Inork ezin du Iztueta garaitu

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 27a

Jokatu dituen azken bederatzi partidak –ekainean hiru eta uztailean sei–, irabazi ditu tolosarrak, azkena, larunbatean, Caixabank Mastersa Txapelketako bigarren jardunaldikoa.

Esaten da pilotaria galtza zuriak jantzita sentitzen dela pilotari. Azken urteotan pilotari sentitzeari utzi behar izan dio zenbaitek, besteak beste emaitzak esperotakoak ez izateagatik. Ahalik eta partida gehien jokatzeaz gain, garaipenak bata bestearen atzetik pilatzea izaten da pilotari ororen helburua, baina bolada on bati eustea ez da lan erraza izaten. Martxel Iztuetaren kasuan, ordea, aise egin daitekeela dirudi.

Oraingoz, behintzat, Lasorekin batera, udako pilotari onena izaten ari da tolosarra. Baiko Pilota enpresako bi pilotariek ekainean eta uztailean jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte. Iztuetak bederatzi jokatu ditu; Lasok, berriz, hamaika, tartean, Lau Eta Erdiko San Fermin Torneokoak. Uztailaren 18an jokatu zuten azkenekoz elkarrekin, eta justu-justu lortu zuten garaipena: 22-21 irabazi zieten Artolari eta Mariezkurrena II.ari Bermeon, V. Bermeo Hiria Inpesca Txapelketako finalerdian.

Caixabank Mastersa

Iztuetak joan den larunbatean irabazi zuen azken partida, Caixabank Mastersa Txapelketako A Serieko bigarren jardunaldikoa, Ermuan (Bizkaia). Zabala bikotekide zuela, erraz irabazi zieten Ezkurdiari eta Albisuri: 22-9. Datorren asteburuan jokatuko dute hirugarren jardunaldiko partida, hain justu, igandean Lizarran. Oraingoz jokatu dituzten bi partidak galdu dituzten Larrazabal eta Zabaleta izango dituzte aurkari. 

Txapelketa jokatzen ari diren eskualdeko beste bi pilotariek –Altuna III.a eta Artola– elkarren aurka jokatu zuten Elizondon. Amezketarrak eta Imazek bigarren partida jarraian galdu dute. 22-17 irabazi zieten alegiarrak eta Rezustak. Ondorioz, Altunak eta Imazek oso zail dute finalerdietara sailkatzea; bi partidak galdu ez ezik, tanto gutxi egin dituzte. Hirugarren jardunaldian Elordi-Mariezkurrena II bikotea izango dute aurkari, ostiralean, Oiartzunen. Artolak eta Rezustak, berriz, bi partida irabazi ondoren, atseden hartuko dute jardunaldi honetan.

B Seriea

Bestalde, Caixabank Mastersa Txapelketako B Serieko bikoteek bi jardunaldi jokatu dituzte asteburuan. Eskualdeko hiru pilotari ari dira parte hartzen. Peña II.ak eta Lozak 22-14 irabazi zieten ostiralean Salaberriari eta Morgaetxeberriari. Larunbatean, ordea, 13-22 galdu zuten Murua-Eskiroz bikotearen aurka. Jakak eta Eskuzak ere ostiralekoa irabazi eta larunbatekoa galdu zuten. Zubizarreta IV-Bikuña bikotearen aurka lortu zuten garaipena: 22-15. Aldiz, Amiano eta Gabirondoren aurka 22-21 galdu zuten. Atzelari gazteluarrak eta Amianok atseden hartu zuten bigarren jardunaldian, eta, beraz, larunbatean bakarrik jokatu zuten.

Ostiralean hasiko da datorren jardunaldia, Oiartzunen. Egun horretan, Amianok eta Gabirondok Oiartzunen jokatuko dute, Peio Etxeberriaren eta Landaren aurka. Jakak eta Eskuzak igandean jokatuko dute Lizarran, Salaberria eta Morgaetxeberriaren aurka. Azkenik, Peña II.ak eta Lozak ere Lizarran jokatuko dute, baina abuztuaren 4an, Zubizarreta IV-Bikuña bikotearen aurka. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!