Amaitu da Tolosa CF 58. Pala Txapelketa

Ostiralean jokatu zituzten finalak Berazubi estadioko frontoian. Gizonezkoen lehen mailan, Eskudero-Loidi bikotea izan da txapelduna; gizonezkoen bigarren mailan, Gereñu-Belauntzaran bikoteak irabazi du; eta emakumezkoetan, Lopezek eta Aldasorok jantzi dituzte txapelak.

Joan den ostiralean, Santiago bezperan, amaitu zen Tolosa CF 58. Pala Txapelketa. Aurten 33 bikotek parte hartu dute, hiru mailatan banatuta, eta Berazubi estadioko frontoian jokatu dituzte partidak. Ostiralean, hiru final izan ziren: gizonezkoen lehen mailakoa eta bigarren mailakoa, eta emakumezkoena.

Lehen finala gizonezkoen bigarren mailakoa izan zen. Gereñu-Belauntzaran bikoteak 30-24 irabazi zion Alberdi-Aranberri bikoteari. Ondoren, emakumezkoen finalean, Lopez-Aldasoro bikoteak lortu zuen garaipena Karrera-Murua bikoteari irabazita; markagailu estua izan zen amaieran: 30-28. Azkenik, gizonezkoen lehen mailako finala ere markagailu berarekin amaitu zen. Kasu honetan, Eskuderok eta Loidik irabazi zieten Jon Ander eta Odei Arregi anaiei: 30-28.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!