Distantzia luzeko zenbait trenetan aldaketak Tolosan

Uztaileko, abuztuko eta iraileko hainbat egunetan lanak egingo dituzte, eta ondorioz, tren zerbitzuak berak jarritako autobusa hartu beharko da.

Gipuzkoako trenbideetan zenbait mozketa izango dira datozen asteetan, egitekoak diren lanen eraginez. Ondorioz, tren ibilbide batzuek aldaketak izango dituztela iragarri du Renfek. Tolosa zeharkatzen duen tarteari dagokionez, distantzia luzeko tren ibilbideei soilik eragingo diete lanek.

Kasu horietan, trenaren ordez, tren zerbitzuak berak jarritako autobusa hartu beharko dute bidaiariek Tolosako geltokian. Autobusa Geltoki plazara sartuko da, eta beraz, garrantzitsua izango da plaza horretan ohiko aparkaleku eremua errespetatzea eta zehaztutako eremutik kanpo ibilgailurik ez uztea.

Uztailaren 24tik 27ra arte, abuztuaren 14tik 20ra arte, eta abuztuaren 28tik irailaren 3ra arte, Irun eta Gasteiz arteko distantzia luzeko tren batzuen ibilbidea errepidez egingo da. Uztailaren 24tik irailaren 7ra arte, Irun-Tolosa eta Iruñea-Donostia ibilbidea egiten duten zenbait zerbitzuk izango dituzte aldaketak. Alvia 530, 533, 4086, 4087, 4167, 4176 eta Intercity 4056, 4157, 4166, 4257 trenei eragingo diete lanek, garai ezberdinetan.

Distantzia luzeko ibilbideei buruzko informazio zehatza jasotzeko eta ordutegian egon daitezkeen egokitzapenak begiratzeko Renfe.com eta tren zerbitzuak arreta emateko dituen kanaletara jotzea gomendatzen da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!