Maitane Azpiroz artista iruindarrak sortu zuen Zuhamu, ingurune naturalarekin zuzeneko elkarrizketa irudikatzeko. Ikuskizuna egiten duen leku bakoitzean, arretaz hautatutako zuhaitz esanguratsu batean irudikatzen da obra. Zuhaitza ez da eszenografiaren parte hutsa izaten, ikuskizunaren ardatz fisiko eta sinbolikoa baizik.
Obrak dantza, zirkua, zuzeneko musika eta naturako elementuak uztartzen ditu, eta atzo Tolosako Zabalarreta parkean egin zuen, Kultura Plazara programaren barruan. Jendetza elkartu zen emanaldiaz gozatzeko. Ikusleek antolakuntzak jarritako aulki guztiak bete zituzten saioa hasterako, eta zenbaitek zutik jarraitu behar izan zuten emanaldia.
1545ean, euskaraz idatzitako lehen liburuan, Bernart Etxeparek zuhamu hitza erabili zuen zuhaitza izendatzeko. Gaur egun termino arkaikoa da, ia desagertua.