu berri dira Tolosako Txotxongiloen Museoko pieza eta funts propioen bildumara. Horrek aukera eman dio museoari txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren garapenean funtsezko zeregina izan duen artistaren lana aitortzeko, eta aldi berean, balio artistiko eta ondare-balio handia duen ondare baten kontserbazioa, dokumentazioa eta hedapena bermatzeko. Erakusketa batean ikusgai jarri dituzte piezak, Anbigu aretoan, eta irailaren 20ra arte egongo da zabalik.

Erakusketako piezak kronologikoki antolatu dituzte, artistaren antzerki-ekoizpenen arabera. Horretarako, Malic abenturazalea —Masgrauren sormen-unibertsoko pertsonaia ikonikoenetako bat— hartu dute hari-gidari gisa. «Ibilbide horri esker, bisitariek artista kataluniarraren lengoaia bisual eta teatralaren bilakaera ulertuko dute, sormen-prozesuek denboran zehar izan zituzten aldaketak ezagutu eta txotxongiloen antzerki garaikidea biziberritzen erabakigarria izan den ibilbide artistiko baten koherentzia balioetsi». Horrela, erakusketak ondarearen ikuspegitik aurkezten du Masgrauren lana. «Gordetako piezak sortu ziren testuinguruarekin lotzen ditu eta txotxongilo-artearen historian balio itzela duen ondare artistikoaren ikuspegi osoa eskaintzen du».

Topic-eko kideek adierazi dute Masgrau «erreferentziazko artista» dela txotxongiloen antzerki garaikidean. «Eszenografoa, txotxongilo-egilea eta artista sortzailea izanik, hamarkadak eman zituen ibilbide bat eraikitzen; ibilbide hori esplorazio artistikoak eta txotxongiloen lengoaia bisualean egindako berrikuntzak definitu dute. Haren lana bereizten dute materialekiko sentikortasun apartak, pertsonaiak eta eszenografiak sortzerakoan erakutsitako artisautza zorrotzak eta objektuak adierazkortasun dramatiko zein poetikoz betetako elementu bihurtzeko gaitasun bereziak. Bere sorkuntzen bidez, txotxongiloen antzerkiaren mugak zabaltzen lagundu du; horretarako, kontakizun bisualeko modu berriak txertatu ditu eta diziplina hori berezko balioa duen arte-diziplina gisa finkatu du», azaldu dute.

Erakusketak helburu du eskuratutako piezak artistaren ibilbide sortzailearen testuinguruan kokatzea; horretarako, haren eszenografien materia, mugimendua eta dramaturgia bisuala uztartzen dituzten unibertsoak sortzen saiatu dira. «Gure bilduma eta funtsetara gehitutako elementuak erakusteaz haratago, publikoari lan horien atzean dauden sormen-prozesuak ezagutaraztea da nahia, baita antzerki-ondarea —txotxongilo-arteen historiaren funtsezko zatia den aldetik— zaintzearen garrantzia azpimarratzea ere», gaineratu dute.

Tolosako museoko kideek nabarmendu dutenez, sortzailearen lanak «arrasto sakona» utzi du artisten, konpainien eta antzerki bisualeko profesionalen belaunaldietan. «Arte bisualak, dramaturgia eta eszenografia uztartzeko haren gaitasunak aberastu egin du txotxongilo-antzerki garaikidearen lengoaia; horren bidez, arte-forma horren adierazpen-potentzial itzela erakutsi du, eta kulturaren esparruan duen prestigioa eta ikusgarritasuna handitzen lagundu du».

Bilduma handitzen

Erakusketa honen bidez, Topic-ek adierazi nahi du bere bilduma zaindu eta handitzeko nahiz txotxongilo-antzerkiaren mugak zabaltzen lagundu duten sortzaileak aintzat hartzeko konpromisoa duela. «Ibilbide baten aitortza da erakusketa, esker-keinu bat. Ibilbide hori kontserbatutako kultur ondarearen parte da jada, eta ezinbestekoa da azken hamarkadetako txotxongilo-arteen bilakaera ulertzeko».

Topic-ek Masgrauri buruz egindako ikerketa- eta hedapen-lanarekin jarraitzen du. 2012an, esaterako, erakusketa bat jarri zuten hark ondarean emandako zenbait piezekin. Orain, museoak bildumara pieza berriak gehitu izana baliatu nahi izan du, artistaren ondareari buruzko ikuspegi berri bat eskaintzeko.

Noemi Belangerren erakusketa

Une honetan, beste erakusketa bat ere bisitatu daiteke Topic-en, hain zuzen, apirilean zabaldu zuten Noemi Belanger artista eta txotxongilolari quebectarraren Gauzen arima erakusketa. Hau ere irailaren 20ra arte egongo da zabalik. Gizakian, haren hauskortasunean eta iheskortasunean oinarritzen da erakusketa. Bost eszenen bidez, hainbat tamainatako giza eta animalia-pertsonaiak ezagutu daitezke; horietako batzuk gizakien tamainakoak dira. 

Erakusketa osatzeko hainbat materialekin lan egin du Belangerrek, bereziki, artilearekin. Bere sormen-prozesu osoan zehar, artista bere txotxongiloak pertsonifikatzen saiatu da, materiari bizia eman nahian. Bere pertsonaiek bisitariaren begiradan iltzatzen dute beren begirada, elkarrizketa bati ekiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!