Tolosan egiten den kirol lehiaketa historikoenetako bat da Tolosa CF Pala Txapelketa –lehen, Berazubiko Pala Txapelketa izenez ezaguna–. Bada, aurten 58. aldiz egiten ari dira, eta aste honetan jokatu dituzte aurtengo edizioko finalerdiak. Hiru mailatan banatuta parte hartzen ari dira bikoteak: gizonezkoen lehen eta bigarren mailak eta emakumezkoak. 33 bikotek eman zuten izena, eta horietatik seik jokatuko dituzte finalak.
Gizonezkoen lehen mailan sei bikotek jokatu zuten ligaxka, eta horietatik lau sailkatu ziren finalerdietara. Astelehenean, Arregi's bikoteak 30-11 irabazi zion Etxeberria-Urruzmendi bikoteari. Atzo, berriz, Eskuderok eta Loidik osatutako bikoteak 30-20 hartu zituzten mendean Luixa's bikotea.
Gizonezkoen bigarren mailan 23 bikotek parte hartu dute, eta atzo finalerdiak jokatu zituzten lau bikotek. Lehen finalerdian, Alberdi-Aranberri bikoak 30-27 irabazi zion Loidi-Etxeberria bikoteari; bigarrenean, berriz, Gereñuk eta Belauntzak osatutako bikoteak 30-12 menderatu zuen Esoain-Lizaso bikotea.
Emakumezkoetan lau bikotek parte hartu dute aurtengo edizioan, eta ligaxka jokatu ondoren, Karrera-Murua bikoa zuzenean sailkatu zen finalera. Bigarren eta hirugarren postuan geratu ziren Lopez-Aldasoro eta Luluaga-Balerdi bikoek finalerdia jokatu zuten astelehenean, eta Lopezek eta Aldasorok lortu zuten garaipena. Partia estua eta lehiatua izan zen, eta 30-26 izan zen azken emaitza.
Bihar izango dira finalak Berazubin; 18:00etan hasiko da lehena, eta hiru partida izango dira:
- Gizonezkoen bigarren maila: Alberdi-Aranberri vs. Gereñu-Belauntza
- Emakumezkoak: Karrera-Murua vs. Lopez-Aldasoro
- Gizonezkoen lehen maila: Arregi's vs. Eskudero-Loidi