Dantza bertikala, Zabalarretako zuhaitz artean

Kultura Plazara udako kultur ekitaldien programaren barruan, dantza, zirkua eta zuzeneko musika uztartzen dituen 'Zuhamu' ikuskizuna egingo du Maitane Azpirozek 19:30ean Tolosako parkean.

1545ean, euskaraz idatzitako lehen liburuan, Bernart Etxeparek zuhamu hitza erabili zuen zuhaitza izendatzeko. Gaur egun termino arkaikoa da, ia desagertua. Bada, ordea, zirkua eta dantza bertikala uztartzen dituen ikuskizun bat, Zuhamu izenekoa, eta gaur, 19:30ean, Zabalarretan egingo dute, Kultura Plazara programaren barruan.

Maitane Azpiroz artista iruindarrak sortu zuen Zuhamu, ingurune naturalarekin zuzeneko elkarrizketa irudikatzeko. Ikuskizuna egiten duen leku bakoitzean, arretaz hautatutako zuhaitz esanguratsu batean irudikatzen da obra. Zuhaitza ez da eszenografiaren parte hutsa izaten, ikuskizunaren ardatz fisiko eta sinbolikoa baizik. Obrak gorputzaren mugimendua, zuzeneko musika eta naturako elementuak nahiz haien mugimendu eta erritmoak uztartzen ditu.

Azpirozen esplorazio poetiko honek, uraren eta zuhaitzen arteko interkonexio esentziala du hizpide. «Gure planetako bizitzarako harreman hori hil ala bizikoa bada ere, gutxitan eman zaio merezi duen ikusgarritasuna», adierazi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!